Usabal kiroldegian ekainaren 25ean hasiko den uda kanpainarako izen-emateak zabalik

Tolosako Udala
2019/05/28 | Kirolak
  • Ikastaro guztietarako izen-emateak zabalik daude, haur-igeriketakoak ezik; hauek ekainaren 5ean zabalduko dira.
  • Kanpoko igerilekuak ekainaren 15etik irailaren 23a bitarte egongo dira zabalik.

Usabal kiroldegian udako programazioari azken ikutuak ematen ari dira. Ekainaren 25ean emango zaie hasiera Usabal Kiroldegiko haur ikastaroei: hamabostaldikoak izaten dira, 2 aste 10 saiotakoak. Aurten ekainaren 25tik 28ra astebeteko txanda egingo da, eta gero hamabostaldiak honakoak izango dira:

  • Uztailaren 1etik 12ra.
  • Uztailaren 15etik 26ra.
  • Uztailaren 29tik abuztuaren 9ra.
  • Aste Nagusian itxita.
  • Abuztuaren 19tik 30era.

Helduen ikastaro gehienak hilabetekoak izango dira, uztaila edo abuztua, astean 2 egunetan.

Ikastaroen ekaintza zein ordutegiak atxikitako eskuorrian kontsulta daitezke.

  • Haurrentzako, 3-16 urte artean, 16 ikastaroko eskaintza dago eskura: igeriketa, dantza eskola, jumpfit junior, kfit junior, kirol ludoteka, futbol stage, basket stage, eskalada, triatloi kanpusa, padel eskola, tenis, piraguismoa TAK Oria, arrauna TAK Oria, pilota eskola, voley playa, piraguismoa Zumardia.

  • Helduentzako, berriz, 14 ikastaro: aquafitness, jumpfit, pilates, zumba, desafit, k-stretch, body pump, cycling, padel eskola Berazubi, igeriketa, hondartza boleia, kfit Berazubi, GAH abdominal hipopresivo, piraguismoa Zumardia.

Izen-emateak zabalik dira jada. Haur Igeriketarako ekainaren 5etik aurrera zabalduko da. Bazkideek Usabalen, telefonoz (943536400) eta facebook orrialdearen bitartez egin dezakete izen ematea. Ez bazkideak, berriz, Usabalen ordainketa eginez.

Informazio guztia www.usabalkiroldegia.com -en.

Udarako igerilekuak prestatzen

Dagoeneko hasiak dira kiroldegian kanpoko igerileku eta zerbitzua osatzen duten elementu guztiak uda kanpainari begira puntuan jartzen.

Kanpoko igerilekuak ekainaren 15etik irailaren 23a bitarte egongo dira zabalik, 10:00etatik 21:00etara.

Aurten itzalgune gehiago egongo da, itzalkin berriak jarri baitira, eta erabiltzaileen mugikortasuna errazteko, bizikletak aparkatzeko eremu gehiago egokitu da.

Usabaletik gogorarazi dute dagoeneko goiko solariumean hamaka eta aulkiak daudela interesdunen eskura.