Asteazkenean abiatuko da Mugi Tolosaren 12. edizioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/24 | Kirolak
  • Asteazkenetan izango dira ibilaldiak, ekaineko lehen astera bitarte.
  • Iazko saioen parte hartzaile kopuru metatua 3.408 pertsonakoa izan zen.


Datorren asteazkenean, urriak 1, eta Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, abiatuko da Mugi Tolosa, helburu duena bakardadeari eta sedentarismoari aurre egitea, eta adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzea.

Ikasturte honetarako 31 irteera aurreikusten dira, horietako hamabi 2025. urtean, eta beste hemeretziak 2026an, ekaineko lehen astera bitarte. Asteazkenero egingo dira ibilaldiak Tolosan zehar, jai-egunetan, Gabonetan, Inauterietan eta Pazko astean izan ezik.

Bi taldetan egiten dira: lehena 10:30ean abiatzen da, eta 5 kilometro inguruko ibilbidea egiten du; bigarrena, 11:00etan ateratzen da, eta kilometro bakarreko bidea egiten du. Azken hau, mugikortasun murritzagoa duten pertsonei bideratua dago.

Urtero moduan, boluntario eta ikasle sare batek lagunduta egingo dituzte ibilaldiak. Udalak ez ezik, Inmakuladak, Herrikidek, Laskorain Ikastolak, Orixek, Tolosako OSIak, Iturriza eta Harizpe Jubilatuen Elkarteek, Gurutze Gorriak, Ilarkik, Asuncion klinikak, Nagusilanek, Goyeneche Fundazioak eta Iurreamendi eta Uzturre egoitzek ere hartuko dute parte.

Egonkortutako talde handia

2024-2025 ikasturteko edizioan 32 saio egin ziren guztira, eta 183 pertsonak hartu zuten parte uneren batean. Ekitaldi guztietako parte hartze datuak batuta, 3.408 parte hartzaile izan ziren.

Ohitura osasuntsuak sustatzeaz gain, parte hartzaileen arteko sozializazioan ere jartzen du arreta Mugi Tolosak. Izan ere, zahartze aktiboarako tresna izateaz gain topagune ere bihurtu da, lagunartean kalera ateratzeko eta ibilbideez gozatzeko aukera eskainiz.

Mugi Tolosan parte hartzeko ez dago adin- edo gaitasun-mugarik. Ez da izen-ematerik behar. Interesdunek, asteazkenetan Zerkausira joan besterik ez dute, azaldutako orduetan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA