Tolosako kirolari aitortza egingo dion Kirol Gala abenduaren 22an izango da

Tolosako Udala
2021/12/17 | Kirolak
  • Herriko kirolariek, kirol taldeek eta kirol elkarteek egindako lana balioan jarri eta izandako lorpenak errekonozitu nahi ditu beste urte batez Tolosako Udalak.

  • Zuzenean zein zeharka, kirolak bultzatzen dituen balio anitzak bisibilizatzea da ekitaldi honen helburua.

  • Gala Leidorren izango da, 19:00etan hasita. Sarrerak mugatuak izango dira, eta sartzeko covid pasaportea eskatuko da.

 

Tolosako Udalak herriko kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta izandako lorpenengatik errekonozitu nahi ditu. Horretarako, datorren asteazkenean, abenduak 22, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kirol Galaren edizio berri bat egingo da Leidor Aretoan. Tolosako kirol elkarteek egiten duten lana goraipatzeko gala izango da aurtengoa ere. Egungo osasun egoera kontuan hartuta, sarrerak mugatuak izango dira aurten, eta Leidorrera sartzeko covid pasaportea eskatuko da.

Aurtengo ediziorako ere, ohikoa den moduan, Tolosako kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, kirol elkarteek eta herriko beste hainbat eragilek bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak.

Balioak indartzeagatik aitortza

Ekitaldi honekin, kirolariek garaipenak azpimarratzeaz gain, Tolosako Udalak kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituzten pertsonak eta eragileak ere errekonozitu nahi ditu. Horren baitan, honakoak izango dira aurtengo kategoriak eta sariak:

  • Emakumezko kirolari onena edo emakumezkoen kirol talde onena

  • Gizonezko kirolari onena edo gizonezkoen kirol talde onena

  • Neska promesa edo nesken kirol talde promesa onena

  • Mutil promesa edo mutilen kirol talde promesa onena

  • Ekitate eta baloreen saria (jokabide berdinzaleak eta baloreen aldarrikapenerako ahalegin berezia egin duten pertsonak, kirol elkarteak, zuzendaritzak, teknikariak, epaileak, hedabideak, enpresak…).

  • Aipamen bereziak (kirol eta jarduera fisikoen arloan beren lan, ekarpen, laguntza, eredu, ibilbide… esanguratsua izan duten pertsonak, taldeak edo elkarteak).

2021eko sari nagusia hautagai guztien arten aukeratuko da. Urtero bezala, kirolari ugarik diploma ere jasoko dute lortutako lorpenengatik. Saridun guztiek oroigarri berezia jasoko dute aurten ere, 2019an lehen aldiz banatu ziren sari bereziak banatuko baitira: Kontuz! Kreatiboak taldeak hiru dimentsiotan egindako poliedro formako oroigarria.

Ohi bezala, diplomak, Tolosa&CO elkarteko dendetan erabiltzeko txartelak, bertako produktuekin osatutako Tolosako Azokako saskiak eta kiroldegiko bazkidetzak ere banatuko dira irabazleen eta izendatuen artean. Kirolaririk onena jasotzen duenak txapela ere jasoko du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA