‘Nola zaude?’, tolosarren ongizate emozionala ezagutzeko galdetegia zabaldu du Tolosako Udalak

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/25 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Gaurtik hasita eta ekainaren 15era bitarte, galdetegian parte hartzeko aukera izango dute 14 urtetik gorako tolosarrek

Helburua da jasotzea herritarrek ongizate emozionalaren zenbait alderdi nola bizi dituzten, horretarako, haien bizipen, sentipen eta pertzepzioak jasota. Era berean, honako bi helburu hauek lortu nahi dira: batetik, aztertzea zenbait aldagai eta ezaugarrik ongizate emozionalean nola eragiten duten (adina, sexua, jatorria…) eta, bestetik, identifikatzea herritarren ongizate emozionalarentzat lagungarri izan daitezkeen aspektuak.

Galdetegi honek lagundu egin nahi du tolosarren osasuna eta ongizate emozionala hobetu nahi duen herria eraikitzen, beharrak identifikatu eta hala, udal-zerbitzu, programa eta ekintzak hobetzeko. Horregatik, Tolosako Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu galdetegia betetzera eta ahalik eta zabalkunde handiena ematera.

Galdetegia Tolosan bizi eta 14 urtetik gora duten herritarrei zuzenduta dago, behin erantzun ahalko da eta erantzunak anonimoak izango dira. 5-10 minutu soilik beharko dira betetzeko. Herritar guztien partaidetza errazteko, galdetegia 4 hizkuntzatan betetzeko aukera egongo da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Gainera, arabierako bertsioa ere eskuragarri egongo da, kontsultarako. Esteka honen bitartez, online bete ahalko da eta eskuz betetzeko aukera ere izango da, lau gune hauetan: kultur etxea, Andragora, Udate eta Gizarte Zerbitzuak.  

Azken urteetan, Tolosako Udalak arreta berezia jarri dio herritarren osasun eta ongizate emozionala aztertzeari. Izan ere, 2023an, Herritarren Batzarra ekimena bideratu zuen, eta herritarrei aukera eman zitzaien galderaren honen inguruan deliberatzeko: «Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosako lortzeko?». Galderari erantzunez, Herritarren Batzarrak proposatutako gomendioen artean zegoen Tolosarren ongizate emozionala ezagutzea. Eta konpromiso horri erantzuteko, Tolosako Udalak, tolosarren ongizate emozionala ezagutzeko galdetegia zabaltzeaz gain, galdetegia eta formakuntza-saioak egin ditu nerabeekin harremana duten hezkuntzako eragileei zuzenduta (Suizidioari Stop), eta Tolosako  Zaintza Mahaia eta I. Plana eratzeko egitasmoa martxan jarri du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA