-
Ekainaren 28tik abuztuaren 27ra lau hamabostalditan egin ahalko dira ikastaroak. Haurrei eta gazteei zuzendutako 14 ikastaro antolatu ditu Usabal eta Berazubi kudeatzen dituen Kirolzer enpresak, eta beste 10 ikastaro helduentzat. Ikastaro guztiak talde txikietan eta higiene eta segurtasun neurri guztiak jarraituz egingo dira.
-
Kanpoko igerilekuak ere irekita egongo dira, herritar guztien eskura. Iaz bezala, txandakako ordutegia ezarriko da aurten ere, eguna hiru txandatan banatuta. Igerilekura joan ahal izateko txanda aurrez hartu beharko da.
Kirolarekin lotutako 24 ikastaro eskainiko dira uztailean eta abuztuan Usabal eta Berazubi kiroldegietan. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, eta herritarrei eskaintzarik egokiena egiteko helburuarekin, iaz baino bost ikastaro gehiago antolatu dira aurten.
“Herritarrei ahalik eta zerbitzurik ona ematea da helburua, herrian bertan kirolaz eta aisiaz gozatu dezaten, eta gaur egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak jarraituz”, azaldu du Joxe Mari Villanueva Kirol zinegotziak. “Horregatik, aurten, ikastaro eskaintza iaz baino pixka bat zabalagoa izango da. Kirolzer enpresak eta Udalak ahalegina egin dute eskaintza hori zabaltzeko, eta zerbitzuak areagotzeko”.
Ekainaren 28an hasiko dira ikastaroak eta abuztuaren 27ra arte eskainiko dira. Bi kiroldegiak kudeatzen dituen Kirolzer enpresak haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako ikastaroak antolatu ditu. 3 eta 16 urte bitarteko haurrak kirol ludotekan, dantza eskolan, eskaladan, padelean, igeriketan, piraguan, arraunean, pilotan, triatloain edo tenisean aritu ahalko dira. 13 eta 17 urte arteko gazteak, berriz, multi ekintzetan, Global Training modalitatean eta Shuffle Dance-an.
18 urtetik gorako erabiltzaileek aquafitnes, pilates, Jumpfit, desafit (35 eguneko desafioa), K-Stretch, Cardio fit, Cycling, Global Training eta igeriketa ikastaroetan eta padel eskolan parte hartu dezakete.
Lau hamabostalditan banatuko dira ikastaroen txandak: ekainaren 28tik uztailaren 9ra, uztailaren 12tik 23, uztailaren 26tik abuztuaren 6ra eta abuztuaren 16tik 27ra. Astean 2-3 egunetan emango dira ikastaroak, eta ikastaro bakoitza ordutegi zehatz batean.
“Indarrean dauden segurtasun eta prebentzio eta Kirolzer enpresak zehaztu duen segurtasun protokoloa kontuan hartuta, haurrei zein gazteei zuzendutako eskaintza talde txikietan egingo da. Higiene eta desinfekzio neurri guztiak ere hartuko dira”, zehaztu du Villanuevak.
Hala, “saiora etorri aurretik etxean sukarra hartu beharko dute ikastaroetan parte hartu behar dutenek. Ikastaro guztiak musukoarekin egingo dira, eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dira eta saio bakoitzaren aurretik eta ondoren materiala desinfektatu egin beharko da”, argitu du Asier Martin, Kirolzer enpresako arduradunak.
Izen emateak kiroldegian zein online
Martinek azaldu duenez, “ikastaroetan parte hartu nahi dutenek Usabal kiroldegian bertan eman dezakete izena. Kiroldegiko bazkide direnek, telefonoz, webgunean (on line zerbitzuak atalean) edo Facebook bidez ere eman ahalko dute izena. Izena ematerakoan derrigorrezkoa izango da bazkide txartela aurkeztea. Bazkide ez direnek, berriz, ordainketa txartelarekin egin beharko dute”.
Ikastaroei buruzko informazio gehiago Usabal kiroldegian eskatu daiteke, www.usabalkiroldegia.com webgunean edo 943 53 64 00 telefonora deituta (09:00etatik 21:00etara).
Kanpoko igerilekuak ere irekita
Kirol eta aisia eskaintzaren barruan, Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuak ere erabilgarri egongo dira ekainaren 15etik aurrera. Iaz egin bezala, aurten ere txandakako ordutegian egongo da irekita igerilekua, eta tarteko ordu horietan desinfekzio lanak egingo dira. Hiru txanda antolatu dituzte: 10:00etatik 13:00etara, 13:30etik 16:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Bazkide bakoitzak bi modutara egin ahalko du igerilekuko erreserba, online modalitatean, kiroldegiko webgunetik: astean, zerbitzu bakoitzean, hiru erreserba egin ahalko ditu aurrez; baina erreserba horiez gain, egunero sartu ahalko da erreserba egiteko plataformara eta beste bi hitzordu hartu ahalko ditu, libre dauden orduetan.