Irailaren 15ean zabalduko da Udal liburutegiko irakurketa klubetan izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 10-12 (euskaraz), 13-16 (euskaraz) eta 16 urtetik gorakoentzako (gazteleraz) literatura-solasaldia egingo dira, hilabetean behin. 

  • 3-6 urteko haurrentzat ipuin kontaketa saioak ere izango dira; kasu hauetan, saio bakoitza baino 10 egun lehenago aktibatuko da izen-ematea, eta presentzialki egin beharko da.
     

Datorren astelehenean, irailaren 15ean, zabalduko da Tolosako Udal Liburutegiko 2025-2026 ikasturteko irakurketa taldeetarako izen-ematea. Adin-tarteka banatuta, modalitate ezberdinak uztartzen ditu eskaintzak. 

3-6 urte: Ipuin Txokoa

Urritik maiatzera, hilean behin ipuin kontalari batek gidatutako saioak izango dira. Ostiraletan izango dira, 18:00etatik 19:00etara, Miriam Mendozaren eskutik. Parte hartzeko nahitaezkoa da izena ematea. Aurrez aurre egin beharko da, eta saioa baino 10 egun lehenago irekiko da epea, haur liburutegiko 1. solairuan, eta aforoa amaitu arte egongo da irekita. Lehen saioa urriaren 10ean izango da, eta izen-ematea irailaren 30etik aurrera egin ahal izango da. Gainerako datak webgunean daude ikusgai.

10-12 urte: irakurketa kluba

Gazteentzako euskarazko literatura-solasaldiak egingo dira, hilabetean behin. Liburu bat aukeratuko da eta haren inguruan arituko dira parte-hartzaileak, Nadin Hussein Hernandezek dinamizatuta. Liburutegiak berak lortuko ditu liburuak parte hartzaileentzat. Saio guztiak ostiralarekin egingo dira, 18:15ean. Urriko saioan, Mariasun Landaren ‘Galtzerdi suizida’ landuko dute. 

13-16 urte: irakurketa kluba

Kasu honetan ere, Nadin Hussein Hernandezek gidatutako saioak egingo dituzte, hilabetean behin, ostiraletan, 16:30ean. Elia Barcelóren ‘Frankenstein sindromea’ aukeratu dute urriaren 17ko lehen hitzordurako.

Helduak (+16 urte): irakurketa kluba

Helduentzako, berriz, gaztelerazko saioak izango dira aurten ere, urritik maiatzera, Monica Leivak dinamizatuta. Hilean behin izango dira saioak, asteartetan, 18:00etan. Urriaren 14an izango da lehen saioa, eta Alejandro Zambraren ‘Poeta chileno’ jorratuko dute. Ikusi hemen ikasturtea amaitu bitarte landuko dituzten gainerako liburuen zerrenda. 

Azken hiru irakurketa klubetako izen-ematea irailaren 15ean zabalduko da, 09:00etan, udal webgunearen bidez. Talde bakoitzaren orrialdearen barruan izango da horretarako aukera.

Parte-hartzaileren batek beharra izango balu, eskuragarri egongo da, saio guztietarako, zeinu-hizkuntza zerbitzua, betiere eskaera aurrez eginda. Informazio gehiagorako, 943 69 74 62 telefonora deitu edo liburutegia@tolosa.eus helbidera idatzi. 

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak ere antolatzen ditu helduei zuzendutako euskarazko tertulia literarioak, Yurre Ugartek dinamizatuta. Lehen hitzordua irailaren 24an izango da, elkartean bertan, Plaza Berrian. Adania Shibliren ‘Detaile xume bat’ izango dute hizpide. Tertulia literarioaren inguruko informazio gehiago, hemen.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA