-
Larunbaterako aurreikusitako Babarrunaren Lehiaketak bertan behera gelditu dira eta soilik larunbateroko azoka eta kultur jarduerak mantenduko dira indarrean dauden neurriak zorrotz jarraituta.
-
Olatz Peon Ormazabal alkatea: “Tolosa gorrian dago, egoera, beraz, ez da ona, eta babarrunaren eguna, festarako eguna izan ohi bada ere Tolosarrontzat, aurten ere ez da festarik izango, neurri guztiak bermatuta antolatutako ekintza sinbolikoak ere ez dira gauzatuko zuhurtziagatik, eta horrexegatik, herritarrei ere erantzunkidetasunez eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu guztion osasun babesteko”.
Eusko Jaurlaritzak COVID19aren aurka hartutako neurri berriaren aurrean, Udalak zenbait erabaki hartu ditu.
Alkateak argi utzi nahi izan du Tolosan, lehen eta orain eta beti, jarduerak unean uneko prebentzio neurriak jarraituta antolatu direla, guztiak modu seguruan egin daitezen ziurtatzeko beharrezkoak diren berariazko protokoloekin. “Herri dinamikoa gara, hainbat ekintza antolatzen dira gurean, eta ez da lehen aldia ekimenak bertan behera utzi behar ditugula: Tolosa Goxua, Mikologika, Haragi, edota inauteriak” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabalek.
“Tolosarren osasuna bermatzea da lehentasun bakarra” berretsi du, “bizitza baitago jokoan”. Zentzu horretan, neurriak zorrotz betetzearekin batera, txertoa dela gaitzari aurre egiteko tresnarik baliotsuena eta eraginkorrena adierazi du, “iaz baino egoera hobean gaude txertaketa kanpainari esker, biztanleriaren %90a txertatuta dagoelako, horregatik, uste dut ezinbestekoa dela txertaketa biztanleriaren %100era zabaltzea, txertatu gabeko herritarrei txertatu daitezen dei egiten diet, norberaren eta guztion osasuna bermatzeko”.
Datozen egunetarako antolatutako ekintza guztiak indarrean dauden neurriak jarraituta antolatu dira, edonola ere, udalak hausnarketa eta lanketa prozesua egin du eragileekin -Gure Kaiola elkarte gastronomikoarekin, Babarrun elkartearekin eta Tolosako Babarrun kofradiarekin- adostasunez erabakiak hartzeko, Osasun Sailaren agindu eta aholkuei erantzunez. Gauzak horrela, zuhurtziagatik eta arduragatik, ondorengoa erabakiak hartu dira:
-
Bertan behera uztea, XXIX. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketa, Trianguloa plazan egitekoa zena eta Gure Kaiola elkarteak antolatutako XXXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa, Alondegian aurreikusitakoa.
-
Soilik mantentzea larunbateroko azoka eta kultur jarduerak, prebentzio neurriak jarraituta, protokolo estuekin.
-
Nogën taldearen kontzertua Leidorren, azaroaren 19an.
-
Musika Bandaren kalejira, Santa Zezilia egunean, abenduaren 22an, geldialdirik gabe.
-
Euskadiko Aizkolari txapelketa. Azaroaren 28an, Beotibar pilotalekuan. (Derrigor eserita eta musukoa une oro jantzita)
Larunbatean festarik ez, Tolosan
Tolosa eremu gorrian dago, 100.000 biztanleko 530eko inzidentzia-tasarekin. “Ez gaude ondo, eta neurriak hartu eta neurriak bete egin behar ditugu, atzera ez egiteko” azpimarratu du alkateak.
Zentzu horretan, alkateak gogorarazi du, musukoaren erabilera derrigorrezkoa dela bai barruan, eta baita kanpoan ere segurtasun tartea mantendu ezin denean.
“Babarrunaren eguna, festarako eguna izan ohi bada ere Tolosarrontzat, aurten ere ez da festarik izango, neurri guztiak bermatuta antolatutako ekintza sinbolikoak ere ez dira gauzatuko zuhurtziagatik, eta horrexegatik, herritarrei ere erantzunkidetasunez eta ardurarekin jokatzeko eskatzen diegu guztion osasun babesteko”.