-
Kirolzerrek kudeatzen ditu Berazubiko eta Usabalgo kirol instalazioak, eta horien irekierarako Prebentzio Plan zehatza garatu du kirol espazioak segurtasun eta prebentzio neurri guztiak hartuta herritarrei zabaltzeko.
-
Bakarka edo binaka kirola egiteko zerbitzuak edota espazioak bakarrik irekiko dira hasiera honetan; balio anitzeko kantxak, rokodromoa, saunak edo tatamia itxita egongo dira, eta udan kanpoko espazioa ireki ahal izateko protokoloa ere garatu da.
-
Kirol instalazioak erabiltzeko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da webguneko erreserba plataformaren bidez edota telefonoz.
Usabal kiroldegiak eta Berazubi estadioak ekainaren 15ean irekiko dituzte ateak, egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiekin. Horretarako, Kirolzerrek, bi kirol-instalazioak kudeatzen dituen enpresak, Prebentzio Plana egin du, bai eta kanpoko igerilekuak udan irekitzeko protokoloa ere, erabiltzaileei zerbitzua berriz ere berme guztiekin eskaintzeko asmoz.
Instalazioen garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira, eta horiek gauzatzeko instalazioak 14:30etik 15:30era itxi egingo dira.
Eskainiko diren zerbitzuak eta bete beharreko arau orokorrak
Oraingoz, bakarkako kirola baino ez dago baimenduta, beraz, bakarka edo binaka kirola egiteko zerbitzuak eskainiko dira. Hori dela eta, honako zerbitzu hauek itxita egongo dira, momentuz: erabilera anitzeko kantxak, tatamia, rokodromoa, saunak, lurrun-bainua, terma eta ur hotzeko pileta. Ez da egoteko, itxaroteko edo jolas librerako lekurik egongo.
Aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik joan ahal izango da instalazioetara, eta txartela tornutik pasatzea derrigorrezkoa izango da, pilaketak saihesteko eta edukiera kontrolatzeko. Instalazioetara maskararekin sartu beharko da, eta kirol-jarduera egiteko kendu ahal izango da, baina ariketa fisikoa amaitu ondoren berriro jarri beharko da.
Sarreran eskuak hidrogelarekin garbitzea ere nahitaezkoa da, eta arrisku taldekoa izanez gero (adinagatik, haurdunaldiagatik edota besteak beste, biriketako gaixotasunagatik) kirol-instalazioetara ez joatea gomendatzen da. Instalazioetara ate nagusitik sartu beharko da eta, ahal den guztietan, larrialdietako atetik irten.
Bi metroko distantzia errespetatu behar da une oro, eta sarrera-irteeretan pilaketarik ez gertatzeko, lurrean jarriko diren jarraibideak errespetatu beharko dira. Igogailua behar-beharrezkoa denean bakarrik erabiliko da.
Instalazioetara kirol-arroparekin joan beharko da; izan ere, aldageletan elementu komunak zigilatuta egongo dira: dutxak, lehorgailuak... eta takilak erabiliz gero, erabiltzaileek, aurretik eta ondoren, desinfektatu egin beharko dituzte.
Usabal eta Berazubiko fitnes-aretoei dagokienez, erabiltzaile bakoitzak bi eskuoihal eraman beharko ditu, bata handia, makinen edota esterilaren gainean jartzeko, eta bestea txikia, izerdia lehortzeko. Erabiltzaileek sarritan garbitu beharko dituzte eskuak entrenamenduan zehar, eta ukitzen den elementu bakoitza desinfektatu beharko da entrenamenduaren aurretik eta ondoren.
Barruko igerilekuei dagokienez, sarrera igerilekuko aldageletatik egingo da, ezarritako seinaleei jarraituz, eta irteera kanpoko igerilekura sartzeko atetik. Ez da igeri egiteko inolako materialik utziko; beraz, erabiltzaile bakoitzak beharrezkoa duen materiala ekarri beharko du.
Igerileku txikia eta plisti-plasta eremuak adineko pertsonentzat eta familientzat izango dira. Igeri egitea ez den beste jarduerarik ezin izango da egin, igerileku handian nahiz txikian, pasabideak libre uzteko eta pilaketak saihesteko.
Kanpoko igerilekuen erabilera udarari begira
Kirolzerrek udarako kanpoko guneei lotutako protokolo bat ere prestatu du. Erabilera-denbora mugatua izango da, eta hiru ordutegitan banatuko da; ordu-tarte bakoitzean pertsona guztiak ebakuatuko dira, eremu guztien desinfekziorako.
Ordu-tarteak ondorengoak izango dira: 10:00etatik 13:00etara, 13:30etik 16:30era eta 17:00etatik 21:00etara; izan ere, kanpoko igerilekuak 13:00etatik 13:30era eta 16:30etik 17: 00etara itxi egingo dira, desinfektatze-lanetarako.
Edukiera kontrolatzeko eta itxaronaldiak ordenatzeko, sorosleak bainatzeko denbora kontrolatuko du, 15 minutukoa izango dena. Erabiltzaileek ilaran itxaron beharko dute, horretarako egokituko den eremuan 2 metroko distantzia errespetatuz.
Ez da egongo erabilera partekatuko elementurik, hala nola txirristak, haur-parkea, aulkiak, mahaiak edo etzaulkiak. Eguzkitakoak jartzeko euskarriak baino ez dira egongo.
Familia-unitate berekoak ez diren pertsonek 2 metroko distantzia gorde beharko dute gainerako pertsonekiko. Eta espazioak adin-tarteen edo taldeen arabera banatuko dira, erabilera eta kontrola errazteko.
Edukierak eta kanpoko eremuaren antolaketa
Momentuan indarrean dagoen legediaren araberako edukiera da onartu eta baimenduko dena.
Kanpoko espazioaren antolaketari dagokionez, belar artifizialeko eremua bitan banatuko da eta pasabide bat zehaztuko da sartu ahal izateko; gune bat gazteentzat izango da, 12-20 bitartekoentzat, eta bestea familientzat, splash txorrotik gertuen dagoen eremua, hain zuzen ere. Egurrezko eremuak 18 urtetik gorako pertsonentzat izango dira eta belar naturala, aldiz, familientzako, igerileku txikiko eremuan eta helduentzako, igerilekuetako bi alboak, izango dira.
Kanpoko espazioen banaketa eta antolaketa:
Aurretiazko zita, nola eskatu
Kirol instalazioak aurretiazko zitarekin bakarrik erabili ahal izango dira eta ordutegia errespetatu beharko da pilaketak saihesteko.
Erreserbak 2 modutara egin daitezke: webguneko erreserba-plataformaren bitartez, aurretik posta elektronikoa aktibatuta, edota telefonoz. Ezarritako sistemaren bitartez, erabiltzaile guztiei aukera berdintasuna bermatzea da helburua.
Kuotak
Instalazioak ireki bitartean, kuotak izoztuta mantenduko dira. Erabiltzaileek martxoko kuota osoa ordaindu zutenez eta instalazioak hilabete erdialdean itxi zirenez, ekaineko 15 egunak ez dira kobratuko eta, hortaz, kuotak uztailetik aurrera kobratuko dira.
Azkenik, Kirolzerrek jakinarazi du eratutako Prebentzio Plana dokumentu ireki eta aldagarria dela, momentuko testuingurura eta irizpideetara egokituko dena. Aldaketen berri emango da une oro, eta erabiltzaileei hartzen diren neurriak jakinaraziko zaizkie.
Era berean, lasaitasuna eta pazientzia eskatu diete herritarrei kirol guneen irekieran. Lankidetza ezinbestekoa izango da erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko eta ezarritako neurriak errespetatzea eta arduraz, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzea ezinbestekoa izango da erabiltzaile guztiek kirol-instalazioak modu orekatu eta seguruan erabiltzeko aukera izan dezaten.