Berazubi estadioko bulegoak egokitzeko obrak hasi dira

Tolosako Udala
2019/09/18 | Kirolak
  • Lanek iraun bitartean, Paper kaleko pasealekua estutu egingo da oinezkoentzat, baina erabiltzaileek normaltasunez erabili ahal izango dituzte kirol instalazioak

  • Lanen helburua da elkartearentzat eta elkarteko gazte kirolarientzat erreferentziazko gune eta egoitza sortzea beren jardunerako espazio eta bulego egokiak izan ditzaten

  • Aurretik, azken urteotan, Berazubiko kirol instalazioak herritarrei zabaldu eta kirol eskaintza areagotzeko helburuarekin beste hainbat obra ere gauzatu dira: harmailak berritu, paddle pistak sortu, frontoia atondu eta aldagelak eta dutxak berritu dira.

 

Tolosa Futbol Klubarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan, eta hartutako konpromisoei eta aurretik egindako hainbat lanei jarraiki, Berazubi estadioko bulegoak berritzeko lanei ekin die udalak.

Berazubiko estadioaren kudeaketa udalaren esku geratu zenetik eta herriko kirol eskaintza areagotzeko eta kirol instalazio horiek herritar guztien eskura jartzeko helburuarekin, hainbat obra egin dira azken urteotan. Besteak beste, harmailak berritu, paddle pistak sortu, frontoia atondu eta aldagelak eta dutxak berritu dira. Azken fase honetan, estadioko bulegoak egokituko dira, Klubak bere jardunerako espazio egokiak izan ditzan.

Zehazki goiko pisuko bulegoak berrituko dira egungo araudira egokitu eta irisgarriak izan daitezen eta beheko solairuan, egungo biltegia berrituko da eta aurrerantzean, elkartearen egoitza izango den espazioa hutsa utziko du Udalak etorkizunean Tolosa CF taldeak egokitzeko.

Helburua da, beraz, obra horien bitartez, elkartearentzat, zein bertan dabiltzan gazte kirolari guztientzat erreferentziazkoa izango den gunea eta egoitza sortzea. Izan ere, futbolaz haratago, egun hainbat kirol ezberdin barnebiltzen ditu elkarteak: atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, igeriketa, pilota eta tenisa eta hortaz, tolosar haur, gazte eta guraso asko biltzen ditu elkarteak.

Historia luzea duen elkartea ere bada, laster 100 urte beteko baititu Tolosa Futbol Klubak eta betidanik egon da elkartea herrian oso errotuta eta Tolosako izaerari oso lotuta. Kanpora begira ere, Tolosan, erreferentziazko kirol elkarte bat izatea funtsezkoa da gazteen artean kirol praktika sustatu eta bermatzeko. Beraz, obra horiei esker, aurrerantzean, taldeak jasotzeko, omenaldiak egin eta ospatzeko, eta bereziki, elkartzeko, egoitza izango du elkarteak.

Aurreikuspenen arabera, lanek 6 hilabeteko iraupena izango dute, Urkaz Eraikuntzak S.L. enpresak gauzatuko ditu obrak 417.986,42 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Lanak iraun bitartean, Paper kaleko pasealekua estutuko da oinezkoentzat, baina Berazubi estadioko erabiltzaileek normaltasunez erabili ahal izango dituzte bertako kirol instalazioak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA