Astelehenean abiatuko da AuzoEkin, auzoen garapen integralerako diagnostikoa landuko den lehen hiru eremuetan, aurkezpen bilera errondarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/12 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Martxoaren 17an San Estebanen izango da bilera irekia; hilaren 24an, landa-eremuarena, udaletxean; eta 31n, Bidebieta, Iparragirre eta Izaskun auzoena, Inmakulada Lanbide Ikastolan.

  • Bilera ireki horietan parte hartzea librea da, eta prozesuaren nondik norakoak ezagutzera eman eta ekarpenak egiteko aukera izango da. 

 

Tolosako Udalak egitasmo berria jarriko du abian, datorren astelehenetik aurrera, herriko auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko helburuarekin: AuzoEkin. Horretarako, herritarren erabaki-ahalmena handitzea bilatzen da. 

Hori gauzatzeko Tolosa zortzi eremutan banatu da, eta lehen esperientzia pilotuan hiru eremuk hartuko dute parte: San Esteban auzoak (5. eremua), Landa-eremuak (1. eremua) eta Kondeaneko Aldaparen bueltan dauden Bidebieta, Iparragirre, Izaskun eta Agaramundu inguruak (4. eremua). Eremu bakoitzean egoera eta beharrak aztertuko dira auzotarren parte-hartzearekin, eta horiekin diagnostiko bat osatuko da. Hori izango da, gerora, egin beharreko lanen oinarria. Hain zuzen ere, hiru eremu horietan bilera irekiak izango dira datozen asteetan, eta interesa duen auzotar orok parte hartu ahal izango du bertan:

  • San Esteban (5.): Martxoak 17, 18:00etan, San Estebaneko Auzo Elkartean. 

  • Landa-eremua (1.): Martxoak 24, 18:00etan, Tolosako Udaletxean. 

  • Bidebieta, Iparragirre, Izaskun (4.): Martxoak 31, 18:00etan, Inmakulada Lanbide Ikastolan. 

Bilera ireki horietan, eremuko auzotar guztiei, bertan lan egin edo bizia bertan egiten dutenei parte hartzeko gonbita egiten die Udalak. Bilera egunean dagokion tokira bertaratzea besterik ez da izango, auzotarrentzako saio irekiak baitira. Bertan egitasmoaren nondik norakoak azalduko dira eta erabaki.tolosa.eus plataformaren aurkezpena egingo da, Tolosako prozesu parte-hartzaileen informazioa bilduko duen parte-hartze plataforma berria.  

Lanketa progresiboa

2025ean aipatu hiru eremuek ekingo diote AuzoEkin egitasmoaren esperientzia pilotuari, baina progresiboki egitasmoa beste eremu guztietara zabalduko da. 

Egitasmoan parte hartuko duten lehen hiru eremuetan diagnostikoa egingo da aurten. Eremu bakoitzaren egoera eta beharrak aztertuko dira modu integralean, hau da, hainbat arlo kontuan izanik: espazio publikoa, ingurumena, historia eta kultura, mugikortasuna, ekonomia, ekipamendu eta zerbitzuak,... 

Horretarako, auzotarren parte hartzea ezinbesteko izango den hainbat jarduera egingo dira: bilera irekiak, auzotarrei inkestak, lantegiak, ibilaldi gidatuak eta abar. Diagnostiko fasea amaituta, bertatik eratorritako ondorioak aurkeztuko dira jendaurrean. 

Horren ostean, eremu bakoitzaren garapenerako lau urteko plana zehaztuko da. Bukaeran, estrategiaren inplementazioa, garapena eta jarraipena iritsiko da. Plangintzaren exekuzioari ekingo zaio eta urtero urtero auzotarrek erabakiko dute auzoari dagokion aurrekontuaren barruan zein proiektu lehenetsi.

Gainerako eremuetan datorren urtetik aurrera egingo da lanketa bera, guztiak dinamikan sartu arte. 

Herritarren parte-hartzea

AuzoEkin, auzoen garapenerako egitasmoa ez ezik, herritarren parte-hartzea areagotzea helburu duen proiektua da. Horretarako, Tolosako auzotarrak jarriko dira erdigunean eta haien parte-hartzea areagotzea izango da proiektuaren helburuetako bat. Fase guztietan izango dute zeresana: diagnostiko fasetik exekuziora. Hain zuzen ere, auzo bakoitzaren behar eta erronkak identifikatu eta lantzeko ezinbestekoa izango da auzotarren laguntza, haiek ez beste inork ez baitituzte beren inguruneko beharrak hain ondo ezagutzen. 

Gainera, Erabaki, parte hartzea indatzea ahalbidetuko duen plataforma martxan jarri du udalak: erabaki.tolosa.eus, herritarrek uneoro izan dezaten proiektuaren berri. Plataforma horren bidez, AuzoEkin-en eta Tolosako beste zenbait parte-hartze prozesuren informazio eguneratua eskuratu ahal izango da, hala nola, prozesua zein fasetan dagoen edota hurrengo deialdien inguruko informazioa. Honen bitartez, herri ireki, garden ta kolaboratibo bat eraikitzeko erreferentziazko gunea sortu da, non Tolosako herritarrak izango diren protagonista. 

Eremuak

Honako hauek dira eremu bakoitza osatzen duten auzoen zerrenda:

  1. eremua: Landa-eremua: Aldaba, Aldabatxiki, Auzotxikia, Bedaio, Monteskue, Olarrain, Santa Lutzia (landagunea), Urkizu.   

  2. eremua: Amarotz, San Blas, Usabal

  3. eremua: Berazubi, Iurramendi, Iurre

  4. eremua: Bidebieta, Iparragirre, Izaskun

  5. eremua: San Esteban

  6. eremua: Zabalgunea

  7. eremua: Alde Zaharra, Santa Klara, Zuloaga

  8. eremua: Arramele, Donostia etorbidea, Santa Lutzia (ekipamendu eta eskolak)

Fitxategiak: 
PDF icon AuzoEkin eskuorria.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA