- Urriaren 4an ekingo zaie ibilaldiei eta asteazkenero irtengo dira Zerkausitik, ohiko moduan, bi taldetan banatuta: 10:30ean lehen txanda eta 11:00etan bigarrena.
- Ibilaldiak herriko boluntario taldeekin lagunduta egingo dira, Tolosako ikastetxeetako ikasleak barne.
Datorren asteazkenean, urriak 4, ekingo zaie berriro Mugi Tolosa egitasmoko ibilaldiei eta, ohiko moduan, indarberrituta dator, bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra emateko eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko prest.
Urtero bezala, ibilaldiak asteazkenero irtengo dira, Zerkausitik bi taldetan banatuta: 10:30ean lehen taldea (5kmko ibilaldia) eta 11:00etan bigarrena (1.2kmko ibilaldia). Ibilaldia amaitu ostean, 12:00etan, hamaiketako osasuntsua egingo dute parte-hartzaileek. Ibilaldiez gain, halaber, ekintza bereziak ere egingo dira urtean zehar. Iaz esaterako, zinema saioa, hondartzara txangoa edota Tolosa eta Ibarra arteko ekimen bateratua egin ziren.
Ibilaldi bakoitzearen antolakuntza elkarte ezberdinen eta udalaren artean elkarbanatuko da eta ibilaldi oro, herriko boluntarioen laguntzarekin egingo da. Ikasturte honetan ere, boluntario sare zabal baten babesa izango du Mugik: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goyeneche Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Nagusilan eta Adinkide, Osakidetza eta Asuncion Klinika eta Herrikide, Laskorain, Orixe, eta Tolosako Lanbide ikastetxeak.
Osasuna, zaintza eta sentsibilizazioa batzen dituen ekimena
Mugi Tolosak 10 urte beteko ditu aurten eta urtetik urtera handituz jarraitzen du parte-hartzaile kopuruak. Esate baterako, iazko parte-hartzaileen bataz bestekoa 104 lagunekoa izan zen. Guztira 32 irteera egin ziren, 3.328 parte-hartzerekin. Parte-hartzaile gehieneko egunean 259 lagun elkartu ziren.
Izan ere, ibilaldiez haratago, Mugi Tolosak, ohitura osasuntsuak sustatu eta, gainera, sozializatzeko aukera ere eskaintzen du, parte-hartzen duten pertsonen arteko harremanak sustatuz. Izan ere, aipatu ekimena adineko pertsonen topaketarako eguna eta egitasmoa da, kalera atera eta lagun artean paseo atseginak emateko ekimena, alegia.
Horrekin batera, Mugi Tolosak helburu du gizartea oro har eta bereziki tolosarrak gure adinekoen zaintzak eta babesak duen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea, kolektibo honek dituen beharrak ikusaraziz eta horien irudia balioan jarriz. Ildo horretan, azken urteotan lanketa berezia egin da Tolosako ikastetxe desberdinetako ikasleekin, ibilaldietan horien partaidetza altua lortuz.
Edozein dela zifra, ordea, antolatzaileek herritar oro gonbidatzen dute parte-hartzera, sozializatzeko edota ohitura osasuntsuak eta zahartzaro aktiboa sustatzeko baliagarria izateaz haratago, kontaezinak direlako Mugi Tolosak norberaren zaintzan izan ditzakeen onurak, bai fisikoak zein emozional edo mentalak ere: erresistentzia, malgutasuna, bizkortasuna, borondatea, laguntasuna, babesa, konpainia, lasaitasuna…
Gainera, urte osoz parte-hartzen dutenek opari bat jasoko dute ikasturte amaieran, beren tinkotasuna eta esfortzua balioan jartzeko.