Tolosak Mugikortasunaren astea ospatuko du irailaren 22tik 27ra

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/09/20 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Kotxerik Gabeko Eguna, bide-heziketa saioak, MUGI ekimena eta Bizibira egitasmoa antolatu dira mugikortasun astearen baitan

  • Klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea ezinbestekoak dira Udalarentzat, hori dela eta Mugikortasun Plana garatzen ari dira bereziki oinezkoei protagonismo handiagoa emateko eta garraio publiko eta mugikortasun eredu alternatiboak sustatzeko

 

Irailaren 22an Europa mailan Kotxerik Gabeko Eguna ospatzen da motordun trafikoak Klima Aldaketan duen eraginaz herritarrak ohartarazteko. Aurtengo mugikortasun astearen gai nagusia da: Oinez eta Bizikletaz segurtasunez ibiltzea eta gai honen bitartez, Europar Batasunak azpimarratu nahi du mugitzeko bi forma hauek gure osasunerako, ingurumenerako eta gure ekonomiarako onuragarriak direla.

Aurtengoan ere Tolosak bat egin du eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitea sustatzea helburu duen sentsibilizazio astearekin.


Ingurumen zinegotziak, Patxi Amantegik, adierazi duenez “Tolosako udalak urteak daramatza mugikortasun jasangarria sustatzen eta energia eraginkortasunaren aldeko urratsak egiten, klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzea ezinbestekoa delako”. Lan ardatz horren baitan kokatua dago Mugikortasun Plana, “plana garatzen ari gara eta datozen urteetan bertan jasotako ekintza zehatzak gauzatuko ditugu.” Mugikortasun Planak helburu du oinezkoei protagonismo handiagoa ematea, oinezkoen joan-etorriak areagotzeko, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera indartzea, mugikortasun eredu alternatiboak sustatzea (patinak, patineteak, bizikleta elektrikoak), ibilgailu pribatuen erabilera eraginkorragoa sustatzea eta bereziki ibilgailu elektrikoak bultzatzea kutsadura murriztea lortzeko.

“Gaur egun herri barruko joan etorri gehienak oinez egiten dira -%80- hori dela eta, espazio publiko/urbano irisgarri eta egokiak bermatzea lehentasunezkoa izango da guretzat”. “Bizikleta herritarren %4,6ak erabiltzen du eta gehienak, gainera, gizonezkoak dira, beraz, kopuru hori handitu eta emakumezkoen artean bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu”. “Autoaren erabilerari dagokionean, herritarren %28ak erabiltzen du kotxea lanera joateko, haurren %10a autoz joaten da eskolara eta famili bakoitzeko auto kopurua handia da oraindik, zifra horiek murriztu nahi ditugu, posible den neurrian, joan -etorriak oinez edo bizikletaz egin daitezen sustatuz edota garraio publikoaren erabilera bultzatuz, Hiribusaren kasuan erabilera areagotu nahi dugu, herritarren %3ak erabiltzen duelako, eta horretarako maiztasuna hobetzeko aukerak aztertu eta ibilbidea berraztertuko dugu”. Modu horretara, hiri mugikortasun iraunkor, inklusibo, seguru eta berdinzaleago baten alde egin nahi da.

Eta ohitura horiek txikitatik sustatzea ezinbestekoa denez, mugikortasun astearen baitan bide-heziketa saioak ere antolatu dira.

 

Bide heziketa saioak:

Tolosako udaltzainek bide-heziketa landuko dute herriko gaztetxoekin ikastetxeetan, irailaren 23, 24 eta 25ean. Tolosako 6. mailako ikasleekin arituko dira 2 udaltzain eta ordu bete saio praktikoa egingo dute herrian zehar ibilbidea bizikletaz eginez. Ibilbide honetan jokabide egokiak zein diren argitu eta gogoraraziko zaizkie: taldean nola joan, zebra bideetan nola jokatu eta abar.

Halaber, irailaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, “Dont be Dummy” bide hezkuntza programa aurkeztuko da Leidor Aretoan. Bi saio egingo dira eta bertan Tolosako 4 zentroek parte hartuko dute. Programa honek helburu du trafiko istripuak ekiditea eta helburu horrekin ekitaldian zehar hiru lagunek testigantza pertsonalak kontatuko dituzte, gazteak sentsibilizatzeko helburuarekin.

 

Mugi gipuzkoa ekimena

Irailaren 26an, ostegunean, Triangulo plazan 10:00etatik 13:00etara eta 17:00-19:00etara Mugi Gipuzkoa ekimena gauzatuko da. Egitasmo honek helburu du garraio publikoaren onurak gizarteratu eta MUGI txartela sustatzea. Horretarako egun horretan informazio emateaz gain txartela egiteko aukera izango da.

 

Ibarra eta Tolosa arteko Bizibira

Beste urte batez, Intujai antzerki taldeak lagunduta, bizikleta bira egingo da irailaren 27an. 16:30etan Ibarrako plazan hasi eta ikastetxeak zeharkatuz bizikleta bueltari amaiera emango zaio arratsaldeko 17:30ean Zurmardi Handian festa batekin.

Aurten gainera, mugikortasunaren alde egin duten ikasleak sarituko dira. Hortaz, eskoletara joan-etorriak oinez, bizikletaz, garraio publikoz edo kotxea partekatuz egin dituztenen ahalegina balioan jarri nahi da eta aipamen berezia egingo zaie guztiei ikasleen artean mugikortasun jasangarriaren aldeko eredua sustatzeagatik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA