Ekainaren 15ean irekiko dira Usabalgo kanpoko igerilekuak, irailaren 23ra arte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/01 | Kirolak
  • Aurten ez da erreserbarik egin beharko igerilekura joateko, baina gehieneko aforoa ez gainditzeko hainbat neurri hartuko dira.

  • Usabal kiroldegiak eta herriko hainbat talde eta eragilek antolatzen dituzten ikastaroetarako eta aisia eskaintzarako izen ematea irekita dago.

 

 

Usabal kiroldegiak prest du udako kanpaina. Aurten, ekainaren 15ean irekiko ditu kanpoko igerilekuak. Irailaren 23ra arte egongo dira irekita, egunero, 10:00etatik 21:00etara. Azken urteetako murrizketa eta osasun eta prebentzio neurriak bertan behera geratuko dira kasik bere osotasunean, baina hainbat neurrik indarrean jarraituko dute.

Asier Martin Usabal Kiroldegiko arduradunak adierazi duenez, “aurten ez da erreserbarik egin beharko igerilekura etorri ahal izateko. Baina Osasun Sailak oraindik ere neurri batzuk hartzeko eskatzen digu, eta horiek bete egingo ditugu. Batetik, arratsaldetan, 15:30etik aurrera, barruko eta kanpoko igerilekuak banatuta egongo dira, eta ezingo da batetik bestera igaro. Kanpoko igerilekuan gehieneko aforo muga bat mantendu behar dugu, eta horregatik erabaki dugu neurri hau hartzea. Beraz, kanpoko igerilekura joateko kanpoko tornoak erabili beharko dira”.

Usabal kiroldegiak hartuko duen beste neurrietako bat izango da kanpoko igerilekuan eremukako banaketari eustea. “Azken bi urteetan egin dugun bezala, kanpoko igerilekuaren eremua zatikatuta egongo da aurten ere. Gazteak terrazara edo solariumera bideratuko ditugu, eta gainerako eremua familiei bideratuta egongo da. Honek jendearen arteko mugimendua banatzea erraztuko digu, eta era berean, horrek, zerbitzu hobeago bat eskaintzea”. Herritarrek egindako eskaerari erantzunez, solariumeko eremuan dutxa bat jarriko da aurten.

Kirolaz gozatzeko aukera udan ere

Kanpoko igerilekuaz gain, hainbat dira Usabal kiroldegiak zein herriko hainbat elkartek urtero udan eskaintzen dituen aisia zerbitzuak. Usabalen egin ahalko diren ikastaroak haurrei eta helduei zuzenduta egongo dira, eta honakoak izango dira: aquafitnes, pilatesa, jumpfit, desafit, K-stecht, cycling, padel eta tenis eskola zein Global training kfit (biak Berazubin), igeriketa, zunba, tabata hiit eta body balance.

13 eta 16 urteko gazteei zuzenduta berriz, honakoak: multi ekintzak, Kfit junior eta Shuffle dance. Eta, azkenik, 3 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta hauek: igeriketa, dantza eskola, kirol ludoteka, futbol kanpusa, basket Stage-a, eskalada, tenisa eta padel eskola (Berazubin), pilota eskola (Beotibarren), TAKE-k antolatutako saskibaloi campusa, TTT taldeak antolatutako triatloi campusa eta Zumardia elkarteak antolatutako ikastaroak: piraguismoa, paddlea, surfa, btt-a…

Aipatutako ikastaroetan parte hartzeko Usabal kiroldegian eman behar da izena, www.usabalkiroldegia.com helbidean edo 943 53 64 00 telefonora deituta. Bertan aurkitu ahalko da igerilekuko zein ikastaroen inguruko tarifen informazioa.

TAKE-ren saskibaloi campuserako www.takesb.eus helbidera idatzi behar da, edo 616499394 telefonora deitu. Triatloi campuserako, berriz, 688 807 405 telefonora edo www.tolosaldeaikt.eus/ helbidera jota; eta, azkenik, Zumardiak antolatutako ikastaroetarako izena emateko www.zumardia.eus helbidean sartu behar da, edo 688 72 62 13 telefonora deitu.   

Eskaintza guztietarako izen emateak irekita daude.

Udan ere Tolosa erakargarri

Jakina da Tolosak kirol arloan urte guztian duen bizitasuna. Hainbat dira antolatzen diren kirol probak, zein herritarren eskura dauden kirol eremuak. Udan ere kirol eskaintza ahalik eta zabalena eta anitzena izateko lan egiten du Udalak, herriko eragileekin batera.

Jose Mari Villanueva kirol zinegotziaren esanetan, “Tolosa udan ere bizirik egoten da, baita kirolari dagokionez ere. Aisiaz gozatzeko aukera asko dituzte herritarrek, eta horren adibide da igerileku hau. Azken urteetako mugak gainditzen hasita gaude eta hori ere nabarmena izango da, bai Usabalen eta baita ekintzak egingo diren gainerako eremuetan ere”.

Horregatik, “beste urte batez, Tolosa udan ere erakargarri izateko lan egin da, herritarrei ahalik eta eskaintzarik zabalena eta erakargarriena egiteko. Urteko garai bikain bati hasiera emateko dena prest dago”.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA