- 12 talde ezberdinetako 3 mailetako 90 txirrindulari inguruk parte hartuko dute: kadeteak (60km), juniorrak (76km), 23 urtez azpiko eta eliteak (114km).
- Olatz Peon Ormazabal alkatea: “Bizikletak eta emakumeen txirrindularitzak kirol alorrean eta sozialki, berdintasunean, jasangarritasunean, kiroltasun balioen transmisioan eta ohitura osasuntsuei begira duen balioagatik, ezinbesteko da bisibilizatzea, eta karrera honek hori lortuko du bosgarrenez”.
Gipuzkoa Ogi Berri - Tolosa C.F. txirrindulari klubak antolatuta, uztailaren 14an jokatuko da Emakumeen Tolosako V. Sari Nagusia. Emakumezkoen Euskal Txapelketaren baitan dago kokatua. 15:00etan hasiko da San Frantzisko pasealekutik abiatuta.
Probaren aurkezpena gauzatu da Tolosan, abiapuntua eta helmuga izanen diren puntuan. Bertan izan dira Tolosako alkate Olatz Peon Ormazabal, GFAko Gazteria eta Kirola saileko zuzendari Goizane Alvarez, Gipuzkoa Ogi Berriko zuzendari Ainhoa Artolazabal, Gipuzkoa Ogiberriko Pista taldeko arduraduna Leire Olaberria eta taldeko txirrindulari den Eukene Larrarte.
3 maila ezberdinetako txirrindulariek parte hartuko dute: kadeteak, juniorrak, 23 urtez azpiko eta eliteak. Kadete mailako lasterketak 60 km izango ditu; gazteenak, 76 km; eta eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindularienak, 114 km. Olatz Peon Ormazabal alkateak berezitasun honi heldu dio: “kategoria ezberdinak batera lehiatzea gutxitan ikusten den aukera da: 16 urtetik aurrera guztiak bat dira. Balio erantsia du horrek ere belaunaldien arteko zabalkundean, ezagupenen transmisioan eta harremanak sustatzean”.
Aurreikusia dago 12 euskal taldek eta 90 txirrindulari inguruk hartuko dutela parte: Allerru (Lezo), Gipuzkoa Ogiberri (Tolosa), Oriako Tx. Eskola (Tolosa), Bizkaia Murias (Uci Taldea), Bioracer (Bizkaia), Moreaga (Bizkaia), Sopela Womens Team (Bizkaia), Caf Turnkey Engineering (Bizkaia), Nafarroa Ermitagaña, Bizikleta.com, Arabarrak (Araba) eta Dc Ride-Vector (Nafarroa).
Maila bakoitzeko lehenengo 3ak izanen dira sarituak. Horrez gain, baita: maila bakoitzeko taldeko txapelduna, maila bakoitzeko tarteko helmuga, Gipuzkoako Txapelketa 3 mailetan eta Euskadiko Txapelketa kadete mailan.
“Bizikletak eta emakumeen txirrindularitzak kirol alorrean eta sozialki, berdintasunean, jasangarritasunean, kiroltasun balioen transmisioan eta ohitura osasuntsuei begira suposatzen duenagatik, ezinbesteko da bisibilizatzea, eta karrera honek hori lortuko du bosgarrenez” . Hala adierazi du Olatz Peon Ormazabal alkateak. “Tolosan berdintasuna egunero eta edonon bermatzeko egiten dugu lan. Bizikleta horren ikur da kirolean. Alor honetan, oraindik, aurrerapausu asko eman badira ere, ehuneko handi batean gizonezkoek osatua izaten jarraitzen du”. Gogora ekarri du honelako ekimen ezberdinek txirrindularitza femeninoaren hauspotze bidean ‘hitoak’ markatu dituztela: “Tolosakoak ere, jada bere 5. edizioarekin, erreferentzialtasuna irabazten du urtetik urtera gurean, eta emakumezkoen kirola ikusarazi eta emakumezko gehiago animatzea sustatzen du”.
Nabarmentzekoak Tolosako txirrindulari parte-hartzaileak: Eukene Larrarte (23 urtez azpikoa), Espainiako txapelduna maddison frogan eta Europako pistako txapelketa absolutura doa abuztuan; Izarne Maioz (Juniorra), Euskadiko errepideko txapelduna, espainiako pistako txapelduna taldekako abiaduran eta madissonean eta abuztuan junior mailako europako pista txapelketara doa; eta Garazi Estevez (Kadetea), pasa den asteburuan Galizian jokatu diren Espainiako txapelketan 2. sailkatu da. Eta Euskal Herri mailakoak: Ane Iriarte, Bizkaia-Murias taldekoa; Lierni Lekuona, Bizkaia-Murias taldekoa baita ere; eta Ana eta Irene Usabiaga ahizpak, Eustrak taldekoak.
Hitzordua: larunbatean, uztailak 14, 15:00etan San Frantzisko pasealekutik abiatuta (Tolosa).