Tolosako Ziklokrosa III. Pablo Arsuaga memoriala jokatuko da asteburu honetan

Tolosako Udala
2023/10/19 | Kirolak
  • Iurramendiko zelaietan bizikletaren festa izango da larunbatean eta igandean. 
  • Ibilbideak 3.000 metroko luzera izango du eta 92 metroko desnibela. 

 

Tolosako Ziklokrosa III. Pablo Arsuaga memoriala jokatuko da asteburuan OTXEk antolatuta, Tolosako Udalaren babesarekin. Euskal Herrian tradizio handiko jarduera da eta egutegian garrantzizko lasterketa izango da larunbateko eta igandekoa. Gainera, kirolariak bueltaka ibiliko dira 3.000 metroko luzera eta 92 metroko desnibela duen zirkuituan eta zaleek maiz ikusteko aukera izango dute. Euskal Ligaren lehen lasterketa izango da Tolosakoa eta Ormaiztegin bukatuko da urtarrilaren 7an.

Tolosak eta ziklokrosak badute aspalditik harreman estua, 1960 zein 1981 urteetan antolatutako munduko txapelketak adibide. Tolosara ekarri zituzten momentuko munduko espezialista trebeenak, eta bertan izan zen aukera ikuskizun paregabe batekin gozatzeko. Tolosako txirrindulariak ere baziren aipatu lasterketetan, besteak beste, Pablo Arsuagak ere lehiatu zuen 1981eko Tolosako proban. Ikusitakotik zaletu eta txirrindulariak ere sortu ziren.

Geroztik, eta azken urteetan ziklokrosak izan duen goranzko bilakaerari jarraiki, eta Pablo Arsuaga eta bere sendiak txirrindularitzarekin duen harremana tarteko, Iurreamendiko lur eremu ezin hobean bertako txirrindulari eskolako gazteak entrenatzen eta zirkuitua bera antolatzen ikusten ziren bitartean, sortu zen herriari ekarpena egin eta Tolosan ziklokrosa antolatzeko ideia. Eta lanari ekin zioten 2021 urtean kadete eta junior neska mutilei lasterketa polit bat eskainiz.

2022rako Euskal Herriko txapelketa antolatzeko eskaintzari gogo handiz heldu zioten eta jarraipena egiteko asmoarekin aurten ere, Euskal Ligako lehen lasterketa da Tolosakoa eta prestaketa lanetan ibili dira buru belarri eskolako txirrindularien eskuetatik sortutako zirkuituan

Lasterketa programa

Aurtengorako, iazko Euskal Herriko txapelketaren ondotik, gazteenek izango dute mendiko bizikletaz gozatzeko tartea. Bizikletaren festa larunbatean (urriak 21) hasiko da arratsaldez. Eskola kirolan txertatua dute txirrindularitza eta gaztetxoek izango dute euren abilezia erakusteko aukera. Hala, 16:00etan alebinak arituko dira parte hartzen eta jarraian, benjaminak eta infantilen txanda izango da. Ondoren zozketa egingo da. Igandean, berriz, goizeko 9:15etan hasiko da lasterketa eta ondoko mailetakoak arituko dira ikuskizuna eskaintzen: master 40/50/60 ; kadeteak neskak eta mutilak (10:15); junior mutilak +Open eta junior neskak; Open mutilak (Elite+Sub23) + Master 30. Podiuma 13:45ean izango da.