
Idatzi hau sinatzen dugun eragileok haur guztiek Eskola Kirola egiteko aukera izan dezaten sustatzeko konpromisoa berresten dugu, haurrengan eta gizartean dituen onurengatik.
Multikirolean oinarritutako eredua
Eskola Kirola multikirolean oinarritzen da; hau da, haurrei askotariko mugimendu-esperientzia zabala eskaintzen zaie. Honek mugimendu-gaitasunak garatzen laguntzen du, gorputzaren koordinazioa hobetzen du eta muskulu- eta hezur-egiturak modu orekatuan indartzen ditu. Kirol eta jolas ezberdinak probatzeak haurren motibazioa eta interesa pizten ditu, eta kirolarekiko atxikimendua sustatzen du epe luzera. Helburua ez da eliteko kirolariak sortzea, baizik eta bizimodu aktibo eta osasuntsua bultzatzea.
Haurren garapen integrala
Eredu hau funtsezkoa da haurren garapen fisiko eta psikosoziala bermatzeko. Multikirolean oinarritutako ikuspegiak, askotariko kirol-jarduera sustatzeaz gain, balioetan heztea eta pertsonen osasuna eta ongizatea lehenesten ditu, lehiaketaren gainetik. Talde-lana, errespetua, lankidetza eta enpatia indartzen ditu, eta lagundu egiten die haurrei askotariko egoeretara egokitzen eta harreman sozialak eraikitzen. Horrez gain, lehiaketa-presioa murriztuz, inklusibitatea eta parte-hartze unibertsala bultzatzen ditu, haur guztiek, edozein gaitasun fisiko dutela ere, kirolaren onurez goza dezaten.
Eskola Kirolaren helburuak
Eskola Kirolak helburu hauek ditu:
-
Haur aktiboak sustatzea eta kirol-kulturan heztea.
-
Osasuntsu haztea bultzatzea.
-
Harremanak eraikitzen eta balioetan heztea: lankidetza, kohesioa, konpromisoa, apaltasuna, solidaritatea...
-
Kirol-kultura eta euskara sustatzea.
Emaitza nabarmenak Gipuzkoan
Gipuzkoan urte asko daramatzagu eredu hau sustatzen, eta emaitzak begi-bistakoak dira: goi-mailako kirolarien dentsitatea estatuko handienetakoa da, eta bereziki nabarmentzekoa da emakume kirolarien kopurua. Gipuzkoako gizartea oso aktiboa da, eta sedentarismo datuak estatuko baxuenetakoen artean daude.
Gizartearen eta kirolaren mesedetan
Umeen garapen integrala, ludikotasuna eta pertsonen ongizatea lehenesten dituen eredu hau mesedegarria da bai gizartearentzat, bai etorkizuneko eliteko kirolarientzat. Azpimarratzekoa da Realak ere eredu honen aldeko apustua egin duela.
Haurren garapenez gain, baditu bestelako onura batzuk gizartean:
Gazteak; ardurak eta aukerak.
Eskola kiroleko multikirola programak, kirolariei ez ezik, gazteei ere aukera politak eskaintzen dizkie. Begirale lanetan hasten diren gazteek, etorkizunean irakasle, klubetako entrenatzaile, aisialdi taldeetako begirale profesional eta kualifikatuak izango diren horiek, aurrenekoz 8-12 urte bitarteko ikasleekin lanean aritzeko aukera izaten dute. Horrek, lana gustokoa duten edo ez jakiteko balio izaten die, eta urtetik urtera trebatuz joateko aukera paregabea ere izaten dute. Ikasleentzako bezalaxe, eurentzako ere lehen aldia izanik, helburu nagusia ikastea da.
Herriak, kultura, lagunak.
Multikirola programak, kirolari lotua ez dagoen alor batean ere jartzen du bere alea. Tolosaldeko 28 herriak haurrei ezagutarazteko aukera, alegia. Ez herriak bakarrik, bertako ikastetxe, plaza, jolasleku eta biztanleak ere bai. Aurrerago, eskolan, kluben batean edo kalean elkarrekin igaroko dituzten urte horietarako lehen kontaktua izaten da, larunbatetako ekintzei esker ikasleek bizitzen dutena. Nork bere ikastetxeko koloreak soinean dituela oso polita da inguruko herrietara joatea eta partidak jokatzea.
Horregatik guztiagatik, gure esku dagoen guztia egingo dugu, ez dadin oztoporik egon, haur guztiek kirolaren onurez gozatzeko, gaitasunak, jatorria, aniztasun funtzionala edo egoera ekonomikoa edozein dutela ere.