Usabal kiroldegian mantentze- eta garbiketa-lan sakonak egin dira inauterietan, eta hainbat kirol-makina berrirekin ireki ditu ateak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/03/13 | Kirolak
  • Mantentze- eta garbiketa-lanen artean, igerilekuak hustu eta guztiz garbitu; saunak eta baporezko bainuak; fitness gelako makineriaren mantenimendua: padeleko paretak konpondu eta margotu dira; lurreko belarra bere onera ekarri eta egokitu; kantxa ezberdinetako azpiegiturak txukundu; edota instalakuntza osoko aldageletako armairuen errebisio eta desinfekzio sakona egin da.
  • Eraberritze lanak ere egin dira: kirol klubek entrenatzeko erabiltzen duten gelan makina berriak jarri dira, eta fitness espazioaren pareko komunetako ateak aldatu dira eta zeudenen ordez lerragarriak edo korrederak jarri dira.
  • Ikastaroek ere aurrera jarraitzen dute, eta martxoaren 14an zabalduko da, udarara begira prestatu nahi duen ororentzat, ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea.

Inauteriak pasata, abian da berriz ere Usabal kiroldegiko eguneroko jarduna. Urtero bezalaxe, inauterietan zehar instalazioei errepasoa eman zaie, garbiketa lanez gain, beste hainbat mantentze-lan ere eginez eta berrikuntza ugari ezarriz.

Lanen artean, igerileku guztiak hustu, garbitu, algen kontra tratatu, juntak hartu eta bete egin da ura, garaiz berotzeko. Igerileku guneko zorua ere sakon garbitu da. Sauna lehorretako egurrak lijatu eta tratatu dira, eremua desinfektatzearekin batera. Baporezko bainuan ere berdin. Fitness gelari dagokionez, zenbait makinatako piezak askatu eta tapizatzera eraman dira, muskulazio gelako zenbait aparatu pintatu, eta makina guztiak atera eta lurra ondo garbitu eta desinfektatu da. Beste kirolguneei erreparatuz, padeleko paretak konpondu eta margotu dira, lurreko belarra bere onera ekarri, hondarra garbitu eta berrezarri; kantxetako porteriak garbitu; kanasten sistemaren errebisioa eta garbiketa; futbol zelaiko perimetroko saretoa edo errejila kendu eta garbitu; edota futbol zelaiko kautxoa orraztu. Instalazio osoko aldageletako armairuen errebisio eta desinfekzio sakona ere egin da, herdoildutako bisagrak kendu... Baita kristal eta erlaitz edo repisa guztien garbiketa ere.

Kiroldegiko arduradunek azpimarratu dute “lan hauek guztiak ezinbestekoak dira instalazioa behar den moduan mantentzeko eta horregatik da geldiune tekniko hau hain garrantzitsua, urte osoan jendearen presentziagatik burutu ezin diren lanak egiteko aukera ematen digulako”. Eskertu dute, era berean, mantenimendu eta garbiketa lantaldeak egin duen lana: “mantenimendu eta garbiketako taldeak jo eta su egiten du lan instalazioak duen osasuna luzaroan manten dezan eta bezero guztiak disfrutatu ditzaten. Horregatik, gure eskerrik handienak izandako dedikazio eta esfortzuagatik”.

Bestalde, kirol klubek entrenatzeko erabiltzen duten gelan makina berriak ezarri dira: 'multilan' lekuak dituen poleak, kuadrizepsak lantzeko prentsa, press banca (bularra), dominaden aparatua, bi trx, bi arraun ergometro eta bizikleta bat.

Eraberritze lanekin jarraituz, “bazkide askoren iradokizunak jarraituz”, azaldu dutenez, fitness espazioaren pareko komunen ateak aldatu dira, zeudenen ordez lerragarriak edo korrederak jarriz. “Modu honetan, batek dagoeneko ez du pasoa oztopatzen eta besteak ez du konketan zegoena kolpatzen”.

Ikastaroek ere aurrera jarraitzen dute, eta martxoaren 14an zabalduko da, udarara begira prestatu nahi duen ororentzat, ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea. Bazkideek Usabalen, telefonoz (943536400) eta facebook orrialdearen bitartez egin dezakete izen ematea. Ez bazkideak, berriz, Usabalen ordainketa eginez.

Edozein zalantza argitzeko, Usabal kiroldegiaren jar zaitezke harremanetan 943 53 64 00 telefonoaren bitartez, www.usabalkiroldegia.com -en edota Facebook bidez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA