Miserikordia Zaharreko bainuak, atsedenlekua eta baserriaren egitura irisgarri jarriko ditu Udalak

Tolosako Udala
2018/07/26 | Ingurumena
  • Putzuetatik hasita bidexka bat egiten ari da Udala beherago dagoen beste putzu eta iturburu batera auzolandegian; aldi berean, Miserikordia Zaharreko atsedenlekua berreskuratu eta San Ignazio baserriaren egitura azaleratzea da helburu ere.
  • Uztailaren 30a bitarte luzatuko da auzolandegiko taldearen egonaldia Tolosan: Estatuko 7 erkidegotatik gerturatutako 18 eta 24 urte arteko 16 gazte ari dira parte hartzen.
  • Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia: “irailean eremua inauguratzea da gure asmoa. Ondare ikusgarri bezain aberats hau ezagutara eman nahi dugu, era jasangarrian, eta tolosarrek bere sentitu eta disfrutatzea”.
  • Argazki galeria amaieran.

Miserikordia Zaharra zeneko lurretan Tolosako Udala hainbat eraberritze lan burutzen ari da bertako ondare naturala eta historikoa berreskuratu eta balioan jartzeko helburuz. Ibilbidea txukundu eta seinaleztatu zen 2016an eta iaz, auzolandegian Miserikordiako bainuak leheneratu. Aurten, 16 gazteko auzolandegi baten bitartez, putzuetatik hasita bidexka bat egiten ari da Udala beherago dagoen beste putzu eta iturburu batera. Amarozko Mendi Taldeko Inaki Alonsok aurkituak izan ziren azken hauek. Bestalde, Miserikordia zaharreko atsedenlekua berreskuratu eta San Ignazio baserriaren egitura azaleratzea da helburu ere.

Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, gune osoa berreskuratu nahi da: “irailean eremua inauguratzea da gure asmoa. Geroz eta jende gehiago bertaratzen ari da, eta lehenengoz ere bisita gidatuak egin dira. Ondare ikusgarri bezain aberats hau ezagutara eman nahi dugu, era jasangarrian, eta tolosarrek bere sentitu eta disfrutatzea. Herrigunetik pausu batera dugu istorioz betetako gune natural hau, eta berau irisgarri ari gara bihurtzen orain”.

Hamabost egunez, uztailaren 16tik 30era zehazki, 18 eta 24 urte arteko 16 gazte Tolosan daude egonaldian zeregin hori tarteko. Guztira 7 erkidegotatik gerturatu dira: Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon, Valentzia, Katalunia, Extremadura eta Aragoi.

Egunero goizez 4 ordu egiten ari dira lan Miserikordiako atsedenlekuan, eta arratsaldetan jarduera ezberdinak: esku pilota saioa, dantza, Topic museora bisita, mitologiari buruzko gaubela, pistina... eta aldi berean, Euskal Herriko txoko ezberdinak ere bisitatuko dituzte: Bilbon paddle surf ikastaroa eta Guggenheim museora bisita; Zumaian itsazontzian Flish-ak ikustera; edota Donostiara irteera. Zuloaga Txiki aterpetxean daude.

Aurrekariak

Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Naturtzaindiarekin batera, bere jabetzakoa den 24,4 hektareako Uzturreko lur sail batean berreskuratze proiektu bat garatzen ari da. Berreskuratze proiektu hau, integrala da ingurunearen ezaugarri desberdinak; naturalak, historikoak eta kulturalak balioan jartzen dituelako.

2013. urtean proiektu honen 1. faseari ekin zitzaion bertan zeuden pinuak atera eta zuhaitz autoktonoak landatuz. 2014an landaketa lanak bukatu ziren.

2015 eta 2016. urtean zehar “baso naturala” lortzen laguntzeko aktuazioak egin ziren eta egindako lanak eta eremu honen aberastasuna jakitera emateko ibilbide didaktikoa egokitu.

Iaz, 2017an, egindako auzolandegian, Miserikordia Zaharreko bainuak berreskuratu ziren.

Aipatu ere, 2010. urtean, eremu berdinean, beste auzolandegi batean Telegrafo dorrea berreskuratzeko lanak egin zirela.

Auzolandegia

Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzeko asmotan.

Argazki galeria hemen