Beotibar pilotalekuko sarea berritzeko lanak, martxan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/10 | Kirolak
  • Sarea bera berritzearekin batera, sistema motorizatua jarriko da, bere erabilera errazteko helburuarekin.

  • BPXport enpresak egingo ditu lanak, aurreko emakida-kontratua adostasunez eteteko akordioaren barruan hitz eman zuen moduan.

 

Beotibar pilotalekuko sarea berritzeko lanak abiatu dira gaur goizean. Sarea bera berritu ez ezik, sistema ere aldatuko da. 

Orain arte sarea jartzearena eskuz egin beharreko lana izan da: albo batean pilatuta egoten zen eta tiraka zabaldu behar izaten zen. Bereziki zesta punta praktikatzen denean egiten da erabilera, kantxa eta harmailak banatu, pilota gelditu eta ikusleak babesteko. Bada, orain sistema motorizatua jarriko da, eta goitik beherakoa. Erabilera errazteaz gain, sarea gutxiago hondatzea da lan honen helburu nagusia.

Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketarako aurreko emakida-kontratuan jasotako lana da sarearena, BPXport enpresak gauzatu beharrekoa, alegia. Urrian sartu zen indarrean zerbitzu-kontratu berria, eta ordutik Kirolzer S.L. enpresak kudeatzen ditu instalazioak. Bi inbertsio, ordea, gauzatzeke geratu ziren, eta BPXporti hilabeteko epea eman zitzaion egiteko. Epe horretan ez zituen gauzatu, baina inbertsioak egiteko konpromisoari eutsi zion, eta beranduago egiteko hitz eman zion udalari. 

Antzeko egoeran da tenis pistak konpontzeko lanen inbertsioa. Obra horiek egiteko eguraldi lehorragoa behar denez, beranduago egingo ditu BPXportek. Hori eginda, guztiz amaituta izango dira epealdi horretan gauzatzeke geratu ziren lan guztiak.

Bien bitartean, udalak ere egin ditu inbertsioak. Usabal kiroldegiko kantxetako saskibaloiko 16 saskietan erorketetatik babesteko segurtasun-sistemak jarri dira, besteak beste.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA