Asteburuko gertaerak salatu eta gaitzetsi ditu udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/21 | Koronabirusa
  • Larunbat gauean herritar talde bat hondakin edukiontziak botatzen eta autoetako leihoak apurtzen aritu zen, Ertzainek eta Udaltzainek, jende pilaketak ekiditeko, Antonio Lekuona kalean 150 pertsonako talde bat sakabanatu behar izan ondoren.

  • Udaletik azpimarratu dute horrelako jokabide eta gertaerek ez dutela lekurik egungo testuinguruan eta elkar-errespetzea eta arduraz jokatzea ezinbestekoa dela elkarbizitzarako eta egoerari aurre egiteko.

 

Udaltzaingoa ohiko ikuskaritza lanak egiten ari zela, Antonio Lekuona kalean jende multzoa zegoela ikusi zuen. Ertzaintzari abisua eman ondoren, Udaltzain zein Ertzainak gunera bertaratu ziren bertan zeuden 150 herritar sakabanatzera, 10 lagunetik gora biltzea debekatuta dagoela, bai espazio publikoan bai etxeetan kontuan izanda.

Ondoren, gau osoan zehar, herritar batzuk herriko hondakin-edukiontziak lurrera botatzen eta zenbait autoetako leihoak apurtzen aritu ziren.

Udalak larunbateko gertaerak salatu eta gaitzetsi nahi izan ditu, batetik osasun larrialdi egoera honetan ezinbestekoa delako indarrean dauden neurriak errespetatzea eta jende pilaketak ekiditea guztion segurtasuna bermatu ahal izateko; eta bestetik, horrelako jarrera eta gertaerek ez dutelako lekurik. Horrelako jokabideak onartezinak direla eta neurriak hartuko direla jakinarazi du udalak.

 

Elkar-errespetatzea funtsezkoa bizikidetzarako eta egoerari aurre egiteko

Larunbateko gertaerez gain, azken hilabeteotan Tolosako kaleak pintadez eta pankartez josita ere agertu dira, eta udala ahalegin berezia egiten ari da horiek garbitzeko, dagoeneko egoerak eskatzen dituen garbiketa lan sakonez harago, egunetik egunera agertzen diren pintadak garbituz.

Udalak, jakinarazi nahi izan du, urtean 64.000 euro bideratzen direla pintadak garbitzera, diru hori beste proiektu edota neurri batzuetara bideratu daitekeenean. Horregatik, udaletik ekintza horien egileei hausnartzeko eskatu diete, gainerako tolosarrengan pentsatzeko, 64.000 euroko gastu hori ekidin daitekeelako eta beste proiektu edota laguntza batzuetarako erabili, are eta gehiago egungo testuinguruan, beharrek izugarri egin dutelako gora.

“Egoera ez da erraza, ez haur, ez gazte, ez heldu, ez guraso, ez langile, ezta autonomoentzako ere, baina guztiak ari gara ahalegin izugarria egiten egoerara egokitzeko; elkar-errespetatzea eta zaintzea ezinbestekoa da, arriskuak ekidin, kutsatzeak murriztu eta egoerari aurre egin diezaiogun; bideratu ditzagun gure indarrak eta baliabideak aurrera egitera eta laguntzera, ez beste ezertara” azpimarratu dute udaletik.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA