Elkartasunak eta kirolak bat egingo dute, abenduaren 31n, Tolosan

Tolosako Udala
2023/12/12 | Kirolak
  • Aurten ere 1.000 dortsal jarri dira salgai Shanti kirolak dendan, hilaren 14tik aurrera, eta horietatik 100 kadeteen kategoriarako gordeko dira.
  • Izen-emateen irabaziak Zutani elkarteara bideratuko dira, honen lana babestu eta indartzen jarraitzeko.


Ohiko moduan, aurten ere, kirola eginez agurtuko du urtea Tolosak. Abenduaren 31n, kirolak eta elkartasunak bat egingo dute, beste behin ,Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek udalaren laguntzarekin antolatutako XXV. Elkartasun Krosa ospatzeko. 

Tolosa, elkartasunaren alde korrika

Urteko kirol ekitaldi parte-hartzaileenetako bat da Elkartasun Krosa, ehunka korrikalari izaten baititu urtero. Aurten ere 1.000 dortsal jarriko dira salgai, horietatik 100 kadeteen mailarako. Dortsalak Shanti Kirolak dendan eskuratu ahalko dira, hilaren 14tik aurrera, 10 euroko salneurrian helduentzat, eta 5 euroan kadeteentzat. Benjamin eta infantilen kasuan, ez da dortsalik beharko parte hartu ahal izateko. Saldu gabeko dortsalik balego, egunean bertan ere jarriko dira eskuragarri, 12 euroren truke. Dortsalak Zerkausian bertan banatuko dira.

Izen-emateen irabaziak urtero irabazi asmorik gabeko elkarte batera bideratzen dira. Aurten, Zutani Elkarteari emango zaizkio, haien lana babestu eta indartzen jarraitzeko.

Korrikaldiaren zehaztasunak

Urtero bezala, kirol proba 15:30ean hasiko da, haurren saioarekin. Ordubete beranduago, 16:30ean, heldu eta kadeteen txanda izango da. Kadeteak Solana kaletik abiatuko dira, eta helduak, aldiz, Plaza Zaharretik. Bi kasuetan, helmuga Solana kalean kokatuko da.

Haurren kasuan, benjaminek 700 metroko lasterketa egingo dute eta alebin zein infantilek 1.400 metrokoa. Heldu eta kadeteen lasterketa 5.050 metrokoa izango da.

Lasterketa guztiak amaitu ostean egingo da sari banaketa, Zerkausian. Iaz bezala, Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako trofeoak banatuko dizkiete Elkartasun Kroseko 2. eta 3. sailkatuei. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte. Mozorrorik onenak ere saria izango du. Parte-hartzaile guztiek, gainera, domina jasoko dute eta kamisetak zozketatuko dira.

Sari berezia ere ematen dute antolatzaileek, kirolariren baten ibilbidea aitortzeko. Aurten, aitortza hori Iraitz Arrospide lasterkariari egingo diote.

Argazkian: bi ikastetxeetako kirol koordinatzaile Patricia Urretabizkaia, Orixeko ikasketa buru Iraitz Pikabea, Tolosako alkate eta kiroletako zinegotzi Andu Martinez de Rituerto; Samaniegoko zuzendari Iban Fernandez; eta Zutani elkarteko Arantxa Iruretagoiena.