-
Wikipedia entziklopedia kolaboratiboan Tolosari buruzko artikuluak osatzea eta gehitzea izango da proiektuaren egitekoa, Herripedia deitutako proiektu bat garatuz. Tolosatzen Eskola Irekia programaren barruan garatutako elkar-ezagutza lanketaren barruan gauzatuko da proiektua, lurraldea eta herria bera ezagutzea ezinbestekotzat hartzen baita parte-hartzea eta elkar-harremanak sustatzeko.
-
Herriko kulturarekin, ondasunarekin, ekonomiarekin, festekin, pertsonaiekin, hirigintzarekin, historiarekin, kirolarekin… lotutako informazioa bildu eta euskarazko zein gaztelaniazko Wikipedia orriak garatuko dira.
-
Tolosako Udalak herriko eragileekin elkarlanean garatu nahi du proiektua, maiatzaren erditik uztailaren amaiera bitartean. Gainerako Herripedia proiektuetan bezala, Tolosako informazioa osatu nahi dutenekin ikastaro bat egingo da, falta diren edukiak identifikatu ondoren horiek Wikipediara nola igo behar diren ikasteko. Sariak banatuko dira parte hartzaile guztien artean.
Tolosatzen Eskola Irekia programaren barruan eta Tolosako Udalak gobernantza eredu berrietan sakontzeko hartutako bidearekin bat eginik, Kultura sailak Tolosapedia proiektua garatu nahi du herritarrekin elkarlanean. Wikipedia entziklopedia kolaboratiboan Tolosari buruzko artikuluak osatzea eta gehitzea izango da egitekoa, Herripedia deitutako proiektu bat garatuz. Tolosari buruzko ezagutza handitzea eta zabaltzea da proiektuaren helburua. Tolosatzen Eskola Irekian garatutako elkar-ezagutza lanketaren barruan gauzatuko da proiektua, lurraldea eta herria bera ezagutzea ezinbestekotzat hartzen baita parte-hartzea eta elkar-harremanak sustatzeko.
Tolosako hainbat gaiei buruzko artikuluak sortuz eta osatuz landu nahi da proiektua. Wikipedia entziklopedia kolaboratiboa denez, eta Tolosatzen Eskola Irekian landutako helburuekin bat eginez, herriko eragileekin elkarlanean egin beharreko zeregina dela ulertzen du Tolosako Udalak. Hala, Tolosako kulturarekin, ondasunarekin, ekonomiarekin, festekin, pertsonaiekin, hirigintzarekin, historiarekin, kirolarekin… lotutako informazioa bildu eta euskarazko zein gaztelaniazko Wikipedia orriak garatzen lagunduko duten herritarrak bilatu nahi dira. Txikipedia, Wikipediak 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako duen entziklopedia, ere hornitu nai du udalak.
Elkarlan hori sustatzeko herriko eragileen zein gizarte gaietan aritzen diren herritarren laguntza eta kolaborazioa beharrezkotzat jotzen da: Euskara, kultura, hezkuntza, kirola eta gizarte gaiak lantzen dituzten elkarteak, emakume elkarteak, irakasleak, eta baita atzerritarrak edo hizkuntza eskolak ere, Tolosari buruz bilduko den informazioa beste hizkuntza batzuetara itzuli eta itzulpenak ere Wikipediara igotzeko.
Sei pausotan garatuko da egitasmoa
Tolosako Udaleko Kultura sailak zehaztutako egutegia jarraituz, maiatzaren erditik uztailaren amaiera arte garatuko da proiektua. Lehen egitekoa Wikipedian osatzeko dagoenaren eta falta denaren zerrenda bat egitea izango da, Wikiproiektu bat sortuz. Behin hori zehaztuta proiektuan parte hartu nahi duten herritarrei zuzendutako izen emate epe bat zabalduko da.
Beste herri batzuetan garatu diren Herripedia proiektuetan egin bezala, Tolosaren kasuan ere edukia editatzen eta Wikipediara igotzen ikasteko ikastaroak emango dira. Ikastaro horietako batzuk orokorrak izango dira, eta beste batzuk lan konkretuei buruzkoak. Eduki guztia igotzeko online editatoi egun bat antolatu da. Maiatzaren 14an izango da lehen ikastaroa eta ekainaren 19an editatoia.
Proiektuan parte hartu nahi dutenek udaleko Kultura sailarekin jarri behar dute harremanetan, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.
Sariak parte hartzaileentzat
Gainerako Herripedia proiektuetan egin izan ohi den bezala, Tolosan ere sariak egongo dira proiektuan parte hartzen dutenen artean banatzeko. Pertsona bakoitzak egiten duen ekarpenaren arabera hainbat puntu banatuko dira, eta parte hartzen duten guztien artean banatuko dira sariak: zinemarako bonuak eta herriko liburu dendetan erabiltzeko erosketa bonuak . Honakoak izango dira puntuak banatzeko irizpideak:
-
5 puntu orrialde berri bat sortzeagatik (birzuzenketak kenduta)
-
0,005 puntu gehitutako byte bakoitzagatik
-
0,02 puntu gehitutako hitz bakoitzagatik
-
100 bonus puntu 1.000 hitz gehitzen bazaizkio orrialde bati
-
2 puntu erreferentzia berri bat gehitzeagatik eta 0,5 puntu jada existitzen den erreferentzia bat berrerabiltzeagatik
-
5 puntu gehitutako irudi bakoitzagatik (15 norberak igotakoak badira), baina ez da emango 30 puntu baino gehiago orrialde bakoitzean