- Uda osoan askotariko 25 jarduera baino gehiago eskainiko ditu kiroldegiak.
- Kanpoko igerilekuko eta futbol-zelaiko pasiluko obrak bukatu dira, eta 2026-2027 denboraldian hainbat hobekuntza izango ditu kirol-instalazioak.
Usabal kiroldegia etengabe hobetzen ari da. Tolosako Udalak berrikuntza batzuk egin ditu erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko: eraberritu egin ditu eraikinaren ur-hartuneak, kanpoko igerilekuetako egurrezko zorua eta futbol-zelaiko pasilloa. 150.000 euroko inbertsioa egin da.

25 ikastaro eta jarduera baino gehiago uztailean eta abuztuan
Udako oporraldian kirola egiteko ikastaroen eta jardueren eskaintza osatu du kiroldegiak. Guztira 27 ekintza eskainiko dira uztailean eta abuztuan, hiru adin-taldetan banatuta. Hemen daude ikusgai eskaintza osoa, ordutegiak eta tarifak.
14 urtetik gorako herritarrei dagokienez, 12 jarduera izango dira aukeran; besteak beste, pilates, cycling, padel- eta tenis-eskola, Kfit eta igeriketa. Berrikuntza bat izango da 13-16 urteko gazteentzako eskaintzan: eskalada izango dute astean bitan, goizez eta arratsaldez. Gainera, iaz emandako lau ikastaro ere eskainiko dituzte: Kfit-gazte, cycling, padel- eta tenis-eskola, eta multiekintzak (azken horretan, zenbait kirol-diziplina landuko dituzte bi astez). 13 urtetik beherakoei dagokienez, sei ekintza eskaini dituzte: igeriketa, dantza-eskola, kirol-ludoteka, futbol-campusa, padel/tenis eskola eta eskalada. Horrez gain, txikientzat egunero eskainiko dituzte goizeko txokoa eta bazkaltzeko aukera.
Izena emateko aukera zabalik dago: 943 53 64 00 telefonora dei daiteke, edo kiroldegira bertara joan, 09:00etatik aurrera.
Kanpoko igerilekuak
Udako igerilekua atzo ireki zuten, nahiz eta eguraldiak ez zuen lagundu. Astebururako giro ederra espero da. Kanpoko igerilekuak zabalik egongo dira irailaren 30era arte. F7/solariuma eremuko tornuetatik sartu beharko da, eta bertan langile bat egongo da 10:00etatik 20:30era.
2026-2027 denboraldirako prest
Hurrengo denboraldian hainbat berritasun izango dira. Batetik, kanpoko F7/solarium zelaia irekita egongo da asteburuetan, 16:00etatik 20:00etara. Bestetik, -1 kantxan harmaila mugikor bat jarriko da 105 lagunentzako lekuarekin. Hirugarrenik, tatami- eta rokodromo-guneak kirol-jarduerarako mugatuko dira asteburuetan, gunea bereziki itxita.
Bestalde, Udalak kirol-elkarteentzako gimnasio propioa berritu du, eta indar-elementuak jarri ditu. Gimnasio horren erabilera partekatua eta antolatua izango da.
NIK txartela kiroldegian
Eusko Jaurlaritzak telefono mugikorretarako sortutako aplikazioa da NIK Patrika Digitala. Horren bidez, telefonoan eduki daitezke administrazio-txartelak eta agiriak, modu seguruan, zorro digital (wallet) gisa: Osakidetzako txartela, liburutegikoa, gazte-txartela... Hurrengo denboralditik aurrera, Usabal kiroldegikoa ere bai.
Aplikazioaren abantaila nagusia da datuak enkriptatuta dituela, eta gailuan bertan gordetzen direla; hala, administrazio publikoen webguneetara eta zerbitzuetara sar daiteke pasahitza gogoratu beharrik gabe eta modu seguruan.
Udal-gobernuaren konpromisoa
Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok, balorazio positiboa egin du Usabal kiroldegian egindako inbertsioen inguruan: «Agintaldi hasieratik lanean aritu gara Usabal kiroldegiaren eta, oro har, Udalaren kirol-zerbitzuak eta eskaintza hobetzeko, eta herritarrek eskura izateko. Udal-gobernuaren konpromisoa izan da, hain zuzen ere, tolosarrek merezi dituzten instalazioak izatea, energia-efizientzian eta material jasangarrietan oinarrituta».
Datozen hilabeteetan martxan izango diren hobekuntza batzuk ere aurreratu ditu Martinez de Rituertok: «Gaur aurkeztu ditugun berrikuntzek eta lanek jarraipena izango dute. Aurreratzen dut Usabal kiroldegiaren galdara nagusia berrituko dugula, eta klimatizazio berria martxan jarriko dugula. Halaber, iragarri nahi dut Next Generation funtsetatik ia 900.000 euro jasoko dituela Tolosako Udalak, lan horiei aurre egiteko. Udaleko langileak zoriondu nahi ditut egin duten lan eskergagatik, diru-sarrera horiek gure herrira ekartzeko egindako ahaleginagatik».
