Abenduaren 31ko Elkartasun Kroseko dortsalak bihartik aurrera eskatu ahal izango dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/12/11 | Kirolak
  • Bildutako dirua Zutani elkartera bideratuko da.

  • Manex Civico Urretabizkaia atletaren kirol ibilbidea aitortuko du antolakuntzak.
     

Urtea korrika agurtzeko aukera izango da aurtengoan ere: abenduaren 31n, Elkartasun Krosa egingo da, herriko ikastetxe publikoetako kirol batzordeek, Udalaren laguntzarekin antolatuta. XXVII. Edizioa izango da aurtengoa.

Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute egun horretan, urtea modu aktiboan agurtzeko ez ezik, helburu solidarioa ere baduelako hitzorduak. Izan ere, dortsalen salmentarekin bildutako dirua Zutani elkartera bideratuko da, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiten jarrai dezaten. Hain zuzen, 200 familiari ematen die arreta elkarteak.

Urteko kirol ekitaldirik parte hartzaileenetako bat da Elkartasun Krosa; ehunka korrikalari izaten ditu. Urtero bezala 1.000 dortsal jarriko dira salgai, bihartik aurrera, Caravanas Oiartzun (lehen Aralar Kirolak) dendan, horietako 100 kadeteen mailarako. Helduen dortsalek 10 euro balio dute, eta kadeteenek, berriz, 5 euroko prezioa dute. Benjamin, alebin eta infantilen kasuan, ez da dortsalik beharko parte hartu ahal izateko. Saldu gabeko dortsalik balego, egunean bertan ere jarriko dira eskuragarri, Zerkausian bertan, 12 euroko prezioan.

Zehaztasunak

Urtero bezala, kirol proba 15:30ean hasiko da, haurren lasterketarekin. Zerkausia kalean izango dira irteera eta helmuga. Benjaminak aterako dira lehenengo, eta 700 metro egingo dituzte. Alebinek eta infantilek parte hartuko dute segidan, eta 1.400 metroko ibilbidea osatu beharko dute. 

16:30ean izango da helduen eta kadeteen lasterketa. Kasu honetan irteera Plaza Zaharretik egingo da, eta helmuga Zerkausia kalean kokatuko da. 5.050 metroko ibilbidea egin beharko dute guztiek. 

Lasterketak amaitu ondoren egingo da sari banaketa Zerkausian. Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta sortutako trofeoak banatuko dira. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu. Mozorrorik onenak ere saria izango du. Aurten bereziki haurrei egin nahi diete mozorrotzeko deialdia. Horrez gain, parte hartzaile guztiek domina jasoko dute.

Ohiturak agintzen duen bezala, kirolari bat ere aitortuko dute Samaniegok eta Orixek. Aurten, Manex Civico Urretabizkaia atleta tolosarrari egingo zaio aitortza, bere dedikazio eta ahalegin eta grina azpimarratuz. Lorpenengatik bakarrik ez, ikastetxeetatik aitortu dute kirolarekiko duen pasioa nabarmendu nahi dutela. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA