- Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta, maiatzaren 19an ospatuko da, eta 68 kilometroko bidea egin beharko dute mendizaleek, Gipuzkoa eta Nafarroa lotuz.
- Izen ematea martxoaren 19ko 09:00etan zabalduko da www.14orduak.eus eta www.zirkuitua.com webguneetan eta 25 euroko kostua izango du. Bi webgune horietan daude ikusgai baldintzak eta arauak.
Tradizioak, naturak eta mendizaletasunak bat egin dute berriro 14 Orduko Ibilaldiarekin. Lau urtez behin egin ohi den mendi martxa da, baina pandemia tarteko, 2020. urtean ezin izan zen ospatu. Bada, zortzi urteko etenaren ondoren, berriro ere bueltan da: maiatzaren 19an ospatuko da.
1925. urtean 14 mendizalek egindako txangoa ekarriko du gogora mendizaletasunaren ikur den ibilaldiak, beste behin. Tolosa abiapuntu eta helmuga izanda, Gipuzkoa eta Nafarroa mendi bidez lotuko dituzte mendizaleek, naturaz gozatzea helburu nagusi hartuta.
Hain zuzen, martxaren antolaketaz arduratzen diren Aralarko Adiskideak elkarteko kideek azpimarratu dute ez dela lasterketa bat, mendi-ibilaldi bat baizik: «14 orduetan parte hartu eta amaitzea garaipen bat da bere horretan. Mendiaz gozatzea eta erronka mendizaleekin partekatzea da saria, ingurune paregabe batez lagunduta, gainera».
Izaera hori mantentzeari esker, «14 Orduko Ibilaldia mendizaletasunare ikur» bihurtu dela azpimarratu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «behin baino gehiagotan parte hartu dut mendizale modura. Parte hartzaileontzat esperientzia paregabea da, gozamena; baina atzetik boluntario askoren lana ere badago, eta udalaren izenean eskertu nahi ditut guztiak».
Natura zaintzeko deia
Ingurumena babesteko eta autosufizientzia sustatzeko neurriak hartzen jarraitzen dute antolatzaileek. Hori horrela, aurreko edizioetan egin bezala, anoa guneetan ura bakarrik banatuko da. Hortaz, parte hartzaileek gainean eraman beharko dute jan-edana.
Aurten beste proba bat egingo dute, gainera: sareko ura iturri anitzeko hodi batera lotuko dute Gorritin, eta mendizaleek hortik hartu ahal izango dute, beren botila edo kantinploretan. «Plastiko edo beirazko hondakin gutxiago sortu nahi ditugu horrela. Aurten ondo ateraz gero, ikusiko dugu beste puntu gehiagotara eraman ote daitekeen», diote.
Era berean, mendizaleen laguntza eskatu dute antolatzaileek eta udalak, ibilbidea txukun mantentzeko: «2000 mendizale bide beretik joatean gauzak behar bezala egiten ez badira, ingurugirorako karga da. Errespetuz jokatzeko dei egiten dugu, horregatik, ibilbidean zehar sortzen den zaborra modu egokian kudeatzea eskatzen dugu, horretarako prestatuta dauden tokiak erabiliz, ondo sailkatuz edota ez dagoenean, gainean eramanez».
Autobus zerbitzua Amezketara
Aurten ere doako autobus zerbitzua jarriko da Tolosatik Amezketara, laguntzaileen eta parte hartzaileen joan-etorria errazteko, eta trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. 16:00etan hasiko dira irteten autobusak, eta orduerdio izango da zerbitzua, 20:00ak arte.
68 kilometro, 17 udalerri zeharkatuz
Ibilbidea Tolosan hasi eta amaituko da, 68.529 metroko luzera izango du. Guztira 17 udalerri zeharkatuko dira bidean: Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta berriro Tolosa. Hau da, Gipuzkoako 10 udalerri eta Nafarroako beste 7.
Hauxe da ibilbidea: Tolosa - Gaztelu - Uli - Merku - Gorriti - Azpirotz - Lekunberri - Burnigurutze - San Miguel - Guardetxe - Igaratza - Minak - Amezketa - Alegia - Tolosa. Azken edizioarekin alderatuta, bada aldaketa bat: aurten ez da Zaratetik egiteko aukera izango.
Ibilibidea anitza da: igoera eta jaitsiera gogorrak ditu, 1.946 m-ko malda baitu. Lautadak, belarrezko bideak, lokatza, harria eta errepidea edota ibaiak gurutzatzen ditu, baita basoak eta zabalguneak ere.
Gainera, ibilbide berean egunsentia eta ilunabarra ikus daitezke. Izan ere, mendi martxa goizeko 05:00etan abiatuko da, minuturo 80 pertsona, eta 17:00-21:00 bitartean amaituko da.
Ibilbidea ordu horien barruan amaitzen duten pertsona guztiek 14 orduko txangoa bete dutela jasotzen duen ziurtagiri bat jasoko dute. Ziurtagiri hori lortzeko, ordea, ezinbestekoa da bidean zehar dauden kontrol-gune guztietatik pasatzea.
Izen ematea, bihartik aurrera
Izena emateko epea bihar, martxoaren 19an, zabalduko da, gauerdian, www.14orduak.eus eta www.zirkuitua.com webguneetan. 25 euroko kostua du, eta diru hori antolakuntza gastuak estaltzera eta ekitaldiaren kalitatea eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzera bideratuko da. Parte hartzaileek, gainera, kamiseta eta kantinplora bana jasoko dute opari. Hauek maiatzaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira.