- Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa antolatu dute eskualdeko udalek.
- Bizibira, bigarren eskuko bizikleten azoka, mekanika eta bide-heziketa tailerrak, eta antzerki eta zine emanaldia izango dira, Tolosan, besteak beste.
Trantsizio energetikoaren eta klimatikoaren inguruan herritarren artean kontzientzia piztu eta mobilizatzeko helburua duen Asteklima, Klima eta Energiaren Astea, ospatzen da, irailaren 16tik 22ra, Europa osoan. Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin, Tolosaldeko udal ugarik, tartean Tolosakoak, bat egin dute aste honekin, jarduera ugari antolatuz.
Aurten ere mugikortasun jasangarria izango da Asteklimako ardatz nagusia eta, horri lotuta, baita bide-heziketa ere. Hain zuzen, bide publikoan, oinezkoen, bizikleten eta gainerako motordun ibilgailuen arteko elkarbizitza egokian sakondu nahi du udalak.
Kontzientziazio kanpaina, arauak errespetatzeko
Zentzu horretan, Asteklimako ekitaldiekin bat eginez, ibilgailuen arteko elkarbizitzari buruz kontzientzia pizteko kanpaina abiatu du udalak. Udaltzaingoak praktika okerrak identifikatu dituen lekuetan seinaleak jarri dira, oinezkoentzako bideak direla gogorarazteko.
Badira bestelako puntu zaurgarriagoak ere bai, espazioaren ezaugarriengatik elkarbizitza egitera behartzen dutenak, hala nola, Larramendiko zubia, Trianguloa, Tolosa CF plaza edo Iurre auzoaren eta Iurreamendi pasealekuaren arteko zatia. Kasu horietarako nola jokatu jakiteko gomendien zerrenda osatu eta sozializatuko ditu udalak.
«Mugikortasunaren ordenantza berria egitea aurreikusia daukagu, baina bitarte horretan, oinezko, bizikleta, patinete eta gainerako ibilgailuen arteko elkarbizitzari heldu nahi diogu, guztien artean kontzientzia pizteko, eta araudia errespetatzeko», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak.
Asteklima 2023: Tolosan egingo diren gainerako jarduerak
Bizibira
Azken urteotan egin den moduan, Ibarrako eta Tolosako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira egingo da, ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatu asmoz. Intujai antzerki taldeak dinamizatuta, Ibarrako plazatik abiatuko da karabana, 16:45ean, eta Tolosa zeharkatu ondoren, Zumardiandian festa batekin amaituko da ekitaldia, 18:30ean.
Bigarren eskuko azoka
Hurrengo egunean, hilaren 23an, bigarren eskuko bizikleta eta materialen salerosketa azoka egingo da Alondegia plazan, 10:00etatik 13:00etara, Zumardia elkarteak sustatuta. Materiala aurrez utzi ahal izango da, Gurpilgunean (Zumardiandia), irailaren 21 eta 22an, 17:00tatik 19:00tara. Egunean bertan 09:00etatik aurrera eman ahal izango da materiala Alondegira.
Mekanika tailerra
Bizikleten mantenu egokia egiten ikasteko mekanika tailerra izango da, Trianguloan, irailaren 26an, Gurpilguneko boluntarioen eskutik. 17:30etik 19:30era izango da.
Zinezikleta
Madrildik Madagaskarrera, Afrikako 14 herrialde bizikletaz zeharkatu dituen bikote batek bi urteko bere esperientzia kontatuko du (gazteleraz). Pedalei eragiten dien zinema ekipo bat garraiatuz joan ziren, kultura eta entretenimendua herri horietara hurbiltzeko helburuarekin. Irailaren 27an izango da saioa, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxeko areto nagusian.
Antzerkia: ‘Eraldaketarako kontuak’
Itziar Saenz de Ojer-en eskutik, Klima aldaketaren eta energiaren inguruan kontzientziazioa pizteko antzezlana izango da, haur liburutegian, irailaren 29an, 17:30ean. Aurrez izena eman beharko da, liburutegian bertan.
Bide-heziketa lantzeko tailerrak
Tolosako Udaltzaingoak LH5 eta LH6ko ikasleei zuzendutako tailerrak eskainiko ditu, iraileko azken eta urriko lehen asteetan, herriko ikastetxe guztietan. Herrian zehar ibilbide bat egiten dute, jokabide egoki eta okerrak gogoraraziz. Modu horretara, segurtasuna eta elkarbizitza egokia sustatu nahi dira herriko kaleetan.
Hemen ikusgai eskualdeko gainerako herrietan antolatu diren ekintzak.