- Organikoaren kalitatean 6 puntuko hobekuntza eman da azken bi hilabeteetan.
- Udalak kanpainarekin jarraituko du datozen asteetan. Etxe atarietan organikoa ondo sailkatzeko argibide ezberdinekin kartela jarriko da eta, poltsa konpostagarrien erabileran sakontzeko aktuazio ugari gauzatuko dira.
- 'Tolosa %100 organikoa'-ren lehen zatian Tolosako 50 edukiontzi gune bisitatu dituzte kale-hezitzaileek eta 600 herritar ingururekin egin dira esku-hartzeak. Tolosarrek edukiontzien kokapena berrikusi eta edukiontzi guztiak batera egotea proposatu dute beren ekarpenetan, baita poltsa konpostagarrien erresistentzia hobetzea ere.
- 206 establezimendu bisitatu dira ere: organikoa % 87,1 -ak sailkatzen du. Udalak emandako poltsak %50,8ak erabiltzen ditu eta %18,2-k plastikozko poltsak erabiltzen ditu organikoa biltzeko. %12ak ez du organikoa sailkatzen.
Organikoaren edukiontzi gehienetan inpropioak topatu dira, gehienbat ondo sailkatutako organikoa plastikozko poltsetan botatzeagatik, Udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarrien ordez. Hala ondorioztatu da Udalak sustatutako 'Tolosa %100 organikoa' kanpainaren bitartez. Hilabeteko epean Tolosako edukiontzi gune gehienak bisitatu dituzte kanpainako kale-hezitzaileek, 600 herritar ingururekin egon dira eta 206 saltokirekin elkartu dira.
Helburua hondakin organikoen gaikako bilketa hobetzea izan da, Udalak, organikoen edukiontzietan egiten den sailkapena hobetzeko marjina ikusi baitu. Kanpaina honekin gaur egungo egoeraren diagnostiko bat egin da, herritarrei informazioa ematearekin batera. Bi kolektibori zuzenduta egon da: herritarrei eta hondakin organikoak sortzen dituzten saltoki, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduei.
Herriko edukiontzien gune gehienetan kaleko saioa egin da bi kale hezitzaileren laguntzaz. Bertan, enara bat jarri da eta organikoen edukiontzi barrutik gaizki sailkatutako hondakinak atera dira. Modu honetan herritarrek ikusi ahal izan dituzte zeintzuk diren organikoen edukiontzietan topatzen diren inpropioak. Testuinguru horretan eman zaie organikoen sailkapenari buruzko informazioa eta zalantzak argitzeko aukera ere izan da. Gainera, kale hezitzaileem egunerokoa @tolosaorganikoa sare sozialetan zabaldu dute, lekuko edukiontzien eta auzokoen egoeraren berri emanaz.
Tolosako edukiontzi gune gehienak bisitatu dira, guztira 50etik gora, eta organikoaren edukiontziari dagokionez gehienetan inpropioak topatu dira. Arazo ohikoena ondo bildutako organikoa plastikozko poltsan sartuta egotea da. Hala ere bestelako inpropioak ere topatu dira: beirazko poteak, hondakin nahasiak, kartoizko kutxak, etab. Mantentze aldetik, nahiz eta gehienak ondo dauden, topatu dira gainezka dauden edukiontziak, pedalak apurtuta, kokapen arazoak edota tapa trabatua dutenak. 600 herritar ingururekin egin dira esku-hartzeak eta edukiontzien kokapena berrikusi eta edukiontzi guztiak batera egotea proposatu dute beren ekarpenetan, baita poltsa konpostagarrien erresistentzia hobetzea ere. Kale hezitzaileek saio hauetan jasotako proposamenak eta guneen egoera mapa honetan islatu dira.
Kanpainaren kaleko saioak egin diren bitartean inguruko establezimenduak (egoitzak, osasun zentroak, tabernak, jatetxeak, saltokiak, ikastetxeak..) bisitatu dira ere. Guztira 206 establezimendu. Bisitetan aprobetxatu da organikoaren bilketa sistemari buruzko informazioa emateko, zailtasunak eta eskakizunak jasotzeko eta orokorrean hondakinen, eta zehazki hondakin organikoei, buruzko zalantzak argitzeko.
Bisita bakoitzean galdetegi bat egin da. Galdetegiaren bitartez, establezimendu bakoitzetik hondakinen bilketaren inguruko informazioa eskuratu nahi izan da: organikoen sailkapena egiten duten, gainontzeko frakzioak sailkatzen dituzten, zein arazorekin topatzen diren hondakinak sailkatzerakoan, etab.
Komertzio gehienek (%85,6) bilketa sistema ezagutzen dute (edukiontziak eta poltsa konpostagarriak doan); %13,6-k ez zekien udalak poltsak ematen dituela eta %0,8-k ez zekien organikoa gaika biltzen zenik. Organikoa % 87,1 -ak sailkatzen du. Udalak emandako poltsak %50,8ak erabiltzen ditu eta %18,2-k plastikozko poltsak erabiltzen ditu organikoa biltzeko. %12ak ez du organikoa sailkatzen. Arrazoien artean: zakarrontzi ezberdinak jartzeko toki falta, poltsak hartzera joateko denbora falta, poltsa konpostagarrien erresistentzia edota sortzen duten organiko kopuru urria. Establezimenduek sortzen duten organiko kopurua (egunean): %68,5-k oso organiko gutxi (egunean 50L baino gutxiago); %18.1-k: nahiko organiko (bi poltsa inguru); eta %13,4-k hiru poltsa baino gehiago.
Sortzaile handientzako bilketa zerbitzu berezi baten beharraz galdetuta, %72,7ak egungo sistemarekin ondo konpontzen dela adierazi du (poltsa konpostagarriak eta edukiontziak); %20,3ak asko eskertuko luke puntuz puntuko bilketa bat; beste batzuek data berezietan (Inauterietan, Gabonetan, etab.) bakarrik beharko lukete. Egun arrandegien hondakinak soilik jasotzen dira atez ate.
Poltsa konpostagarriak hautsi egiten zirelako askok erabiltzeari utzi zioten eta plastikozkoak erabiltzen zituzten zuzenean. Horren aurrean Udalak erresistenteagoak diren poltsa konpostagarriak ekarri ditu eta sortzaile handiei 120L-ko gogorragoak eman dizkie. Edukiontzien diseinuari dagokionez: eskaerak egon dira organikoa, beirarenean bezala bolketea eginez hustutzeko modukoa izatea. Aztertzen ari da Udala sistema hau.
Udalak oso positiboki baloratu du kanpaina, sentsibilizazioa ardatz izateaz gainera, datuetan eragina izan baitu: organikoaren kalitatean 6 puntuko hobekuntza eman da azken bi hilabeteetan.
Kale eskuartzetik haratago
Udalak 'Tolosa %100 organikoa' kanpainarekin jarraituko du datozen asteetan. Etxe atarietan organikoa ondo sailkatzeko argibide ezberdinekin kartela jarriko da. Orain arte detektatu diren akats ohikoenak azalduko dira: fardelak, produktu iraungituak bere bildukiarekin eta plastikozko poltsak.
Bestalde, Udalak sakondu nahi du ere poltsa konpostagarrien erabileran. Oso garrantzitsua da poltsa hauen erabilera, izan ere, plastikozko poltsetan botaz gero organikoa, poltsaren barruko materia guztiak, ondo bereizita egonda ere, ez baitu balio, eta edukiontzia kutsatzen du. Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean, identifikatu dira Udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarriak jasotzen ez dituzten etxebizitzak. Horietara gutun bana bidaliko da, poltsa konpostagarriak erabiltzeko gonbita eginez. Tolosako Udalak 60.000 € inbertitzen ditu urtero poltsa konpostagarriak erosi eta herritarren eskura jartzen. 24 orduz zezen-plazan eta Kultur Etxean ezarrita dauden makinetan eskura daitezke.