Gaur sartu da indarrean kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratu berria

Tolosako Udala
2024/10/01 | Kirolak
  • Gaurtik aurrera Kirolzer enpresak kudeatuko ditu kirol instalazioak; hasiera batean ez da aldaketarik izango erabiltzaileentzat.

  • BPXportek egin beharreko inbertsioei dagokienean, hilabeteko epea hitzartu dute alde guztiek falta diren lanak gauzatu ahal izateko.

 

Gaurtik aurrera Kirolzer S.L. enpresak kudeatuko ditu Tolosako udal kirol instalazioak. Esku aldaketa bat egitean ohikoa den moduan, instalazioen egungo egoeraren berri emateko alde guztien arteko bilera egin zen atzo. Eta, hori eginda, gaur bertan sinatu da zerbitzu-kontratu berria, urtebeterako, beste urte batez luzatzeko aukerarekin.

Esku aldaketak hasiera batean ez du erabiltzaileentzako nabaria den aldaketarik ekarriko, zerbitzuari dagokionean behintzat. Izan ere, orain arte bezala mantenduko dira ordutegiak, ikastaroen eskaintza eta sarbide moduak, besteak beste. Aldaketa nagusiena da Usabal Kiroldegiaren gerente berria hasi dela lanean, zerbitzuari ziurtasuna eman asmoz.

Inbertsioak gauzatzeko hilabete

Behin zerbitzu-kontratu berria indarrean dela, orain arteko emakida-kontratuaren likidazioa egiteko hilabeteko epea hasi da orain. Bada, hiru aldeek adostu dute emakida-kontratuaren suntsiarazpen datara arte -2024ko abuztuak 31- BPXportek egin beharreko inbertsioen zerrendatik egiteke daudenak hilabeteko epe horren barruan gauzatu ahal izatea. Era berean, epe horren barruan aurkeztu beharko dute kontuen eta egindako inbertsio guztien justifikazioa.

Inbertsio gehienak jada eginda daude, kantxaren leuntzea, futbol zelaiko LED argiteria edo fitness ekipamendu berria, esaterako. Usabal kiroldegiaren atarian ate bikoitza ere gaur ari dira jartzen. Azken honen helburua da energia eraginkortasuna hobetzea.

Horrenbestez, gaur-gaurkoz bi dira gauzatzeko falta diren inbertsioak: teniseko pisten konponketa eta Beotibar pilotalekuko sarearen sistemaren aldaketa.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA