Igandean zabaldu zituen berriz ere ateak Abegi zentroak kalean bizi diren pertsonak artatzeko. Hasiera batean soilik gauez, baina dagoeneko gau eta egun ari da zentroa zerbitzua ematen.
Udalak Abegi aste honetan gau eta egunez zabaltzea aurreikusia zuen, baina irekiera aurreratu zuen tenperaturen jaitsiera zela-eta. Ostegunetik, gau eta egunez ari da Abegi kalean bizi diren pertsonak artatzen Peñaskal Kooperatibako kideen laguntzarekin, haiek arduratuko baitira zentroaren kudeaketaz larrialdiak iraun bitartean. Dagoeneko bost pertsona daude.
Oinarrizko zerbitzuak buru belarri lanean herritarren beharrei erantzuteko:
Alarma egoeraz geroztik, udalak oinarrizko zerbitzu gisa izendatu ditu Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Herritaren Arreta Zerbitzua. Guztiak buru belarri ari dira lanean herritarrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko eta tolosarren beharrak artatzeko.
Gizarte Zerbitzuetatik, besteak beste, kalteberatasun egoeran edota menpekotasun egoeran dauden eta behar bereziak dituzten pertsonen beharrak bideratzen ari dira, esaterako, jangela sozialeko erabiltzaileenak, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua jasotzen dutenenak, Eguneko zentrora joaten diren eta orain ezin duten pertsona horienak ere bai, edota indarkeria matxista jasaten duten emakumeenak. Sailetik kudeaketa lan guztiak egin ostean, elikadura bankuko erabiltzaileei, Zutani elkartearen eta orain baita ere Peñaskaleko boluntarioen laguntzarekin, banatuko zaizkie elikagaiak eskariek gora egin dutelako. Adineko pertsonen kasuan, 70 urtetik gorako pertsonei deiak egiten jarraitzen dute egoeraren jarraipena egin eta beharrak atzeman eta erantzuteko.
Udate, Herritarren Arreta Zerbitzua, zabalik da telematikoki eta telefono bidez, tolosarren zalantzak eta kezkak argitu eta herritarrei beharrezko duten informazioa emateko. Orain artean, 300 dei baino gehiago jaso dituzte.
Udaltzaingoa ere hainbat lan gauzatzen ari da azken asteetan, lehen egunetan arau-hauste gehiago izan ziren eta zenbait espediente zabaldu behar izan bazituzten ere, herritarrak, oro har, ondo erantzuten ari dira eta beraz, tolosarrek dituzten eguneroko beharrei erantzun dabiltza udaltzainak. Deiak jaso eta horiek artatu, kontrolak gauzatu beharrezkoa den eremuetan eta bereziki laguntza eskaini, horixe da udaltzaingoaren egitekorik nagusiena momentu honetan.
Udaltzaingotik azpimarratu nahi izan dute, herritarren lasaitasunerako, kaleak desinfektatzeko erabiltzen ari diren produktuak ez direla etxeko animalientzat kaltegarriak.
Babeserako materialaren banaketa Brigadaren eta Babes Zibilaren eskutik:
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan aurpegia babesteko pantailak egiten ari dira, egunero-egunero. Dagoeneko Babes Zibilak banatu ditu hainbat Iurreamendin eta zabalik dauden Tolosako saltokietan, baina eskualde osora banatzeko pantailak egiten ari dira. Horregatik, udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete egiten ari diren lanagatik eta beren laguntzagatik.
Halaber, atzo iritsi zen eskualde osorako EPI materialaren bigarren txanda. Oraingo honetan, aurpegirako maskarak eta eskularruak Etxez-Etxeko Arreta Zerbitzua eskaintzen duten langileentzako, hilerrian lan egiten dutenentzako eta udaltzaingoarentzako izan dira.
Zuntz optikoa Bedaion ezartzeko lanean:
Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan landa eremuan zuntz optikoa hedatzeko konpromisoa hartu du. Larrialdi egoera honetan, baina, udala ahalegin berezia egiten aritu da Bedaioko telekomunikazio egoera hobetzeko.
Tolosaldea Garatzenen eskutik, eta udalak ere diruz lagunduta, enpresa partikular batek Orendaindik Bedaioko erdigunera irrati uhinez banda zabala eraman du eta beraz, wifi librea eta doakoa dute erdigunean. Lan hori eginda eta instalakuntza horretaz baliatuz, orain, Bedaioko bizilagunek, beren etxebizitzetara hedatu dezakete banda zabala.
Udala, beraz, ahalik eta modurik azkarrenean, irtenbide bat ematean ahalegindu da zuntz optikoa auzoan ezartzen den bitartean.