Kiroldegiaren egoera epe motzean desblokeatzeko azken proposamena egin dio udalak BPXport enpresari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/08/22 | Kirolak
  • 2024ko tarifen igoera da blokeo egoera gainditzeko udalak bere eskura duen aukera legal bakarra, eta proposatutako %2,5eko igoera nahikoa litzateke enpresaren eta langileen arteko desadostasunari aurre egiteko.

  • BPXport-ek proposamen hau onartu ezean, epe luzeagoak eskatzen dituzten bideei helduko die udalak; hori dela eta, konponbiderik azkarrena enpresa eta langileen arteko akordioa dela ohartarazi du.

 

Usabal Kiroldegiaren egoera desblokeatzeko jorratu beharreko bidearen proposamena egin zion udalak, orain bi aste, BPXport enpresari, eta ordutik ugariak izan dira elkarrizketak, aukera horretan sakondu nahian. 

Behin bide hori jorratzen hasita, baldintza ekonomikoak zehaztea zen hurrengo urratsa. Bada, datu guztiak eskuartean izanda, gehienez bere gain har dezakeen kopuruekin azken proposamen zehatza egin zion udalak enpresari, atzo izandako bileran. 

Proposamenaren nondik norakoak

Indarrean dagoen emakida kontratu motaren ondorioz, legalki, egoera hori epe motzean desblokeatzeko aukera bakarra du udalak: 2024ko tarifen aldaketa.

“Nahiago genuke neurri hau proposatu beharko ez bagenu, uste dugulako nahikoa ordain izan dela erabiltzaileentzat hilabete hauetan kiroldegia ezin erabili ahal izatea. Baina legearen barruan udalak duen aukera bakarra da, legez, eta kontratu motagatik, ezin baitu diru-ekarpen zuzenik egin”, azaldu du udal gobernuak.

Moldaketa hori egin ahal izateko, 2024ko aurreikuspen ekonomikoak -gastuak, diru sarrerak eta urteko emaitza- eskatu zizkion udalak enpresari. Pasa den astean jaso, eta kontratuaren oreka ekonomikoaren azterketa konparatiboa egin du, enpresaren aurreikuspen horiek, aurreko urteko emaitzak eta tarifen balizko igoerak kontuan hartuz.

Azterketa amaitu ondoren, udalak datorren urterako kuoten % 2,5eko igoera proposatu dio enpresari. Kopuru hori nahikoa izango litzateke enpresaren eta langileen arteko desadostasunari aurre egiteko, eta, beraz, kiroldegia irekitzeko, kontratuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuz.

Proposamen honen berri izan dute gaur goizean kiroldegiko langileek, udal gobernuarekin izandako bileran. Puntu honetara iritsita, berriro ere negoziatzera esertzeko eta akordiora iristeko ahalegina egin dezaten eskatu die bi aldeei, beste behin. “Horixe da konponbiderik azkarrena eta eraginkorrena”.

Aldiz, datozen egunen buruan BPXport-ek proposamen hau onartu ezean, udalak agortutzat emango ditu berme legalekin zerbitzua epe motzean berreskuratzea ahalbidetuko luketen aukerak, eta epe luzeagoak eskatzen dituzten bideei helduko die udalak.

“Kontziente gara egoera honek zer nolako kalteak sortu dizkien herritarrei eta kirol taldeei, eta gure konpromisoa berretsi nahi dugu, orain arte bezala lanean buru belarri jarraitzeko, egoera latz honi irtenbidea ahalik eta azkarren emateko”, azaldu du udal gobernuak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA