- Oinarrizko zerbitzuak zehaztu eta ahal den kasu guztietan etxetik lan egiteko sistema antolatu da.
- Udalaren lehentasuna behar egoeran dauden tolosarrei eta laguntza berezia behar duten pertsonei erantzutea izan da lehen egunetik eta jada laguntza sarea martxan da atzemandako eskakizunak artatzeko.
Alarma egoera ezarri zenetik, Udalak bere giza baliabide guztiak herritarren beharrei erantzutera bideratu ditu tolosarren zerbitzura baliabide guztiak jarriz. Indar guztiak, beraz, krisiari aurre egitera bideratuta daude une honetan.
Udalaren funtzionamendua egoera berrira egokituta:
Udal eraikinak itxita daude, baina modu telematikoan jar daitezke herritarrak udal sail ezberdinekin harremanetan. Bertan lanean jarraitzen dute Udaltzaingoak, Herritarren Arreta Zerbitzuko langileak eta baita Gizarte Zerbitzukoak ere herritarren oinarrizko beharrak eta lehentasunak erantzuteko.
Segurtasun neurri guztiak hartu dira eta beharrezkoa den kasuetan sailak eta eginkizunak berrantolatu dira herritarren arreta zerbitzua bermatzeko.
Egoeraren larritasunak eskatzen dituen neurriak etengabe berrikusten dira Prebentzio Mahaian eta horiek egokitzen dira udaleko sail guztien arteko koordinazioarekin.
Bilerak telematikoki egiten dira, bai langileen artekoak zein Prebentzio Mahaikoak, langile gehienak etxetik lanean baitaude, Udalak ahal den kasu guztietan etxetik lan egitea sustatu baitu telelanerako sistema antolatuz.
Oinarrizko zerbitzuak bermatuta sor daitezkeen egoera berriei aurre egiteko oinarriak lantzen ere hasia da Udala eta udal funtzionamenduak, ahal den neurrian, martxan jarraitu dezan hiru lan arloetako lan bilerak egiteari ekin zaio eta Osoko Bilkurak telematikoki egiteko aukera ere aztertzen ari dira.
Alkatearen esanetan, “lehentasuna herritarren beharrei erantzutea da, egoera honi aurre egitea eta horretara udaletik lanean jarraitu behar dugu, normaltasun egoerara itzultzean esku artean ditugun egitasmo eta proiektuak martxan jartzeko eta egoera honek utziko dizkigun ondorioei aurre egin eta erantzuteko”.
Horretarako sail guztien lanaren jarraipena egiteko sistema antolatu du udalak. Olatz Peon Ormazabal alkatea etengabeko harremanetan dago udal zerbitzu buru guztiekin, udalerriko hainbat eragilerekin, beste udalerrietako alkateekin, osasun agintariekin eta segurtasun sailarekin.
Komunikazioa ere areagotu egin du udalak, eskura dituen kanal guztiak erabiliz, herritarrak informatuta egon daitezen. “Garrantzitsua da herritarrei esku artean ditugun gai guztien inguruko informazioa helaraztea, gardentasun osoz, beren kezkak eta zalantzak argitu ditzagun” gaineratu du alkateak.
Lankidetza oinarri eta era koordinatuan:
Alkateak nabarmendu du, herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko eta bizi dugun egoerari modu integralean aurre egiteko elkarlanean eta era koordinatuan aritzea ezinbestekoa dela.
“Behar bereziak dituzten herritarrak artatzea izan da eta da lehen egunetik udal gobernu honen lehentasuna nagusia” azaldu du. Bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako adineko pertsonei dei egin zaie udaletik beren egoera ezagutzeko eta deiak egiten jarraitzen dute Gizarte Zerbitzuetatik beste sailetako langileekin laguntzarekin. “Gizarte Zerbitzuetako langileak egiten ari diren lana balioan jarri eta goraipatu nahiko nuke, baita ere pertsonei arreta egin eta beren laguntza eskaintzen ari diren langile eta herritar guztiei eskerrak eman” esan du alkateak.
Olatz Peonek azaldu duenez, “boluntario taldearen bitartez artatu beharreko herritarren zerrenda osatuta dago, nahiz eta egoera aldakorra izani, beharrak areagotu daitezkeen”. Boluntario taldea jada hasi da lanean hainbat eragileren laguntzarekin. Boluntarioen lana 3 taldetan banatu da eta Adinkide proiektuaren, Gurutze Gorriaren eta Peñaskal kooperatibaren babespean eskainiko dute beren laguntza.
Amaitzeko, alkateak azpimarratu du erantzun integrala eman behar diogula bizi dugun krisi sanitario, sozial eta ekonomiko honi erakundeen arteko elkarlanaren bitartez. Ildo horretatik, gehitu du: “Eusko Jaurlaritza eta baita Foru Aldundia ere hainbat diru-laguntza lerro sortzen ari dira eta horiek aztertzen ari da udala, laguntzak horiek nola osatu ikusteko; eta azokari dagokionean, ezohiko moduan ere, ez da gauzatuko, baina aukera berriak aztertzen ari gara erakunde ezberdinekin elkarlanean ekoizleek beren produktuak saltzeko eta tolosarrek horiek erosteko aukera izan dezaten”.