Tolosako ikastetxeek “Eskola Agenda 21: klima aldaketa” ikasturteko lanaren emaitzak aurkeztu dituzte Udal Foroan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/05/23 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa

Badira 16 urte Eskola Agenda 21 abian jarri zenetik Tolosan, 2003. urtean ekin zitzaion proiektuari, eta ordutik, Tolosako Ingurumen Zentroak (TIZ) koordinatzen duen egitasmo honen bitartez, garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea lortu da. Hezkuntza-programa honek, ikuspegi lokala garatzeko eta hezkuntza-komunitateak hiri-bizimoduan parte hartzea laguntzeko aukera eskaintzen du.

Hori oinarri, aurten 6 ikastetxe izan dira buru-belarri lanean aritu direnak: Samaniego, Orixe, Lanbide Eskola, Laskorain, Herrikide eta Inmakulada ikastetxea. Horien artean maila eta adin desberdinetako ikasleak batzen dituzte, haur hezkuntzatik hasita batxiler eta lanbide heziketa arte. Guztira 4.500 ikaslek hartu dute parte.

Urtero, ingurumenarekin erlazionaturiko gai bat aukeratzen da: mugikortasuna, ura energia, ekitate gabezia, hondakinak, elikadura, ura edo biodibertsitatea izan dira besteak beste proiektu honen barruan landu izan diren gaiak; aurten klima aldaketa izan dute hizpide. Irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, Udaleko arlo ezberdinetako teknikarien, gurasoen eta herritarren inplikazioa eta laguntza jaso dute ikasleek urteko lanketan.

Gaira hurbiltzeko eta lantzeko jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek. Lehenik eta behin, beraien ikastetxearen egoera aztertu dute bertatik ateratako ondorioak abiapuntutzat hartuz, ikastetxeetako ekintza-planak definitzeko. Ondoren, hiriaren egoera aztertzeko asmoz kale-ikerketa ezberdinak egin dituzte.

Amaitzeko eta lana laburbiltzeko, ikastetxeen arteko batzarra egin zen Musika Eskolan, ikastetxeek klima aldaketari dagokionez hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako proposamenak adosteko.

Proposamen hauek aurkezteko, Eskolako Agenda 21aren Udal Foroa burutu da, ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak Udal ordezkariekin batu eta Tolosa jasangarriago bat lortzeko eman daitezken pausuak eta har daitezken neurriak adosteko. Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkatea, Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia eta Iñigo Muñoz Ingurumen teknikaria izan dira bertan.

Ikasleek Udalari egindako proposamenak mugikortasun alorrekoak izan dira gehienbat: bidegorrien lurzoruaren egoera hobetzeko eskatu dute eta zati batzuetan hauen arteko lotura falta azpimarratu dute, Trianguloan esaterako. Bizikletentzako aparkalekuen gaia ere atera dute, aparkaleku gehiago eskatuz eta bizikleta elektrikoentzat egokitutako aparkalekuak ezartzea ere proposatuz, beste hainbaten artean.

Patxi Amantegik adierazi duenez, Mugikortasun Plan berri bat martxan jartzekoa da aurten eta gai guzti horiek landuko dira bertan. Plan hau egiteko herritarren parte hartzea beharrezkoa izango dela eta, haur eta gazteen ahotsa ere kontuan hartuko da: “zuek eginako proposamenak jasota geratzen dira mugikortasun plan berrirako, eta hala ere, harremanetan jarraituko dugu mugikortasun jasangarriaren bidean zuen iritzia kontuan hartzeko.

Hurrengo ikasturteko gaia ere aurreratu dute: lurzorua.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA