- Tolosako Herritarren Batzarra praktika eredugarri gisa definitu du OCDE/ELGA erakundeak, ‘Demokrazia deliberatiboa sustatzen Euskadin’ txostenean.
- Udala norabide horretan sakontzeko hiru egitasmo ari da lantzen: Herritarren Batzar Iraunkorra sortzeko gogoeta; Erabaki Tolosa, parte hartze digitalerako tresna; eta AuzoEkin, auzoen garapen integral orekatua sustatzeko proiektua.
‘Demokrazia Deliberatiboaren hedapena eta instituzionalizazioa Euskadin’ jardunaldia hartu du, gaur goizean, Lehiberri Zentroak. Euskal erakunde publikoetako, Eusko Legebiltzarreko, demokrazia deliberatiboan aditu diren erakundeetako, berrikuntza eta ezagutza eragileetako eta OCDE/ELGA erakundeko ordezkariak batu ditu hitzorduak, 40 lagun inguru guztira.
Demokrazia deliberatiboaren esparruan tokiko erakundeek abian dituzten esperientzia eta proiektuak ezagutu eta haien garapena partekatzea izan da saioaren helburua. Amaieran, horien hedapenari eta instituzionalizazioari buruzko hausnarketak partekatu dituzte taldeka.
Herritarren Batzarra eredu
Praktika eredugarri gisa definitutako esperientzien artean, Tolosako Udalak sustatu eta gaur egun aplikatzen duen proiektu bat azpimarratu du OCDE/ELGA erakundeak, ‘Demokrazia deliberatiboa sustatzen Euskadin’ izeneko txostenaren aurkezpenean, Tolosako Herritarren Batzarrarena.
«Dilema ezberdinen planteamendua, zozketa zibikoa, inplikazio politikoa, adituen laguntza eta bitartekaritza, deliberazio garaia, gomendio eta konpromisoak… ezaugarri interesgarri asko ditu. Proiektua aztertu dugunean, hobetzeko esparruak ere topatu ditugu, deliberazio publiko iraunkorrago eta sistemikoago bat ahalbidetzeko: publiko gehiago atxikitzea, udal teknikariak engaiatzea, ebaluazioaren sistematizazioa edo jarraipenarena, besteak beste. Tolosa bide horretan ari da lanean», azaldu du, goizean, Mauricio Mejía OCDE/ELGA-ko ordezkariak.
Bide horretan sakonduz
Tolosako Udalak herritarren parte hartzean sakontzen jarraituko duela azpimarratu du, gero, Andu Martinez de Rituerto alkateak: «herri elkarrizketarako espazio egonkor eta iraunkor berriak aztertu nahi ditugu, gerora lidergo konpartituak eta lan egiteko modu kooperatibo eta komunitarioak ahalbidetzeko». Hori garatu ahal izateko gobernuak hiru lan lerro zehaztu dituela azaldu du:
-
Herritarren Batzar Iraunkorra: Orain artekoan oinarrituta, Herri Asanblada iraunkor bat sortzeko baldintzak eta beharrak aztertu dira, eta hortik abiatuta hausnarketa bat egin da. Esperientziaren ebaluazioa ona da, eta aurrera begira zenbait ezaugarri hartu dira kontutan, batzar iraunkor hori sortuko balitz, aplikazeko: alderdi politikoen arteko desadostasun edo gai gatazkatsuen kudeaketarako prozedurak; zozketa zibikoetan auzoen aldagaia txertatzea; udal zerbitzuen inplikazioa areagotzea; informazioa partekatzeko modu berriak; gomendioen erregistroa; erantzun politko eta teknikoak; jarraipen mekanismoak… Beste proiektu batzuetara ere dinamika hori eramaten ari da, gainera, udala, Haurren Hiriarekin edota Nerabeen Foroarekin, besteak beste.
-
Erabaki Tolosa, parte hartze digitalerako tresna: Herritarren parte hartzerako ‘Decidim’ plataforma digitala martxan jartzeko zerbitzua kontratatu berri du udalak, sofware librekoa eta oso zabaldua mundu osoan zehar. Plataforma honen bitartez, parte hartzeko guneak eratu ahal izango dira, eta herritarrek egitasmo, batzar, prozesu edo gai zehatzei jarraipen sakonagoa egiteko aukera ahalbidetuko du, baita inkesta, proposamen, bozketa eta iritziak jasotzeko bestelako bideak jorratzeko ere.
-
AuzoEkin, Tolosako auzoen garapen integral orekaturako: Tolosako auzo elkarte batzuekin batera, parte hartzerako markoa diseinatu du udalak azken hilabeteotan. Zortzi eremutan antolatu da herria eta eremu horietako bakoitzean, diagnostiko orokorra egin ostean, lau urterako plana landu nahi da, ekintza-komunitarioaren bidetik, elkarlanean jarduteko. Gainera, parte hartze bidezko aurrekontuekin uztartu nahi da, eta eremu bakoitzeko auzotarrek urtez urte dagokien aurrekontuarekiko erabaki ahalmena izango dute. Aurki emango digu udalak egitasmo honen inguruko azalpenak xehetasun gehiagorekin.
Konpromiso politikoa ez ezik, bultzada teknikoa ere badu bide honek. Hala azaldu du gaurko jardunaldian Garikoitz Lekuona, Komunitatea eta Gobernantza Saileko teknikari arduradunak: «Demokrazia deliberatiboaren printzipioak, kanpora begira ez ezik, udalean ere txertatzea gustatuko litzaiguke. Kultura hori errotu nahi dugu, eta politika publikoetan eta lege eta ordenantzetan inpaktua izatea nahi dugu».
Beste adibide batzuk
Tolosako Udala ez da bide hori jorratzen ari den erakunde bakarra. Eusko Jaurlaritza, Ihobe eta Energiaren Euskal Erakundea ere Euskadiko Klima Batzarra lantzen ari dira, eta orain arte egindako ibilbidearen xehetasunak eman ditu Maria Jauregi Ihobeko arduradunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Gipuzkoako Herritarren Batzarrak egindako ibilbidea eta esperientzian sakontzeko jarraitzeko proposatu dituzten galderak elkarbanatu ditu.