Tolosa, Estrasburgon eredu

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/26 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Europako Kontseiluak gonbidatuta, hitzaldia eman du Andu Martinez de Rituerto alkateak Tolosako gobernantza-eredu deliberatiboaren inguruan.
     

Tolosako gobernantza-eredu deliberatiboa hizpide izan da goizean, Estrasburgon (Frantzia), Europako Kontseiluaren egoitzan.  Demokrazia deliberatiboari buruzko Europako konferentzia egin da, Europa demokrazia deliberatiboaren bidez: hiriak eta eskualdeak ekinean! (Resilient Europe through deliberative democracy: Cities and regions in action!) izenburupean.

Europako Kontseiluak berak gonbidatuta, bertan izan dira Andu Martinez de Rituerto alkatea eta Garikoitz Lekuona, Komunitatea eta Gobernantzako arduradun teknikoa. Alkateak hitzaldi laburra eman du goizean, Tolosako esperientziaren nondik norakoak azaltzeko. Lehen hitzak euskaraz egin ondoren, ingelesez eman ditu azalpenak. Segidan, mahai inguru batean parte hartu du, Zviahel (Ukraina) eta Mostar (Bosnia eta Herzegovina) hirietako ordezkariekin batera. Demokraziaren arriskuen aurrean, deliberazio bidezko esperientziek ematen dituzten aukeren inguruan aritu dira. 

Tolosako Herritarren Batzarra

Zehazki Tolosako Herritarren Batzarraren esperientzia kontatu du Andu Martinez de Rituertok, eta balioa eman dio prozesuak hastapenetik izan zuen erabateko adostasun politikoari, eta tartean gobernu aldaketa izan arren, eman zaion segidari: «2021. urtean proposamena jaso genuen, eta hiru alderdiok egin genuen bat, herritarrak engaiatzeko esperientzia aberasgarria zelako. Bi agintalditan zehar gauzatu da esperientzia, eta seginda eman zaio», azaldu du.

Prozesuaren ondorioetan ere sakondu du alkateak. Azpimarratu du, EHUk prozesuari buruz egindako ebaluazioan parte hartzaileen ahalduntzea eta konfiantza mailaren gorakada direla ondoriorik agerikoenak. «Sentitu dute entzunak izan direla, eta gaitasun handiagoa dutela udal politiketan ekarpenak egiteko». Barne-mailan ere nabaritu dela nabarmendu du: «Eskari eta proposamenak kontuan hartzen dituzte departamentuetako teknikariek, beren lanketetan ikuspegi hori txertatzea lortu da. Nolabait, agendan daude ekarpen horiek». Horrez gain, tokiko nahiz kanpoko eragile sozial, publiko eta komunitarioekin harremana sendotu egin dela gehitu du.

Irakaspenak ere azaldu ditu, lau puntutan: «Azpiegitura zibikoetan eta horiek gidatuko dituzten profesionaletan inbertitzen jarraitzearen garrantzia; Udal departamentuen jarraipena prozesu osoan zehar; marko juridiko baten beharra, zailtasun administratiboak gainditu ahal izateko; eta, esperientzia komunitarioak beste esparru batzuetara zabaltzearen garrantzia».

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA