-
Zenbait egunetan behin-behineko biribilgunea jarri eta semaforoak itzaliko dira Larramendi-Ibaiondo bidegurutzean bertako trafiko fluxuak arintzeko eta inguruko segurtasuna hobetzeko. Probaren emaitzak erabakigarriak izango dira inguruan zein neurri zehatz hartu erabakitzeko.
-
Olatz Peon Ormazabal: "Mugikortasun Plan berriak epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen ditu eta etorkizuneko Tolosa marrazten du; beraz, zenbait legealditan garatuko da; edukia aztertu eta lehentasunak ezarri ditugu, planean jasotako ekimenak gure Legegintzaldiko Planean aurreikusitako proiektu estrategikoekin lerrokatuz.
Gea21 taldeak herritarren parte hartzearekin gauzatutako TOLOSA BADABIL Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana udalean aurkeztu zenetik, gobernu-taldea planean jasotako edukia sakonki aztertzen aritu da lehentasunak ezartzeko eta, batez ere, dokumentuan jasotako ekintzak 2019-2023 Legegintzaldirako Kudeaketa Planarekin lerrokatzeko.
Azterketa lan horren ondoren, gobernu-taldeak legegintzaldi honetarako hainbat neurri eta proiektu lehenetsi ditu eta Mugikortasunaren Astea baliatu du plana herritarrei aurkezteko, jarduera-ildo nagusiak ezagutzera emateko eta neurri berriak ezartzen hasteko.
Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu duenez, "anbizio handiko plana da, estrategikoa guretzat, etorkizunean Tolosa udalerri atseginagoa, seguruagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdeagoa izan dadin ekintza ugari jasotzen dituena; horregatik epe labur, ertain eta luzera begirako proiektuak aurreikusten ditu”.
"Trantsizio energetikoa eta hiri-mugikortasun jasangarria funtsezkoak dira klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta gure Legealdirako Planaren ardatz estrategikoak dira. Hori dela eta, Mugikortasun Plan berrian jasotako ekintzak Legealdirako Planean jasotako proiektuekin lerrokatu ditugu, hainbat egitasmo jada aurreikusiak baikenituen" gaineratu du alkateak.
Proiektu eta neurri guztiek oinezkoei lehentasuna emango diete, herriko joan etorrietan oinezko zein txirrinduen mugikortasuna errazteko eta motordun trafikoari espazioa irabazteko; emisioak gutxitu eta kutsadura murrizteko helburuarekin.
Hirigintza-proiektu garrantzitsuak eta ekintza txikiak mugikortasun eredu berriak sustatzeko
Tolosako Udalak urteak daramatza hirigintza lanetan oinezkoei lehentasuna ematen. Ildo horretatik, oinezkoentzat espazioak berreskuratzen jarraitzeko eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko, baina baita ere, harreman sozialak eta oinezko joan etorriak bultzatzeko, gobernu taldeak ondorengo hirigintza proiektu eta neurriak lehenetsi ditu legealdi honetarako:
-
Zumardi Txiki: espazio hau herritarrentzat berreskuratuko da oinezkoentzako pasealeku eta gune berde bihurtuz. Egungo bidegorria zabaldu egingo da.
-
Hiribus elektrikoa eta kargarako-puntuak: Zerbitzua autobus elektriko bidez eskainiko da emisioak gutxitzeko eta karga elektrikorako puntuak jarriko dira herritarren artean ere auto elektrikoen erabilera sustatzeko.
-
Laskorain kalearen eta Gernikako Arbolaren berritzea: oinezkoek leku gehiago izango dute; espaloiak zabaldu egingo dira eta espaloi zein errepidea maila berean jarriko dira irisgarritasuna hobetzeko.
Laskorain kalea elkarbizitzarako gune izendatuko da eta S28 kartelak jarriko dira. Eremu honetan oinezkoek lehentasun osoa izango dute eta autoek abiadura murriztu beharko dute.
-
Oinezkoei lehentasuna Paper kalean eta Oria kalean: Paper kalea berrituko da oinezkoek leku gehiago izan dezaten eta bidegorriak lekualdatuko dira. Oria kalean espaloietako bat zabalduko da, aparkaleku lerro bat kenduta.
-
Oinezkoentzako zubia Larramendi-Belaten: Larramendi eta Belarte artean oinezkoentzako pasabide berria eraikiko da udalerriko oinezko ibilbide ardatzak hobetzeko.
-
Gorriti plazan aurrerapausoak: Oiarbideko eraikina eraitsitakoan espazioa egokituko da, eta sarbidea eta aparkalekua mugatuko dira, oinezkoentzat kalitate handiagoko espazioa izan dadin.
Hirigintza-proiektu handietatik harago, mugikortasun-eredu jasangarriago eta inklusiboago baterantz pauso sendoak ematen joateko neurri txikiago batzuk ere aurreikusi ditu udal gobernu taldeak, besteak beste:
-
Bidegurutzeetan biribilguneak eta oinezkoentzako pasabide gehiago ezartzea, fluxuak hobetu eta oinezkoen ibilbideak hobetzeko.
-
30 km/h-ko muga ezartzea, oro har, erdigune osoan eta elkarbizitzarako gunea sortzea S28 kartelekin seinaleztatuta.
-
Argiztapena hobetzea azpiko pasabideetan eta Usabalgo oinezkoentzako zubian.
-
Seinaleztapena hobetzea eta oinezkoentzako ibilbide-sarea indartzea.
-
Txirrinduentzako aparkaleku gehiago jartzea.
-
Mugikortasunaren Mahaia sortzea eta Mugikortasunaren Ordenantza berria egitea.
-
Kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta formakuntza-kanpainak, haur eta gazteen, zein herritarren artean mugikortasun-ohitura osasungarriak sustatzeko; emakumeen artean bizikletaren erabilera indartzeko; autoaren erabilera partekatua sustatzeko edo bizikidetza hobetzeko, elkar-errespetuan oinarritutako kanpainen bitartez.
Olatz Peonek azaldu duenez, erdigunera motordun sarbidea mugatzea edo Rondilla-San Frantzisko- Nafarroa etorbidea ardatzak erabat oinezko egitea ere aurreikusten du planak. "Epe luzerako ikuspegia du planak, etorkizuneko Tolosa marrazten du, eta hortaz, hainbat legealditan garatuko da; aldaketak pixkanaka egin behar dira; eta, gainera, jasotako proiektu askok inbertsio handiak behar dituzte; horregatik, urtez urte plan berri honetan jasotako neurriak eta proiektuak gauzatzen joango gara", adierazi du.
Behin behineko biribilgunea Larramendin trafiko-fluxuak arintzeko
Oinezko zein txirrinduen mugikortasuna sustatu eta hobetzeko helburuarekin, dagoeneko udalak planean jasotako ekintza batzuk gauzatu ditu. Zehazki, udalerriko hainbat bidegorri berritu eta asfaltatu dira, eta herritarren eskura dauden oinezko eta mendiko ibilbideak biltzen dituen esku-orria argitaratu da.
Orain, Mugikortasunaren Astearen harira, proba modura, irailaren 21 eta 22an, Larramendi-Ibaiondo arteko bidegurutzea biribilgune bihurtuko da.
"Ekintza hau planean jasotako eskaeretako bat da; eremu hau arriskutsutzat jotzen baita, izan ere pertsona askok gaizki gurutzatzen dute distantziak murrizteko, eta gainera, bidegorriaren ondoko espaloietako bat estua denez, batzuetan, txirrindulari eta oinezkoen artean tirabirak sortzen dira” azaldu du Patxi Amantegik, ingurumen zinegotziak. Horregatik, behin-behineko biribilgune honen helburua inguruko segurtasuna hobetzea eta fluxuak arintzea da.
"Ikerketek diote semaforoak kendu eta biribilguneak jartzeak gatazkak murriztu eta fluxuak arintzen dituela; proba honen emaitzak erabakigarriak izango dira ingurune honetan zein neurri hartu erabakitzeko", azpimarratu du Amantegik.
Mugikortasun Asteko egitaraua
Proba hau martxan jartzeaz gain, Tolosan mugikortasun iraunkorra sustatzeko egitaraua prestatu da.
Urtero bezala, irailaren 23, 24 eta 25ean, udaltzainek bide-heziketa eskolak emango dizkiete LH6ko ikasleei. Saio praktikoen bitartez bizikletaz ibiltzean bete beharreko arauak eta jokaera zuzenak landuko dira. Gazteentzat erreferentea den kirolari tolosarrak, Irene Caminos trial rider-ak, parte hartuko du saioetan.
Egungo testuinguruagatik ezinezkoa da bizi-bira egitea; beraz, LH5eko eskola ezberdinetako gazteekin 11 pase labur egingo dira 10- 15 minutukoak irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunean. Alondegiko plazan egingo dira, San Frantzisko elizatik abiatuta anbulatoriora, eta talde bakoitzak bere tutorearekin parte hartuko du zehaztutako orduan.
Halaber, autoen, oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetzeko eta elkarrekiko errespetua sustatzeko, Irene Caminosek parte hartuko duen sentsibilizazio-bideo bat sortu eta zabalduko da, tolosarrak kontzientziatzeko.
Azkenik, Tolosaldea Garatzenekin batera, mugikortasunari buruzko argazki lehiaketa antolatu da eta erakusketa ibiltari bat eskainiko da kalean.