Konfinamendu-aldian indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zuzendutako arreta zerbitzua indartu du udalak

Tolosako Udala
2020/03/31 | Koronabirusa
  • Isolamendu egoeraren ondorioz, indarkeria matxista kasuak areagotu egin daitezkeela-eta, zerbitzu eta profesional ezberdinekin koordinatuta ari da lanean udala eta 24 orduz eskaintzen du arreta zerbitzua.

  • Indarkeria jasaten duten emakumeek 010 (Herritarren Arreta Zerbitzua) edo 943 67 58 58 (Udaltzaingoa) telefonoetara deitu dezakete.

 

Covid-19ak sortu duen isolamendu egoerak indarkeria matxista kasuak areagotu ditzake, eta horren aurrean, Tolosako Udalak indarkeria matxista jasaten duten emakumeei zuzendutako arreta zerbitzua indartu du. Zerbitzu eta profesional ezberdinekin koordinatuta ari da lanean udala, eta eguneko 24 orduetan ematen du zerbitzua. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek Tolosako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura, 010 edo 943 65 44 66 telefonoetara, edo Udaltzaingoetara, 943 67 58 58 telefonoetara deitu dezakete.

 

Arreta modu integral batean emateko, ezinbestekoa da isolamendu egoera honek sortu ditzakeen arrisku egoerak eta emakume bakoitzaren beharrak identifikatzea; horregatik, Tolosako Udalak bereizketa egin du: indarkeria matxista egoera batean bizi diren eta jada Gizarte Zerbitzuen sailean identifikatuta dituzten emakumeak; eta identifikatu gabe dituztenak. Identifikatuta dituzten emakumeenganako arreta eta jarraipena indartu egin da, eta identifikatu gabe daudenengana iristeko komunikazio kanalak areagotu egin dira.

 

Indarkeria kasurik atzemanez gero, herritarrei ere udalarekin harremanetan jartzeko eskaera egiten zaie 010 telefonora edota udaltzaingora deituta.

 

Ordainketa bakarreko laguntza eskuratzeko malgutasuna

 

Halaber, alarma-egoerak dirauen artean genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak eskuratzeko aukera malgutzea onartu du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak. Malgutasun horren helburua da administrazio-epeak geldirik egon arren eta sarrera-erregistro fisikoek (sartzeko ohiko moduak) funtzionatu ez arren, egoera horretan dauden emakumeen eskubideak ez murriztea eta prestazio horren izapidetzea bermatzea.

 

Osasun-krisiaren ondorioz, berriz, zerbitzu guztiak modu telematikoan eskainiko dira orain. Horren ondorioz, eta prestazioa eskatzeko eskatutako dokumentu jakin batzuk pertsonalki aurkeztu ezin direnez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak savvg@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu du, izapidetzeko beharrezkoak diren eskaerak eta dokumentazioa bidali ahal izateko.