Nabarmen jaitsi da Tolosako energia kontsumoa azken hiru urteetan Udalak hartutako neurriei esker

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/18 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Azken urteotan energia aurrezteko egindako lanketari esker, herriko kale argiterian zein udal eraikinen energia kontsumoa 2019an 2.207.955 kWh izatetik, 2021ean 2.022.063 kWh eta 2022an 1.163.579 kWh izatera pasa da, hau da, kontsumoa guztira %9 jaitsi da udal eraikinetan eta %13 argiteria publikoan.
  • Horrez gain, Tolosako argiteria publikoaren %90 LED teknologiako argiak dira dagoeneko, hau da, kontsumo bajukoak eta datorren urtera begira kopuru hori 100% izatea aurreikusi du Udalak.

 

Tolosako Udalak apustu irmoa egiten du jasangarritasunaren alde, baita energiaren arloan ere. Bide horretan, energia eraginkortasuna eta energia kontsumoa murrizteko urrats garrantzitsuak eman ditu azken urteotan, hala nola, eguzki plaken instalazioa Ferialekuan, elektromugikortasuna udalaren flotan, Hiribus elektrikoa, hainbat energia auditoretza, LED teknologiadun argien instalazioa…

Lanketa hori bere fruituak ematen ari da eta egindako pauso eta urrats guztiei esker, Tolosako Udalak azken hiru urteetan %9an murriztu du udal eraikinen kontsumoa eta %13an herriko argiteria publikoarena. Zehazki 2019an 2.207.955 kWh kontsumitzetik, 2021 urtean 2.022.063 kWh kontsumitzera pasa da, eta 2022an, orain arte, 1.163.579 kWh-ra murriztu da. Murrizketa hauek ere eragina izan dute energiaren gastuan; 2019an 374.294€koa izan zen eta 2022an, aldiz, 240.014€koa. Kasu honetan gastua murriztu den arren, kontsumoaren eta gastuaren arteko jaitsiera ez da berdina izan, egungo egoera dela eta, argindarraren prezioa nabarmen igo delako aurreko urteekin alderatuta.

“Erakunde publiko gisa, Udalaren ardura da energia kontsumoarekiko eta gastuarekiko arduratsu jokatzea Tolosa jasangarriago bat eraikitzeko. Eta hori da, hain zuzen, gure apustu eta konpromisoa. Azken lau urteotan egindako lanek eraman gaituzte gaur egungo emaitza horiek lortzera eta bide berdinari helduta jarraituko dugu lanean herriari zein herritarrei etorkizun jasangarriago bat eskaintzeko”, adierazi du alkateak, Olatz Peonek.

LED argiteria herri osora zabaldu eta eraikin publiko jasangarriagoak egiteko bidean

Energia kontsumoa aurrezteko egindako beste lanetako bat izan da herriko argiteria LED teknologiadunera pasatzea, hau da, herriko kaleak argiztatzeko kontsumo baxuko argiak jartzea. Une honetan, Tolosako kale argiteriaren ia %90 LED teknologiaduna da eta datorren urteari begira, zifra hori 100% izatea aurreikusi da.

Bide horretan, datorren urtean telegestio sistema ezarri nahi da, luminarien argiztapena kontrolatu eta monitorizatzeko, mantentze lanak errazteko eta gaueko ordu txikietan gehiegizko argiztapena saihesteko.

Bestalde, udal eraikinetan LED teknologia jartzeko lanak ere abian daude: 2022an udaletxeko argien aldaketari ekingo zaie eta datorren urtera begira eraikin publiko gehienetan egingo da esku-hartzea.

Eraginkortasunaren alde inbertituz

Trantsizio energetikoa lan ardatz gisa hartuta, udal gobernuak aurkeztutako 2023rako aurrekontu proposamenean 469.000€ko inbertsioa dago aurreikusita energia eraginkortasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko. Esaterako, eguzki plaka berriak jarriko dira ferialekuan, eta baita Emeterio Arrese eraikinean. Horrez gain, Pablo Gorosabel eraikinean plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera ere aztertuko da.

Gaur gaurkoz, 2022an Uzturpeko pilotalekuan eguzki plakak ezartzeko lanketan murgilduta dago Udala, Samaniegoko ikastetxeetan energia berriztagarria izateko, etorkizunera begira Lanbide Eskolan zein Orixen ere erabili ahal izatea aurreikusten dena. Bestetik, aparkaleku publikoetan kotxe elektrikoentzako karga puntuak jartzeko azterketa ere esku artean du Udalak dagoeneko. Gainera, orain arte hiru udal eraikinetan erabili da Ferialekuan dagoeneko instalatuta dauden autokontsumorako plaka fotoboltaikoetan sortutako energia eta 11.203,53 euroko aurrezkia eragin du honek. Helburua da datozen hilabeteetan energia hori udaletxera, musika eskolara eta haur eskolara ere bideratzea, autokontsumo maila eta energia errentagarritasuna handitzeko.

Horrez gain, aipagarria da, jasangarritasunaren aldeko bidean, Udalak argindarrari lotuta dituen kontratuen 100%ak ziurtagiri berriztagarria dutela, eta, horrenbestez, ez dutela C02 isurpenik eragiten.

Eguberri jasangarriak

Mundu mailako egungo egoeraren eraginez argindarraren kostuak izandako gorakadagatik eta iraunkortasuna sustatzeko asmoz, Tolosako Udalak Eguberrietako argiteria pizteko ordutegia murrizteko erabakia hartu du.

Hori horrela, abenduaren 2tik urtarrilaren 8ra jarriko dira Eguberrietako kaleko argiak, baina aurreko urteetan 23:00ak arte piztuta egoten baziren ere, aurten 22:00etan itzaliko dira. Hau da, kaleko gainerako argiekin batera piztuko dira, baina lehenago itzaliko dira. Egun esanguratsuetan ere, abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 6, kaleko argiak 22:00etan itzaliko dira, nahiz eta orain arte gau osoan zehar piztuta egoten ziren.

Horrez gain, kale argiztapena Tolosa guztira zabaltzeko asmoz eta kostua arintzeko helburuarekin, aurten San Frantzisko kalean argiak hiru zuhaitzetatik behin jarri ordez, lau zuhaitzetik behin jarriko dira. Ondorioz, soberan geratzen diren argiak Larramendiko parkean jarriko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA