-
Indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzera bideratutako euskarri digitalak areagotzea eta laguntza bideei buruzko informazioa komunitatera bideratzea beharrezkoa izango da aurrerantzean.
-
Gipuzkoako Emakumeen Etxeetako laguntza sareen zein taldeen bidez eskaintzen den laguntza funtsezkoa ari da izaten indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei babesa emateko.
-
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Gipuzkoako gainerako udalekin batera egin da lanketa; hausnarketa hau oinarri hartuta, aurrerantzean jarraitu beharreko irizpideak eta jarraibideak zehaztea izango da hurrengo pausoa.
Indarkeria sexista jasaten duten emakumeei bideratutako laguntza telefonoetara egindako deiek ezohiko moduan egin dute gora Covid-19ak eragin duen osasun alarmak ezarritako etxeko konfinamenduaren ondorioz. Orain arte indarkeria sexista identifikatzeko zeuden zailtasunei, hainbat egoera normaltzat hartzeko jokabideei eta inpunitate sozialari, konfinamendu egoerak eragin duen ziurgabetasuna gehitu behar zaio.
Horren guztiaren eraginez, eta emakume horien segurtasuna bermatzeko, beharrezkotzat jotzen da telefono bidezko arreta emateaz gain, emakume horiengana iristeko bide digitalak ugaritzea eta mezuak ikuspegi komunitario batetik zabaltzea. Bide horretan, beharrezkotzat ikusten da emakumeek online baliabideak eskura izatea, wifi librea esaterako.
Hala, sare sozialen zein WhatsApp bidezko komunikazioak ugaritzea beharrezkoa izango da aurrerantzean, eta mezuak, indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei bideratzeaz gain, komunitateari eta auzotarrei ere bideratzea.
Ahalduntze Eskoletatik, Emakumeen Etxeetatik, boluntariotza taldeetatik, emakume elkarteetatik eta talde feministetatik laguntza sareen zein sakelako telefono bidez sortutako taldeen bidez azken asteetan eskaini den laguntza funtsezkoa ari da izaten indarkeria egoera batean bizi diren emakumeei babesa emateko. Konfinamendutik irteteko prozesuan ere lanean jarraituko da eta ezinbestekoa izango da indarkeria jasan duten emakumeei arreta emateko guneak sortzea.
Konfinamenduak izan duen eragina
Etxeko konfinamenduak ere modu zuzenean eragin du indarkeria sexista kasuetan. Telefono bidezko arretak nabarmen egin du gora, baina kalera irteteko zailtasunek murriztu egin dute salaketa kopurua. Kontuan hartu behar da baita ere, jartzen diren salaketa asko bikote ohiaren aurkakoak izaten direla. Garrantzitsua da baita ere indarkeria kasu asko kontrolaren aterkipean ematen direla kontuan hartzea, eta konfinamendu garai honek erasotzaileek emakumeenganako duten kontrol sentsazioa areagotu egiten du.
Ezin da ahaztu, halako egoeran bizi diren emakume askok haien burua zein etxeko gainerako senideak babesteko eta indarkeria egoerak saihesteko egiten duten ahalegina eta hartzen duten sumisio jarrera.
Gaia sakonagotik aztertuta, ondorioztatu da konfinamendua haien erasotzaileekin igarotzen ari diren emakumeak psikologikoki egiten ari diren ahaleginak larritasun ugaritako ondorioak sorrarazten ari dela. Horregatik, konfinamendutik irteteko faseetan, beharrezkoa izango da emakume horiei bideratutako guneak sortzea, bizitako egoerak sorrarazi dizkien ondorioak identifikatu, artatu eta erreparatzeko. Horretarako, emakume horiek elkarbizitza eta bizitza sostengatzeko egin duten ahalegina gizartean eta erakundeetan bisibilizatu behar da.