AuzoEkin, parte hartzearen bidez Tolosako auzoak modu integralago eta orekatuagoan garatzeko udal estrategia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/11 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Herria zortzi zonatan banatu eta horietako bakoitzerako ekintza plan bat garatzea da udalaren helburua; aurrera begira ere, zona bakoitzak aurrekontu bat izango du, eta auzotarrek lehenetsi ahal izango dute zertara bideratu dirua.

  • Abiapuntu modura, hiru zonatan gauzatuko da proiektua datorren urtean: landa eremuko auzoetan, Bidebieta-Izaskun inguruan eta San Esteban auzoan.

 

Herritarren parte hartzean eta auzoen garapenean sakontzeko urrats garrantzitsua emango du Tolosako Udalak datorren urtetik aurrera: AuzoEkin, partaidetza eta garapena bateratuko dituen udal estrategia jarriko da martxan.

Tolosako auzo guztien garapen integral eta orekatua sustatzea da estrategiaren helburua, udalaren baliabide eta inbertsioak herriko eremu guztietara modu antolatuan iristeko ahalegina egin nahian. Parte hartzea izango da horretarako bitarteko nagusia, auzotarrei parte hartzeko bide zuzenagoa eman ez ezik, erabakimen handiagoa ere emango zaielako.

Andu Martinez de Rituerto alkateak, Ander Figuerido eta Josune Sanz, hirigintzako eta gobernantzako zinegotziek, eta Garikoitz Lekuona udaleko parte hartze teknikariak eman dituzte egitasmoaren inguruko xehetasunak. Guztiek azpimarratu dute AuzoEkin udalaren eta herritarren arteko harremanean «giltzarri» izan daitekeela.

«Auzoekin egin ditugun bileretan bi errealitate eta beharrekin egin dugu topo. Alde batetik, udalari egindako eskari asko urtez urte errepikatzen joan izan dira. Udalak gabezia bat du zentzu horretan, ez baitu auzo bakoitzerako planik lan horiek modu antolatuan egiteko, eta egokiena litzatekeela uste dugu. Bestetik, parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuetan, zenbait zonalde bigarren plano batean geratu izan dira. Egoera hauei irtenbide bat eman nahian jarriko dugu martxan estrategia hau. Epe luzeko begiradarekin sortu dugu, eta ziur gaude aurrera begira oinarri sendo bat izan daitekeela», azaldu du alkateak.

Azken hilabeteotan udalaren eta auzotarren arteko harremanaren eredua definitzen aritu da udala, gisa honetako prozesuak martxan jartzen aditua den Axel Morenorekin batera. 

 

Tolosa, zortzi eremutan

AuzoEkin estrategiak Tolosa zortzi eremutan banatzen du. Zonak definitzerako garaian irizpide ezberdinak hartu dira kontutan: eguneroko bizitzako fluxu eta harremanak, auzo identitateak, izaera, gertutasun geografikoa, muga orografikoak, beharren antzekotasuna, degradazio maila… Lehen planteamendua ontzat eman du Auzoen Mahaiak, nahiz eta aurrera begira zonifikazioa berrikusteko aukera izango den. Honakoak dira zortzi eremuak:
 

  1. Landa eremua: Bedaio, Urkizu, Aldaba, Aldaba txiki, Ugane, Montezkue, Auzotxikia, Olarrain, Santa Lutzia (landa gunea)

  2. Amarotz, San Blas, Usabal

  3. Iurramendi, Iurre, Berazubi

  4. Izaskun, Bidebieta, Iparragirre

  5. San Esteban

  6. Zabalgunea

  7. Alde Zaharra, Santa Klara

  8. Arramele, Donostia etorbidea, Santa Lutzia (ekipamendu eta eskolak)

Eremuko diagnostiko, lau urterako plan eta aurrekontu propioa

Eremuz eremu egoera eta beharrak aztertzea izango da lehen urratsa, eta gero lau urteko begirada izango duen plan bana sortuko da zona bakoitzeko, egin beharreko interbentzioak jasoko dituena. 

Lanketa hori progresiboa izango da. 2025. urtean hiru eremutan egingo da: San Esteban, Izaskun eta landa eremuko auzoetan. Horiei Alde Zaharra gehituko zaie, paraleloan lantzen ari baita udala bertako Plan Integrala. 2026an, berriz, eremu gehiagotara zabalduko da. 

Diagnostikoak ikuspegi integrala izango du, eta besteak beste, ingurumena eta paisaia, historia eta kultura, mugikortasuna, hirigintza eta espazio publikoa, etxebizitza, biztanleria eta bizikideta, ekipamendu eta zerbitzuak, eta ekonomia eta kontsumoa aztertuko dira. Metodologiari dagokionez, etxez etxeko inkestak, sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta talde dinamika-tailerrak egingo dira eremu bakoitzeko auzotarrekin. Garikoitz Lekuona teknikariak azaldu duenez, «lan sakona izango da. Udalak herriko eremu guztietan halako azterketa bat egingo duen lehen aldia da».

Azterketa hori amaituta, bigarren fasean, eremu bakoitzaren garapenerako plana egingo da. Plan hori aurrera eramateko aurrekontu bat izango du zona bakoitzak urtero-urtero. Lehen esperientzia honetan zortzi eremuen artean 500.000 € zatitzea da asmoa, orain arte parte hartze bidezko aurrekontuetara bideratutakoak, hain zuzen. Eremu bakoitzak 60.000 euroko kopuru finkoa izango du, eta soberan leudekeen 20.000 euroak beste aldagai aldakor batzuk aplikatuta banatuko dira guztien artean. Lehen urte honetan, biztanle kopuruaren arabera banatuko da azken zati hori. Aurrera begira, aurrekontuaren zati horretara bideratu beharreko lanak auzotarrek lehenestea da helburua.

 

Parte hartzearen funtzionamendua

Urtean bi bilera egingo dira zona bakoitzean. Bata, ikasturtearen hasierako hilabeteetan (iraila, urria, azaroa eta abendua artean). Bigarrena, ikasturte amaiera aldera (martxotik ekainera bitarte). Bilera horiek irekiak izango dira eremu horretako auzotar, bertako langile edota bizia bertan egiten dutenentzat, eta udalak lehenago argitaratuko ditu deialdiak.

Eremu bakoitzak, hortaz, parte hartzeko gune egonkor bat izango du. Eremu bakoitzeko auzotarrek erabakiko dute gune horren egitura, bakoitzaren behar eta ahalmenen arabera.

Prozesu bakoitzaren jarraipen zehatza egiteko, gainera, Erabaki/Decidim plataforma udal webgunean txertatzeko lanean ari da udala. 

 

2025erako aurreikusitako lanak

Eredu aldaketa tarteko, trantsizio urtea izango da hau. Hori dela eta, ez da parte hartze bidezko aurrekontu prozesurik zabaldu bere horretan. Horren ordez, AuzoEkin estrategiaren eremuen logikara gerturatzen den proposamena landu du udalak, auzoek egindako eskariak eta aurreko urteko prozesuko proposamenak aintzat hartuta.

Horien artean daude, besteak beste, San Blas auzoko ermitaren inguruko urbanizazio proiektuaren lehen fasea, Alde Zaharra berdetzeko egitasmoa martxan jartzea, Kondeaneko Aldaparen goialdean zebrabidea egitea, San Estebanen berdegunea berritzea, Urkizuko haur parkeko altzariak berritzea, Izaskun auzoan autobus geltokietako markesinak jartzea, Iurre auzoko supermerkatuaren atzealdean zerbrabidea egin eta ingurua urbanizatzeko proiektua idaztea, edo Iurramendi kaleko bidegorriaren obra.

«Ez zuen zentzurik aurreko urteetako prozesu bat zabaltzea, jendeak proposamen berriak egin zitzan, eskaera asko oraindik egiteke daudenean. Behar gehien edo urtetan gauza handirik egin ez den eremuetako lanak lehenetsi ditugu. Aldiz, behar gutxiago duten eremuetarako lan xumeagoak egingo dira. Datorren urtean, dagoeneko auzotarrekin egin nahi da ariketa hori», azaldu du Josune Sanz zinegotziak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA