V. Irristaka Indoor Saria jokatuko da igandean Usabal kiroldegian

Tolosako Udala
2019/12/20 | Kirolak
  • Euskal Herriko 73 irristalarik parte hartuko dute, bi mailatan banatuta: 15 urtetik beherakoak eta 15 urtetik gorakoak. 36 emakumek eta 37 gizonek parte hartuko dute.

  • Indoor irristaketa mota abiadurakoa da, pista estalian egiten dena eta distantzia motzean.


Igande honetan, abenduak 22, jokatuko da bosgarren Irristaka Indoor Saria, Usabal kiroldegian. Dagoeneko egutegian beren tartea egitea lortu dute Irristaka taldekoek, eta sendotzen eta handitzen ari den txapelketa da. Irristaka taldetik adierazi dutenez, txapelketaren maila ere igotzen ari da.

Aurten, guztira, 73 parte hartzaile espero dituzte: 23 gipuzkoarrak, 11 arabarrak, 5 bizkaitarrak eta 34 nafarrak. Bi mailatan lehiatuko dira: 15 urtetik beherakoak eta 15 urtetik gorakoak. 36 emakumek parte hartuko dute indorrean, eta 37 gizonek. Horietatik 44 hamabost urtetik beherakoak izango dira eta gainerako 29ak 15 urtetik gorakoak. Boluntario taldea ere ez da txikia izango, 35 eta 40 pertsona inguru arituko baitira lanean igandean.

V. Irristaka Indoor Saria 10:00etan hasiko da, eta sailkatze probak amaituta 13:00ak aldera jokatuko dituzte finalak.

Maila altuko irristalariak

Euskal Herriko talde ezberdinetatik iritsiko dira parte hartzaileak Tolosara. Irristaka taldetik adierazi dutenez, “maila ezberdinetako patinatzaileek parte hartuko dute: 30 urte ingururekin mundu hau ezagutu dutenak eta probetan parte hartzen hasi direnak, gaur egun hanka bat Espainiako selekzioan dutenak, Behobiako irabazleak, iazko irabazleak bai emakumetan eta bai gizonetan, eta txikitatik patinatu duen jendea”.

Maila altuko irristalariak ikusi ahalko dira igandean Usabalen. “Ez da nolanahiko lehia izango, eta maila altuko patinatzaileak ikusteko aukera egongo da, tartean Joseba Fernandez eta Patxi Peula munduko txapeldunen taldekideak”.

Indoor irristaketa mota abiadurakoa da, pista estalian egiten dena eta distantzia motzean. Lasterketak bi formatutan jokatuko dira: Sailkatze probak egingo dira 10 lasterketetara; bi irristalari sailkatuko dira eta bi kanporatu; gero final B deitutakoak egongo dira. Hor sailkatzen direnek finala jokatzeko aukera berreskuratuko dute. Bigarren formatua errelebo proba izango da, eta hiruko taldetan lehiatuko dira, bederatzi itzulitara. “Kontaktu handiko lasterketak dira; azkarrena 25 segundo ingurukoa izan liteke eta lasaiena 40-45 segundokoa”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

Ostegunetan 17:00etatik 19:00etara etortzeko, EZINBESTEKOA da hitzordua izatea.

ESKATU HITZORDUA