Mugi Tolosan egutegiak banatu dituzte, egitasmoa herritarren artean gizarteratu eta duen garrantzia azpimarratzeko

Tolosako Udala
2019/12/12 | Kirolak
  • Parte hartzaileen poza ikusaraztea, belaunaldien arteko harremanen garrantzia azpimarratzea eta jarduera fisikoak ezberdinen arteko harremanak sendotzeko duen ahalmena balioan jartzea dira egutegiaren helburuak.

  • Hirugarren urtea da Tolosako Udalak Mugiko irteeren argazkiekin osatutako egutegia banatzen duela parte hartzaileen artean. 1.000 egutegi banatuko ditu guztira.

 

Mugi egitasmoko irudiekin osatutako 2020ko egutegiak banatu zituzten atzo, adinekoak ariketa fisikoa egitera animatzeko astero egiten duten irteeraren amaieran. Hirugarren urtea da Tolosako Udalak Mugiko irteeren argazkiekin osatutako egutegia banatzen duela parte hartzaileen artean. Gizarte ekimen kolaboratibo hau gizarteratzea da proiektu honen helburu nagusia, bertan parte hartzen dutenen poza ikusaraziz, belaunaldien arteko harremanen garrantzian azpimarratuz eta jarduera fisikoak ezberdinen arteko harremanak sendotzeko duen ahalmena balioan jarriz.

Gero eta adineko gehiago dago bakarrik bizi dena, eta jarduera fisikorik egiten ez duena. Mugi egitasmoaren bidez egoera baztertzaile honi buelta ematea bultzatu nahi du Tolosako Udalak. Horretarako, gizarteari ezagutarazi behar zaio adinekoek laguntza behar dutela, elkartzeko gune bat behar dutela, maitatuak sentitu nahi dutela… horretan guztian belaunaldien arteko harremanek duten garrantzian egiten du bereziki azpimarra Tolosako Udalak. Hilabete bakoitzeko orri bat du egutegiak, eta orri bakoitzean jarduera fisikoko, higiene posturaleko eta elikatzeko gidatxoa ditu txertatuta beheko aldean, hilabetez hilabete gogorarazteko.

Udaten eta Ekoetxen jaso daiteke egutegia

Guztira 1.000 egutegi banatuko ditu udalak aurten. Horietatik 400 inguru herriko ikastetxeetan banatuko dira, eta Mugi egitasmoan parte hartzen duten eragileen artean ere banatuko dira. Gainerakoan, egutegia eskuratu nahi duten herritarrek Udaten eta Ekoetxen jaso dezakete Mugiko egutegia, eta baita Tolosako anbulatorioan eta Usabal kiroldegian ere.

Mugi egitasmoa asteazkenero egiten dute, aurten seigarren urtez, udalak eta herriko hainbat elkartek eta eragilek bultzatuta. 10:30ean eta 11:00etan elkartzen dira, Zerkausian, eta ibilbidetxoa egin ondoren bertan amaitzen dute, salda hartuz. Urrian hasita, astero batez beste 200 pertsona inguru elkartzen dira, gazte zein heldu, herriko ikastetxeetako gazteek ere parte hartzen baitute proiektuan.

Tolosako Udaletik gogorarazten da ekimena herritar guztiei zabalik dagoela, nahi duenak ibilbide osasuntsu hauetan parte hartzeko.