Abenduaren 31ko XVIII. Elkartasun Krosa birtualki egingo da aurten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/25 | Kirolak
  • Aurreko urteetako Elkartasun Kroseko kamisetarekin argazkia bidali behar da elkartasunkrosasamaniegorixe@gmail.com helbidera abenduaren 20a baino lehen eta bideo bat osatuko da abenduaren 31n zabaltzeko.

  • Parte hartzaileen artean, aurreko urtean ekimenaren babesleak izan ziren saltokietan gastatzeko bonoak zozketatuko dira.

  • Elkartasun Krosean lortutako dirua “Bibliomula” proiektura bideratu ohi da. Jose Mª Villanueva kiroletako zinegotziak adierazi duenez, “kirolak hainbat balio transmititzen ditu: talde lana, ahalegina, errespetua… eta baita elkartasuna ere. Egungo egoeragatik kirola beste modu batera egin behar badugu ere, balio horiei heltzen jarraitu behar dugu.”

 

 

Egungo egoera ikusita, Samaniego eta Orixe herri ikastetxeetako kirol batzordeek erabaki dute aurtengo Elkartasun Krosa birtualki egitea. Bideo bat osatuko da abenduaren 31n zabaltzeko, eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.

Abenduaren 20a baino lehen, argazki bat atera behar da aurreko urteetako Elkartasun Kroseko kamisetarekin (oinez, korrika, paseoan…), banaka, binaka edo taldeka. Ondoren, elkartasunkrosasamaniegorixe@gmail.com helbidera bidali behar da argazkia partaide baten izen-abizenak eta mugikor zenbakiarekin batera. Argazki guztiekin bideo bat osatuko da abenduaren 31n sare sozialetan, komunikabideetan eta Tolosako Udaleko pantailetan zabaltzeko. Parte hartzaileen artean, aurreko urtean ekimenaren babesleak izan ziren saltokietan gastatzeko bonoak zozketatuko dira.

Tolosako Udalak ekimen hau babesten du. Jose Mª Villanueva kiroletako zinegotziak adierazi duenez, “azken urteetan indar handia hartu du kirolak, eta kulturak bezalaxe, kirolak ere bizia ematen dio herriari eta hainbat balio transmititzen ditu: talde lana, ahalegina, errespetua… eta baita elkartasuna ere. Egungo egoeragatik kirola beste modu batera egin behar badugu ere, balio horiei heltzen jarraitu behar dugu. Tolosako Udalaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu Samaniego eta Orixe herri ikastetxeei aurten egiten ari diren ahalegin bereziagatik, eta baita Tolosako kirol talde eta kirolari guztiei ere, ahal den neurrian, haien jardunari eusteagatik.”

Elkartasun Krosean lortutako dirua “Bibliomula” proiektura bideratu ohi da. Aurten diru bilketarik egin ezin bada ere, bertako eta Samaniego ikastetxeko ikasleen artean eskutitz trukea egingo da. Urteak dira Samaniego ikastetxeak Colombiako Guabas bailarako Guillermo Leon Valencia komunitatearekin senidetze hitzarmena sinatu zuenetik, eta Koku-yó elkarteak bitartekari lana egiten du. Proiektuaren zati bat, bibliomularena, bailarako komunitate desberdinetara, mandoz, liburuak eramateaz arduratzen da, eta Elkartasun Kroseko irabaziak bertara bideratzen dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA