Astelehenean hasiko da gazteentzako ikastaroetarako aurretiko izen-ematea

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroak dira. Yogak, joskintzak eta erleei buruzko ikastaroak osatzen dute eskaintza.
  • Aurretiko izen-ematea irailaren 14tik 20ra egingo da. Talderen batean hamar lagunek baino gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo da.

Yogak, joskintzak eta erleei buruzko ikastaroak osatzen dute 2026ko udazkeneko gazte ikastaroen eskaintza. Urritik abendura bitarte izango dira, euskaraz, Tolosako kultur etxean. Ikastaroak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude.

Irailaren 14tik 20ra aurretiko izen-ematea izango da. Ikastaroak gutxienez bost pertsonaren izen-ematea izan beharko du aurrera egiteko, eta talderen batean hamar lagun baino gehiago elkartzen badira, zozketa egingo da aurretiko izen-ematea amaitutakoan; hau da, irailaren 21ean. Kasu horretan, hurrengo egunean jakinaraziko dira emaitzak, posta elektronikoz. Behin betiko izen-ematea irailaren 23tik 30era egin beharko da, ikastaroan tokia gordetzeko.

Aurretiko izen-ematea formulario honen bidez egin beharko da: izenematea.tolosa.eus. Kontuan hartu izen-emate orri hori ez dela argitaratuta egongo irailaren 14ra arte. Irailaren 23tik 30era egingo den behin betiko izen-ematea, aldiz, Tolosako Udalaren egoitza elektronikotik egingo da, dagokion izapidera sartuta, edo bestela, aurrez aurre UDATEn, herritarren arretarako bulegoan: astelehenetik asteazkenera, 07:15-14:15 ordutegian; ostegunetan, 07:15-19:00; eta ostiraletan, 08:15-14:15.

Hiru ikastaroek 20,10 euroko prezioa dute, eta ordainketa bakarrean ordaindu beharko da zenbatekoa, urriaren 1etik 30era bitartean. Ordainketak banku-ordainketa bidez egitea lehenesten da, helbideratuta; aukerarik egongo ez balitz, Tolosako Udaleko zerga-bilketa unitatera jo daiteke, ordainagiria eskatu eta dirusarrera banketxean egiteko.

 

Kultur ikastaroak

Bestalde, uztailean argitaratu bezala, irailaren 11n amaituko da kultur ikastaroetan izena emateko epea. Antzerkia, argazkigintza (hastapena eta aurreratua), balleta, dantza garaikidea, ehoziri-lanak eta patchworka, pintura eta marrazketa, eskulanak eta zeramika eskainiko dira. Ikastaro gehienak helduei zuzendutakoak dira, baina badira haurrei zuzendutako batzuk ere. Informazio gehiago, hemen.

Topagunea: irailaren 16tik aurrera, zabalik

Irailaren 16tik aurrera ateak zabalik izango ditu Tolosako Gazte Topaguneak 6. mailatik hasi eta 17 urte bitarteko gazteentzat . Asteazkenetik ostiralera 17:00-20:00 bitarte egongo da zabalik, eta larunbat zein igandeetan, 16:30etik 20:30era. Hona hemen datozen egunetarako jarduerak:

Irailak 16: Topagunearen irekiera

Irailak 17-18: Beldurraren Etxea antolatzeko deialdi irekia (DBH 1etik aurrerakoentzat)

Irailak 23, 24 eta 25: Sukaldaritza

Irailak 30: Murala leihoan

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA