126 kirolariri eta 8 kirol talderi aitortza egin die Tolosak, 2023ko Kirol Galan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/12/21 | Kirolak
  • Irati Lacunza hegats igerilariak jaso du Sari Nagusia

 

Atzo iluntzean ospatu zen herriko kirolarien eta kirol taldeen lana balioan jarri eta aitortzeko Kirol Gala, Leidorren. Bi urtez behin ospatzen den ekitaldia izanik, azken bi denboraldietako kirolari tolosarren emaitza azpimarragarrienak saritu dira.

Emaitzak aitortzea ez ezik, kirolaren balioak zabaltzea izan ohi da galaren helburu nagusia. Hori dela eta, sariak bi mailatan banatzeh dira: marka-lorpenetan oinarritutako kirolari onenen sariak, batetik, eta errekonozimendu sariak, bestetik, kirolaren alde herritar, eragile edo enpresek egindako ekarpenari balioa emateko.

126 kirolari eta 8 kirol talde saridun, 24 kirol modalitatetan

Kirolari onenen sarietarako, herriko kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, kirol taldeek eta herriko beste hainbat eragilek bozkatu dute nortzuk diren saridunak.

Banakako 126 kirolari eta 8 kirol talde saritu dituzte aurten. Guztira 24 kirol modalitate izan dira ordezkatuta sarietan. Hauexek izan dira emaitzak:

  • Kategoria absolutuan
    • Emakumezko kirolari edo kirol talde onena: Irati Lacunza, hegats igeriketan.
  • Gizonezko kirolari edo kirol talde onena: Unai Saralegi eta Unai Regillaga, judokak.
  • Kategoria honetako beste saridunak: Lizeta Okomo (atletismoa), Nahia Garrido (igeriketa), Irene Caminos (Trial) eta Redline Mekanika Take saskibaloi taldea. 
  • Promesa edo etorkizuneko kirolariak
  • Neska promesa edo kirol talde onena: Nahia Garrido, igerilaria. 
  • Mutil promesa edo kirol talde onena: Ander Martinez de Rituerto, pertika.
  • Beste saridunak kategoria honetan: Mattin Zubeldia (igeriketa), Iker Esnaola (atletismoa), Joseba Larrauri (atletismoa), Manex Civico (atletismoa) Euken Fernandez (atletismoa), Mario Estanga (atletismoa), Garazi Gurrutxaga (eskalada), Alaia Juaristi (iraupen eskia), Haizea Izagirre (urpeko igeriketa), Urko Vidal, Ayala Serrano, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri (judo) eta Junior taldea (erritmika). 

Saridun guztiek ‘Kontuz Kreatiboak’ diseinu enpresak eginiko eskulana jaso dute oroigarri gisa, Tolosa&Co elkartearen erosketa txartelak ere. Kirolari onenek, gainera, turroia eta kiroldegirako urtebeterako doako kirol abonua ere jaso dute.

Beste 89 kirolarik diploma jaso dute, denek Euskadiko Txapelketetan podiuma lortzeagatik. Hauek ere erosketa txekea jaso dute Tolosa&Co elkarteko establezimenduetan erabiltzeko.

Irati Lacunza 2023ko Sari Nagusia

Aurtengo Kirol Galan Irati Lacunza igerialariak sari bikoitza jaso du: kirolari onenaren sariaz gain, hautagai guztien artetik aukeratzen den Sari Nagusia ere jaso du. Lacunza munduko txapeldunordea da 400 eskafandra modalitatean, zilarrezko domina irabazita. Horrez gain, 6. postua ere lortu zuen 2022ko munduko txapelketa absolutuan, 400 metroko proban. Europako selekziorako ere hautatu dute. 

Txapeldunaren txapela janzteaz gain, Usabal kiroldegiaren atarian bere izena daraman brontzezko plaka jarriko da, aitortza bera jaso duten gainerako kirolarien plaken alboan.

Errekonozimendu sariak

Tolosako herritar, eragile eta enpresek kirolaren alde egiten duten ekarpena ere balioan jarri eta aitortzen da Kirol Galan. Errekonozimendu Sariekin, hain zuzen, jarduera eredugarriak, entrenatzaileak, babesleak, profesionaletara jauzi egin duten kirolariak…saritu ohi dira. Hauek dira 2023an aitortza jaso dutenak: 

Ekitate eta balioen sariak: 

Sari honekin nork bere alorrean jokabide berdinzale eta balioen aldarrikapenerako egiten den ahalegina (inklusioa, berdintasuna-hezkidetza, jokabide eredugarriak) aitortzen da. Saridunen artean dira: Tolobolei elkarteak antolatzen duen Hondartza Bolei Txapelketa, kirol jarduera eredugarri gisa; Nekane Garayalde, Mugi Tolosa proiektuan ikasle boluntarioen aktibazioan aitzindari gisa; Peio Etxabe (TCF), Ramon Erostarbe (TAK) edota Goar Artetxe (EBA) entrenatzaileak; Javi Lorz, 50 urtez eskubaloi sekzioaren sortzaile eta laguntzaile izateagatik; eta Juan Martin Amiano, 18 urtez Tolosa CF eskubaloi taldeko presidente izateagatik. 

Aipamen bereziak: 

Kirol eta jarduera fisikoen arloan beren lan, ekarpen, laguntza, eredu edota ibilbide esanguratsua izan duten pertsona eta elkarteei egiten zaie aitortza. Horien artean daude: Tolosa CF 100 urte kirola sustatzen izateagatik, Samaniego-Orixeko Elkartasun Krosa, Igarondo Urpekoak Team Master, TAKeko Emakumezkoen Trainerua, Asobal ligan jokatzen duen lehen tolosarra den Haitz Gorostidi, arrantzan ‘elbia’ modalitatean munduko txapeldun den Iñaki Muñoz. Beteranoen kategorian, Jose Luis Gonzalez ‘Txilis’, xabalina eta disko jaurtiketan Espainiako txapeldun edota Gregorio Mancisidor daude, urpeko igeriketan Master kategorian lortutako emaitza aipagarriengatik.

Berdintasun saria: 

Azken sari hau emakumeen Palako taldeari eman zaio, irmotasun eta konstantziaren eredu izan baitira. Guztiek oroigarria eta turroia jaso dute sari gisa.

Kirol Galan Tolosa CFko gimnasia erritmikako taldeak eta Nafarroako Lagunak elkarteko gimnasia erritmikako talde mistoak ere parte hartu dute; azken honek, gainera, indarkeria matxistari loturiko koreografia eskaini du. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA