Tolosako kirolari aitortza egingo dion Kirol Gala asteazkenean izango da

Tolosako Udala
2020/01/10 | Kirolak
  • Herriko kirolariek, kirol taldeek eta kirol elkarteek egindako lana balioan jarri eta izandako lorpenak aitortu eta balioan jarri nahi ditu beste urte batez Tolosako Udalak.

  • Zuzenean zein zeharka, kirolak bultzatzen dituen balio anitzak gizarteratzea da ekitaldi honen helburua. Leidorren izango da, 19:00etan hasita.

 

Tolosako Udalak herriko kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta izandako lorpenengatik errekonozitu nahi ditu. Horretarako, datorren asteazkenean, urtarrilak 15, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kirol Galaren edizio berri bat egingo da Leidor Aretoan. Tolosako kirol elkarteek egiten duten lana goraipatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du Kirol Galak.

Aurtengo ediziorako ere, ohikoa den moduan, Tolosako kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, kirol elkarteek eta herriko beste hainbat eragilek bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak.

Ekitaldi honekin, kirolariek garaipenak azpimarratzeaz gain, Tolosako Udalak kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituzten pertsonak eta eragileak ere errekonozitu nahi ditu. Horren baitan, honakoak izango dira aurtengo kategoriak eta sariak:

  • Kirolari edo kirol talderik onena. Bost sari emango dira kategoria honetan:

    • 14 eta 18 urte bitartekoen arteko neska kirolari onena eta mutil kirolari onena.

    • 18 urtetik gorakoen artean neska kirolari onena eta mutil kirolari onena.

    • Guztien artetik hautatutako kirolaririk onena.

  • Kirol jarduera eredugarriena.

  • Izendapen bereziak.

 

Berrikuntzak sarietan

Bi urtez behin egiten den ekitaldi honekin, zuzenean zein zeharka, kirolak bultzatzen dituen balio anitzak gizarteratzea lortu nahi da, kirolariei zein taldeei eta elkarteei errekonozimendu publiko bat eginez.

Bide horretan, berrikuntza bat egongo da aurten sariei dagokionean. Izan ere, ohiko sariez gain, Kontuz! Kreatiboak taldeak egindako oroigarri berezi batzuk ere banatuko dira. Hiru dimentsiotan egindako poliedro formako oroigarri da. Kutxa baten gainean kokatuta dago, eta poliedro bakoitzak kirol balio ezberdin bat irudikatzen du: indarra, malgutasuna, esfortzua… Poliedroaren azpiko kaxan zorion txartela eta udalaren agurra jasoko dira. Ohi bezala, diplomak, Tolosa&CO elkarteko dendetan erabiltzeko txartelak, bertako produktuekin osatutako Tolosako Azokako saskiak eta kiroldegiko bazkidetzak ere banatuko dira irabazleen eta izendatuen artean. Kirolaririk onena jasotzen duenak txapela ere jasoko du.

Beste urte batez Aitor Elduaien izango da galaren gidaritza izango duena, eta saioaren amaieran gimnasia erritmikoko taldeak koreografia pare bat ere eskainiko ditu.