Tolosako landa auzoetan oinezkoen ibilbide berriak diseinatzen ari da Udala auzotar eta herritarrekin batera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/05 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Dagoeneko azterketaren oinarria landu da: gaur egungo ibilbide homologatuen identifikazioa eta analisia, eta 'tolosatzen' bileran herritarren ekarpen eta proposamenak jaso dira. Orain auzotarrekin burutuko dira parte-hartze saioak, landa-auzo bakoitzeko saio bat.
  • Azterketa honen emaitzak otsailean hasiko dira argia ikusten, Ingurumen Departamentuak ikasturtea amaitu baino lehen, auzoko, gutxienez 2 ibilbide abian jartzeko konpromisoa hartu baitu. Martxan jartzeak ibilbidea prestatu, atondu, seinaleztatu, behar ezberdinak estali eta mantenu lanak burutzea dakar.
  • Udalak helburu du egungo ibilbideak behar berrietara egokitu eta auzo bakoitzeko ibilbide berriak sortzea, bertako ondare natural, artistiko eta historikoa balioan jarri eta ezagutzera emateko, auzoen aktibitate ekonomikoa sustatzearekin bat. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak nabarmendu du Legealdiko Plangintza Estrategikoan barneratua dutela “landa eremua hirigunera gerturatzeko ekimenak sustatzea, tartean bide sare egokia osatuz, eta aldi berean landa eremua erosoa eta bizia izan dadin bertako bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak sustatzea. Horri erantzun zuzena ari gara ematen ekimen honekin ere”.

Tolosako Udala landa auzoetan oinezkoen ibilbide berriak diseinatzeko azterketan murgilduta dago. Jada azterketaren oinarria landu du, gaur egungo ibilbide homologatuen identifikazioa eta analisia burutu da, eta 'tolosatzen' elkarrekin garatzeko proiektuen bileran herritarren ekarpen eta proposamenak jaso dira. Aztertu da seinaleztapenaren egoera, ibilbidearen eta inguruaren egoera, bertako ezagutza maila, bilakaera turistikoa edota bidearen interesguneak. Orain auzotarrekin burutuko dira parte-hartze saioak, auzo bakoitzeko saio bat. Azterketak 15.000 euroko aurrekontua du eta BiziBiziki enpresa ari da garatzen.

Udalak helburu du egungo ibilbideak behar berrietara egokitu eta auzo bakoitzeko ibilbide berriak sortzea, bertako ondare natural, artistiko eta historikoa balioan jarri eta ezagutzera emateko, auzoen aktibitate ekonomikoa sustatzearekin bat. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak nabarmendu du Legealdiko Plangintza Estrategikoan barneratua dutela “landa eremua hiri-guneari gerturatzeko ekimenak sustatzea, tartean bide sare egokia osatuz, eta aldi berean landa eremua erosoa eta bizia izan dadin bertako bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak sustatzea. Horri erantzun zuzena ari gara ematen ekimen honekin ere”. Azaldu duenez, auzo bakoitzean dauden nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenak identifikatu eta bisitariei beraien produktuak saltzeko aukerak zein diren aztertuko dia azterketan honetan.

Hori guztia jomuga, azterketa honen emaitzak otsailean hasiko dira argia ikusten, Ingurumen Departamentuak ikasturtea amaitu baino lehen, auzoko, gutxienez 2 ibilbide abian jartzeko konpromisoa hartu baitu. Martxan jartzeak ibilbidea prestatu, atondu, seinaleztatu, behar ezberdinak estali eta mantenu lanak burutzea dakar.

Gaur egun Tolosako udalerrian 3 ibilbide motz (PR) homologatu daude, Aldaban, Urkizun eta Bedaion. Ibilbideok ez dituzte eremuak eskaintzen dituen balio natural eta historikoak balioan jartzen. Bestalde, bide hauek beste eragozpen batzuk ere azaltzen dituzte: kasu batzuetan, beren trazatua bide pribatuetatik igarotzen da edo landaretzak itxita daude edo utzitako herri bide zaharretatik igarotzen dira. Bestalde, Urkizuko ibilbidea ez da ibilbide zirkularra; San Estebanen hasi eta Zuloaga txikin bukatzen da, eta azterketaren arabera, aspektu honek ez du jendea erakartzen ibilbide hori egitera.

Amantegi zinegotziak adierazi duenez, natura turismoa eta natura kirola indartzen ari da Tolosan: “gero eta jende gehiago dator eskualdera hemengo landa eremuak eskaintzen dituen balioak ezagutzera. Bertako jendearen artean ere gero eta gehiago dira mendiko ibilbideak erabiltzen dituztenak kirola eta aisialdirako. Gaur egun, ordea, gure herrian dagoen eskaera honi aurre egiteko ez dago bide azpiegitura egokirik. Gure landa auzoek izugarrizko aberastasuna dute natura zein kultur ondarean. Gutxi ezagutzen diren gailur garaietatik (Balerdi, Artubi, Ernio Zabal, Intxurre) ondare garrantzitsua azaldu dezaketen baso bideetaraino; Douglas izeia (EH-ko zuhaitzik garaiena), Urkizuko elurzuloa, Aldabako burdin aroko kastroa (Iruntxur), beste askoren artean”.

Zinegotziak aurreratu duenez, “landa eremuko bideetan egoten diren arazoak ekiditeko, bideen ixteak, txakurrekin arazoak eta abar, beharrezko da bertako bizilagunekin ibilbideak adostea eta diseinuan inplikatzea. Bestalde, auzo bakoitzean dagoen ondarea azaleratzeko eta ustiapenak eta hauen produktuak saltzeko aukerak aztertzeko beharrezkoa izango da auzotarrekin batu eta zabaltzen diren aukerak mahaigaineratzea”.

Hori oinarri, eta behin proposamena prest dagoenean, auzotarrekin batuko da Udala bilera ireki ezberdinetan. Bertara oinezko ibilbideen proposamen ezberdinak egingo ditu; esan bezala, auzoko gutxienez bi jarriz abian ikasturte honetan bertan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA