Harrera beroa TAKeko arraunlariei: “emaitzak ez dezala estali sortu duzuena”

Tolosako Udala
2023/09/10 | Kirolak
  • Andu Martinez de Rituerto alkateak “denboraldi osoan zehar lortutako emaitzak, TAK kluba urte luzez harrobiarekin egiten ari den lana, eta arraunlari nahiz zaleen jarrera eredugarria” azpimarratu ditu.

 

Tolosako Plaza Zaharra jendez bete da, Tolosaldeko Arraun Klubak eta eskualdeko udalek egindako deialdiari erantzunez, Tolosaldeko traineruaren arraunlariei harrera beroa egiteko. 

20:00ak baino lehen hasi da festa, Plaza Zaharrera abiatu aurretik erdiguneko kaleetan ibili baitira kirolari, klubeko kide eta gainerako zaleak, txarangaren erritmora saltoka. Zain ziren bertan, herritar ugari, eta txalo artean jaso dituzte guztiak.

Tolosaldeko lehen trainerua osatu zuten arraunlariek ohorezko korridorea egin ostean, pleno aretoan bildu dira guztiak, eskualdeko udaletako ordezkarien aitortza jasotzeko. Ekitaldi instituzionalaren ostean, udaletxeko balkoira atera dira, zaleen txaloak jasotzeko.

 

Emaitzak, harrobia eta jarrera eredugarria hizpide

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak hartu du hitza udaletako ordezkarien izenean, eta lorpenen balioa nabarmendu du: “Igandekoa sekulako balentria izan zen, historikoa: lehen aldiz lehen postu bat. Maila hori denboraldian zehar ere erakutsi duzue: ligan lehen bandera lortzetik oso gutxira izan zarete; eta urte osoan ohorezko txandan”.

Lan hori urte luzez klubean egin den lanaren emaitza dela azpimarratu du alkateak: “Urteak dira harrobia bikain lantzen ari zaretela TAKen. Eta lortu duzuena ez da kasualitatea. Balio beharko liguke herriko kirol talde guztien lan hori balioan jartzeko ere bai”.

Herrian piztu den ilusioa nabarmendu du Andu Martinez de Rituertok: “Beti piztu izan duzue, baina igandekoarekin puntu bat gehiago. Gainera, herrian kirol arloan une zailak bizitzen ari garen une batean. Kirolak hori ere baduelako: batzeko gaitasuna. Ea segituan egoerari buelta eman eta berriro ere kirolak elkartzen jarraitzen gaituen”.

Arraunlari eta zaleen jarrera ere goraipatu ditu: “beti kiroltasunez, eta festa giroa jarriz izan zarete. Eredugarria iruditu zait ere bai gaur izan duzuen jarrera, Arraun Lagunaken trainerua parez pare egokitu zaizuen unean: altxa eta, kirol legez, txalotu egin duzuelako. Dudarik gabe, balio horiek hedatu behar ditugu kirolean”. 

Gaurko emaitzak hori guztia ezin estaliko duela nabarmenduz amaitu du hitzartzea Tolosako alkateak: “Ziur naiz urte luzez landu duzuen horrek ekarriko dizkigula ospakizun gehiago”.