Zubiberria ordezkatzeko INES Ingenieros Constructores enpresaren lanak jaso du babes handiena herri bozketan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/30 | Komunitatea eta Gobernantza
  • 835 boto jaso dira herri bozketan, eta horietatik 315 jaso ditu INES Ingenieros Constructores SL enpresaren proposamenak.

  • Proposamen ekonomikoaren gutun azalak zabalduko ditu orain URAk, eta fase horretako puntuazioak batu eta gero jakingo da zein den behin betiko proiektu irabazlea.
     

Bart amaitu da Zubiberria ordezkatzeko bost aukeren artean bozkatzeko epea. Astebeteko tartean, 835 boto izan dira: gehienek online, Erabaki plataformaren bidez (576), eman dute botoa; eta beste 259 herritarrek presentzialki eman dute, udaletxean. Boto baliodunak, guztira, 824 izan dira; eta baliorik gabekoak hamaika.

INES Ingenieros Constructores SL enpresaren proposamenak jaso du babes handiena bozketan. 824 boto baliodunetatik 315 jaso ditu. Honako hauek izan dira emaitzak:

  1. INES Ingenieros Constructores SL: 315 boto

  2. Anta Ingeniería Civil SLP: 251 boto

  3. Injelan, SL: 112 boto

  4. URA Agentzia: 78 boto

  5. SBP Ingenieros España SL: 65 boto

  6. Boto zuriak: 3

  7. Boto baliogabeak: 11

Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei: «horrelako obra publikoen lizitazio prozesuetan, herritarrok ez dugu aukerarik izaten gure iritzia emateko. Ez da ohikoa, baina gaiak sortutako eztabaida tarteko, URA Agentziaren eta Udalaren artean herritarren iritzia jasotzea adostu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiet URAko ordezkariei, haientzat ere berria izan baita prozesua. Proiektuen bideragarritasuna egiaztatzeko beharrezkoa den fase teknikoaren ondoren, herritarrok aukera izan dugu iritzia emateko. Urrats garrantzitsua izan da demokrazia parte-hartzaileari dagokionez».

 

Hemendik aurrera, zer?

Horrenbestez, eta prozesuan URAk berak proposatu bezala, URA Agentziak 2022. urtean egindako proiektua alboratu egingo da, ez baitu herritarren artean babes gehien eskuratu. Gainerako lau lanen puntuazioak bakarrik hartuko dira kontuan azken emaitzara begira.

Azken urrats bat falta da behin betiko proiektu irabazlea ezagutzeko: lizitazio guztietan egiten den bezala, proposamen ekonomikoaren gutun azala irekiko da. Enpresa bakoitzak zehaztu duen prezioaren arabera, automatikoki esleituko zaio puntuazioa proiektu bakoitzari, irizpide subjektiborik gabe. % 20ko balioa izango du proposamen ekonomikoaren puntuazioak azken emaitzan.

Faseetako bakoitzean, hau da, azterketa teknikoan (% 40), herri bozketan (beste % 40), eta proposamen ekonomikoan (% 20), lortutako puntuen batuketa eginda jakingo da zein izango den behin betiko proiektu irabazlea. Hori ebatzita, enpresa adjudikaziodunak sei hilabeteko tartea izango du behin betiko obra proiektua garatzeko. Hain zuzen, prozesu horretan zehaztuko dira zubiaren behin betiko ezaugarriak. Behin obra proiektua amaituta, eta oniritzia jasota, URAk obrak lizitatuko ditu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA