-
Tolosako biztanleria zahartzen ari da eta horrek zaintza-eskaeran eragin handia izango du.
-
Zaintza-lanetan diharduten pertsonen % 90 emakumeak dira, eta horietatik portzentaje altu bat jatorri atzerritarrekoak.
.jpg)
Tolosako Udalak Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatua aurkeztu du jendaurrean. Udalerriko zainketa-beharren egungo egoera, etorkizuneko erronkak eta Tolosan zaintzen aritzen diren eragileen mapa barne hartzen ditu. Aurkezpen-ekitaldia atzo arratsaldean egin zen TOPICen, eta bertan parte hartu zuten Andu Martínez de Rituerto Tolosako alkateak, Goiuri Ezeiza zinegotziak eta Lidia Hernández Robles Daiteke Gizarte Aholkularitzako berdintasun-teknikariak.
Diagnostikoa zeharkako partaidetza-prozesu baten emaitza da, eta zainketak funtsezko ardatz politiko eta sozial gisa kokatzen ditu. Prozesua metodologia partekatua jarraituz garatu da, eta lankidetza ekarri du hainbat udal-sailen, gizarte-eragileren eta, bereziki, askotariko errealitateetatik zaintzan aritzen diren pertsonen artera. Gainera, ikuspegi feminista eta intersekzionalarekin garatu da, zainketak bizitzaren sostenguaren oinarri gisa eta erantzunkidetasuna eskatzen duen eskubide kolektibo gisa aitortuz.
Generoaren dimentsioarekin batera, klase sozialak, jatorriak, etniak eta adinak ere kontuan hartu dira, zaintzaren inguruko baldintzak eta aukerak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko. Hori horrela, haurrek ere izan dute ekarpena egiteko tartea; izan ere, Haurren Hiria proiektuaren barruan zaintza jorratu baitute, haurren ikuspegitik beharrak identifikatzeko asmoz.
Diagnostikoak, halaber, Tolosako Zaintza Ekosistemaren Mapa osatua barne hartzen du. Mapak islatzen du dimentsio ezberdinetan udalerriak dagoeneko eskaintzen duen baliabideen sare zabala. Horiek hainbat ardatzetan banatu dira: adinekoak eta desgaitasun- edo menpekotasun-egoeran dauden pertsonak; haur, nerabe eta gazteak; eta zaintzaileak. Bertan aurki daitezke, besteak beste, Tolosako Udalak eta bestelako erakunde publikoek abian jarritako egitasmoak, eta komunitate-eragileek garatutakoak.
Zaintza-mahaia
Diagnostikoa kontuan hartuta, Tolosak zaintzaren alorrean dituen baliabide guztiak saretzea izango da epe laburreko erronka. Horretarako, zaintza-mahaia sortzea izango da datozen hilabeteetako mugarri garrantzitsua. Bertan, alor ezberdinetako eragileen parte-hartzea aurreikusten da, gobernantza-ereduan ekintza komunitarioa sustatuz. Aurkezpenean herritarrei dei egin die Udalak zaintza-mahai horretan parte har dezaten.
Bigarren ardatza zaintzaren inguruko bi urterako plangintza ezartzea izango da. Zaintza-mahaiaren ibilbide-orria izango da plangintza hori, eta etorkizuneko ekintza komunitarioa antolatzeko eta kudeatzeko baliagarri izango da. Bi urteren buruan, 2027an, zaintza-mahaiak landutako plangintza horren nondik norakoak partekatuko dira herritarrekin.
.jpg)
Zahartzen ari den herria
Diagnostikoak jasotako datuek erantzunak eskatzen dituen errealitate demografikoa islatzen dute: 2023an, Tolosako biztanleriaren % 22,82k 65 urte edo gehiago zituen. Gainzahartze-indizeak emakumeei eragiten die bereziki —% 14,08, eta gizonen kasuan, berriz, % 9,24—, eta, gainera, gehiengoa dira bakarrik bizi direnen edo ordaindu gabeko zaintza-lanak egiten dituztenen artean. Etxebizitzen % 28 pertsona bakar batek okupatzen ditu, eta bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoen % 80 emakumeak dira.
Horri gehitu behar zaio belaunaldien arteko ordezkapen txiki bat —20 urtetik beherako biztanleria % 19,65 baino ez da—, jaiotza-tasaren jaitsiera eta familia-egituren aldaketak. Faktore horiek gero eta presio handiagoa eragiten dute zaintza-sisteman.
.jpg)
Eredu berri baterantz: kolektiboa, inklusiboa eta iraunkorra
2030era arteko proiekzioek adierazten dute mendekotasun aitortua duten pertsonen kopuruak gora egin duela (29.609tik 32.181era Gipuzkoan). Tolosan, biztanleen % 5,4k mendetasun-egoera aitortua du, batez beste 76 urte ditu eta profil oso feminizatua du. Egoera horrek zerbitzuak zabaltzea eta egokitzea eskatzen du: egoitzak, eguneko zentroak, etxeko arreta, osasun mentaleko zerbitzuak eta bizitza independenterako laguntzak.
Diagnostikoak agerian uzten du, halaber, eredu komunitarioago baterantz aurrera egiteko beharra, pertsonan zentratuta, autonomia sustatuz, elkarri laguntzeko sareak indartuz eta herritarren aniztasun funtzional eta kulturalera egokitutako politika publiko inklusiboak eginez.
.jpg)
Migrazioa, etorkizuneko funtsezko faktorea
Tolosarren % 12,2 atzerritarrak dira, eta 25-44 urte bitartekoak dira nagusi. Ikerketak azpimarratzen du migrazioak funtsezko zeregina izango duela datozen urteetan oreka demografikoan eta zaintza-sistemari eustean. Hala eta guztiz ere, ohartarazi du biztanleriak mendetasun- eta desgaitasun-balorazioak eskuratzeko dituen oztopoez ere, batez ere administrazio-egoera irregularreko kasuetan.
Zaintzaren ezaugarriak
Diagnostikoak agerian uzten ditu sektorearen ezaugarri nagusiak, gero eta handiagoak baitira feminizazio handia eta atzerritar jatorriko emakumeen partaidetza. Zaintza profesionaletan zein etxekoetan, emakumeak dira nagusi; gizonen presentzia, berriz, oso mugatua da oraindik.
Testuinguru horretan, ikerketak adierazten du nabarmen egin duela gora eremu horretan lan egiten duten emakume atzerritarren kopuruak: Tolosako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, langileen % 45 atzerritarrak dira, horietako asko hego amerikarrak.
Azterlanak, gainera, lantoki dituzten etxeetan bizi diren etxeko langile askoren egoera bereziki ahula salatzen du, kasu askotan egoera administratibo irregularrean baitaude. Lanaldi luzeak, atsedenaldirik eza eta soldata baxuak ohiko baldintzak dira, lege-babesik ezak larriagotzen dituenak.
Era berean, diagnostikoak adierazten du zaintzaren ardura familiena dela gehienbat, eta horien barruan, batez ere emakumeena, eta modu horretan betikotu egiten da bidezkoa ez den zaintza-eredu bat.
Gainera, sektorea erregularizatzeko eta profesionalizatzeko oztopoak identifikatu dira. Gipuzkoan prestakuntza-aukerak badaude ere, lan-ordutegi luzeekin duten bateragarritasuna mugatua dela azpimarratzen du diagnostikoak.
Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatuaren bertsio osoa eskuragarri dago jada udalaren webgunean: https://udala.tolosa.eus/eu/zaintza