‘Azokatik mahaira: sukaldean behin’ tailerra, Zerkausian

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/09/10 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Larunbatean izango da, 11:00etan, eta 2 orduko iraupena izango du.
  • Parte hartzeko, ez da aldez aurretik izena eman behar. 

Tolosako Udalak, Gipuzkoako Azoken Sarearekin eta Landaolarekin (Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioarekin) elkarlanean, Azokatik mahaira: sukaldean behin tailerra antolatu du irailaren 12rako, larunbata, Zerkausian, 11:00etan hasita.

Nutrizio eta sukaldaritza tailerraren helburua da herritarrei tresnak ematea eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antola dezaten. Saioan, bi ordutan, aste osorako otorduak prestatzeko teknikak eta aholku praktikoak landuko dira, eta baliabideak emango dira sukaldean denbora nola optimizatu, eta, aldi berean, dieta orekatua nola izan jakiteko.

Ekimenak bertako eta garaiko produktuak izango ditu ardatz, eta hala, tokiko ekoizleen lana nabarmendu, eta kontsumo arduratsuaren garrantzia azpimarratuko da. Halaber, landa garapena eta tokiko ekonomia sustatu nahi dira, kalitatezko produktuen bidez herritarren eta lehen sektorearen arteko lotura indartuz: «Tailerrak elikadura ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta, aldi berean, inguruko produktuen balioa ezagutzeko aukera emango die parte hartzaileei», adierazi du Turismoa, Merkataritza eta Azokak Azpisaileko zinegotzi Aitor Agirresarobek.

Saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute, sukaldaritzaren eta nutrizioaren ikuspegi osagarriak uztartuta. Parte hartzaileek egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak, elikatzeko ohitura osasungarriak sustatzeko gomendioak eta produktu bakoitzaren nutrizio balioari buruzko azalpenak jasoko dituzte, besteak beste.

 

Ohiko plateretatik harago

Tailerraren bidez, ohiko plateretatik harago joateko aukera eman nahi da, garaian garaiko elikagaiak, bertakoak, modu erakargarri eta praktikoan prestatzen irakatsita. Era berean, ekimenak nekazaritza arloko azokak indartzeko eta herritarrak tokiko kontsumora gerturatzeko helburua ere badu.

Tailerrean parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko; bertaratzearekin nahikoa da. Gainera, prestatutako platera dastatzeko aukera egongo da saioaren amaieran, eta bertan erabilitako errezetak eta nutrizio aholkuak parte hartzaileen artean banatuko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA